Menia luzatu badute ere, Siriako kurduek salatu dute Damaskok erasoan segitzen duela

SDFren arabera, Siriako Gobernuaren aldeko fakzioek erasoka jarraitzen duten Kobane inguruan. Damaskok jakinarazi du bi korridore humanitario ireki dituztela setiatutako eskualdeetara laguntza sartu ahal izateko.

Siriako armadako militarrak joan den astean, Al-Hasaka hiritik hurbil, zeina SDFren kontrolpean dagoen. AHMAD FALLAHA / EFE
Siriako armadako militarrak joan den astean, Al-Hasaka hiritik hurbil, zeina SDFren kontrolpean dagoen. AHMAD FALLAHA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 26a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenera arte baieztatu ez bazuten ere, larunbat gauean hamabost egunez luzatu zuten SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioaren eta Damaskoren arteko su etena. Gehiengo kurduko koalizioak, baina, tregoa ez errespetatzea leporatu dio beste behin Siriako Gobernuari. SDFk kaleratutako ohar baten arabera, Damaskoren aldeko fakzioek hainbat eraso egin zituzten atzo, batez ere Kobane hiriaren inguruan.

Atzoko erasoen ondorioz, SDFko hainbat miliziano zauritu zituzten, baita haur bat hil eta familia bereko beste hiru kide zauritu ere. Kurdistango ANF News berri agentziak gaur kaleratu duenez, Turkiako indarrek eta Siriako Gobernuak babestutako talde armatu islamistek erasoan jarraitzen dute Kobane inguruan.

Hain justu hiri hori setiatua dute Siriako Gobernuaren aldeko indarrek. Siriaren menpeko Kurdistanen iparraldean dago Kobane, eta Turkiarekin egiten du muga. Horren harira, SDFk azken egunetan salatu du setioak krisi humanitarioa eragin duela inguru horretan. Gainera, azken egunetako elurteek egoera are eta muturrekoagoa egin dute.

Gaur SANA Siriako berri agentzia nazionalak kaleratu duenez, laguntza humanitarioa daramaten 24 kamioi abiatu dira Kobanerantz, eta beste 32 abiatuko dira Qamixli hirirantz —ipar-ekialdean—. Siriako Atzerri Ministerioaren arabera, bi korridore humanitario ireki dituzte, bata Kobanerako eta bestea Al-Hasaka eskualderako. Tom Fletcher OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko koordinatzaileak sare sozialetan baieztatu du erregaia eta elikagaiak daramatzaten 24 kamioi Kobanera bidean direla.

SDFren eta Ahmed al-Xaraa muturreko islamistak gidatutako gobernuaren arteko tentsioa areagotu egin da azken asteotan, Siriako armadaren presioarengatik. Izan ere, Damaskok kurduen administrazio autonomoa desegin nahi du. SDFkoek, berriz, kurduen autonomia eta eskubideak bermatzeko eskatzen dute. Horren harira, aurreko igandean bi aldeak akordio batera iritsi ziren, SDFko indarrak Siriako Gobernuan integratzeko. Baina ez zuten ituna ixtea lortu, Damaskok Siria ipar-ekialdeko autonomiaren «aginte osoa» emateko exijitu baitzion SDFri. 

Hala ere, lau eguneko tregoa adostu zuten bi aldeek. Larunbatean amaitu zen epe hori, eta bi aldeek menia urratzea egotzi zioten elkarri. Horregatik, azken unera arte ez zuten baieztatu tregoa luzatuko zuten ala ez. Azkenean, bai Siriako Defentsa Ministerioak eta bai SDFk jakinarazi zuten beste hamabost egunerako luzatu zutela su etena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.