Lehen aldiz independentista izango da Galesko lehen ministroa. Galesko Parlamentuak Plaid Cymru alderdiko Rhun ap Iorwerth hautatu du gobernuburu kargurako. Iragan osteguneko bozak mugarri izan ziren alderdi independentista horrentzat. Ordutik gehiengoa dute parlamentuan, eta behar beste babes lortu dute Iorwerth lehen ministro izendatzeko. Lehen aldiz Galesko Gobernua ez da egongo Alderdi Laboristaren esku.
Lehen ministro izendatu ostean emandako hitzaldian, Galesko herritarrek «aldaketarako nahia» erakutsi dutela adierazi du Iorwerthek, eta ziurtatu du prest dagoela aldaketa hori lortzeko. «Zerbait piztu da Galesen, esperantza berri bat. Ortzi muga zabaldu egin da, eta ez da berriz estutuko», esan du lehen ministro berriak.
Ikusi gehiago
Osteguneko hauteskundeen ostean, alderdi independentistak 43 parlamentari ditu 96 eserlekuko ganbera horretan —sei falta izan zitzaizkion gehiengo osoa lortzeko—. Reform UK ultraeskuinekoa da bigarren indarra —34 parlamentari—, Alderdi Laborista hirugarrena —9 parlamentari— eta Alderdi Kontserbadorea laugarrena —7 parlamentari—. Lehen aldia da 1999an Galesko Parlamentua sortu zutenetik laboristek gehiengoa ez dutena.
Gaur arratsaldeko ordu bietan —hirurak, Euskal Herrian— hasi da Galesko Parlamentu berriaren lehen saioa. Parlamentuko bozeramaile berria nor izango den ere hautatu dute lehenik: Huw Irranca-Davies laborista. Horren ostean, parlamentari bakoitzak aukera eduki du lehen ministro kargurako norbait proposatzeko, eta hor ateratako izenen artean erabaki dute hurrengo lehen ministroa nor izango den. Iorwerthez gainera, Darren Millar kontserbadorea eta Reform UKko buru Dan Thomas egon dira hautagaien artean. Eta bozketan Plaid Cymrukoa gailendu da.
94 parlamentarik hartu dute parte bozketan: 44k Iorwerthen alde bozkatu dute; Reform UKko 34 parlamentariek Thomasen alde egin dute, eta zazpi kontserbadoreek, Millarren alde. Bederatzi ordezkari laboristak abstenitu egin dira.
Londres inoiz bizi ez duen erronka baten aurrean dago. Izan ere, Iorwerth Galesko lehen ministro izendatu ostean, gobernuburu subiranistak daude Galesen, Eskozian eta Ipar Irlandan. Eskozian SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko John Swinney dago lehen ministro karguan, eta osteguneko bozen emaitzak ikusita ez luke arazorik eduki beharko karguari eusteko. Eta Ipar Irlandan Sinn Fein alderdi errepublikanoko Michelle O'Neill da lehen ministro 2024ko otsailetik.