Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «bakerik nahi ez izatea» leporatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari, Moskuk Ukraina bonbardatu duen ia bakoitzean. Putinek, aldiz, gaur ziurtatu du baietz, Kievekin «betirako bakean» egon nahi duela; hori bai, behin Ukrainan bere helburuak betetzen dituenean.
Gaur, Abu Dhabiko negoziazio saioen biharamunean, Steve Witkoff eta Jared Kushner Etxe Zuriko ordezkariak Moskun izan dira. Putinekin batzartu dira, eta Errusiako presidenteak adierazi die Kremlinentzat «muga bat eta bakarra» dagoela Ukrainaren eta Errusiaren artean, eta Kievek hori onartzen duenean gatazka amaitzeko moduan egongo direla: «Orduan bai, muga ulergarria izango da, eta argi geratuko da: gu hemen eta zuek hor». Ez du atzera egiteko asmorik eta, okupatutako lurraldeak Moskuren esku geratu ezean, ez du gerra geldiarazteko asmorik: «Osterantzean, hau da, norenak diren argitu gabeko lurraldeak dauden bitartean, desadostasunak hor egongo dira».
Gainera, Errusiak ez du begi onez ikusten Mendebaldeak Ukrainara tropak bidaltzea. Europako zenbait herrialdek adostu dute tropak bidaliko dituztela Ukrainara behin aldeek su etena onartzen dutenean «bakea mantentzeko». Moskuk, ordea, uste du horrek gerra luzatzea baino ez duela eragingo. «Tropa horiek helburu zilegi bat izango dira, hau da, berriz ere pitzaraziko dute gerra», ohartarazi du gaur Putinek.
Bitartean, Ukrainaren eta AEBen arteko harremanak tenkatuta jarraitzen du. Gaur Zelenskik salatu du berriz ere moteldu egin dutela Ukrainako armadak erabiltzen duen satelite bidezko Internet zerbitzua, Startshield delakoa. Space X enpresaren Starlink satelite bidezko Internet zerbitzuaren erabilera militarrerako bertsioa da Starshield, Pentagonoarentzat propio garatua. Joan den hilabetearen ere zerbitzu hori mugatu zioten Kievi; Reuters berri agentziaren arabera, AEBetako Defentsa Departamentuak agindu bat jaso zuen Ukrainako militarrei Starshield zerbitzua moteltzeko.
Ukrainako presidenteak sare sozialetan adierazi duenez, oztopo horiek «sistematikoak» dira, «ez behin-behineko hutsegiteak». Azaldu duenez, sistema horrek ahalbidetzen du Kieven droneek Moskurenak atzeman eta eraistea. Internet mugatuta, baina, Ukrainako armadaren droneek ez dute funtzionatzen orduko 161 kilometro baino gehiagoko abiaduran, eta ezinezkoa zaie Errusiako armadaren droneak atzematea.
Europaren rola
Atzo amaitu zen Abu Dhabiko hiruko bilkura sorta. Ukraina eta Errusiaren artean negoziatzen aritu dira azken bi egunetan, AEBen bitartekaritzarekin; ez dute, ordea, aurrerapauso nabarmenik eman. Presoak trukatzea adostu zuten bi aldeek, baina gainontzean, akordiorik ez. Gainera, azken egunetan hizpide bilakatu da negoziazio horietan Europako herrialdeek izan beharko luketen rola. Bada, gaur, Putinek esan du inoiz ez diela ukatu negoziazioetan parte hartzea Europako herrialdeei. Astelehenean, aldiz, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak ziurtatu zuen Europako herrialdeak ez zirela Abu Dhabiko negoziazio mahaian eseriko.
Zuzenean izan ez bada ere, Europako herrialdeak aholkulari aritu dira azken bilkura sortan. Kushnerrek, gaur Putinekin izandako bilkuran, azpimarratu du europarrak «bakearen alde» daudela, eta mahai gainean jarri du aurrerantzeko negoziazioetan parte hartu ahal izatea.
Zelenskik gaur Europako Komunitate Politikoaren goi bileran hartu du parte, Dublinen. 50 herrialdetako baino gehiagotako liderrak bildu dira bertan, baita EB Europako Batasuneko eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko ordezkariak ere. Zelenskik aldarrikatu du Europako herrialdeek «erregularki» parte hartu beharko luketela Ukrainako gatazkaren inguruko elkarrizketetan. Izan ere, Ukrainako presidenteak azpimarratu du segurtasun bermeez hitz egiten dutenean Europaren segurtasuna ere jokoan dagoela.