Jakina zen. Hogei urteren ostean lehen aldiz, Boliviak eskuineko presidente bat izango du; baina erabakitzeke zegoen nor izango zen. Bada, argitu da: Rodrigo Paz Pereira PDC Alderdi Kristau-Demokratako hautagaia nagusitu da presidentetzarako bozen bigarren itzulian. Atzo egin zituzten hauteskundeak, eta gaur goizaldean Boliviako Hauteskunde Auzitegiak emandako behin-behineko emaitzen arabera, Pazek botoen %54,5 lortu ditu, eta Jorge Quiroga Tuto presidente ohiak (2001-2002), %45,5. Botoen %97 daude zenbatua.
Azken bi hamarkadetan MAS Sozialismorako Mugimendukoa izan da Boliviako presidentea:Â 2006tik 2019ra Evo Morales izan zen, eta, 2019tik aurrera, haren Ekonomia ministro izandakoa, Luis Arce. Bi horien arteko liskarrek eta herrialdea pairatzen ari den krisialdi ekonomikoak, besteak beste, ezkerraren gainbehera eragin dute. Eta bozen lehen itzulian, abuztuan, argi geratu zen hori. MASek botoen %3,16 baino ez zituen lortu, eta eskuineko bi hautagaik egin zuten aurrera.
Azaroaren 8an amaituko da Arceren agintaldia, eta bost urterako hartuko du presidente kargua Pazek. «Gaur ez du Rodrigo Pazek irabazi, Boliviak irabazi du. Demokrazian guztiok gara garaileak», adierazi du bart, emaitzen berri izan ostean La Paz hiriburuan emandako hitzaldian. Eta Bolivia «mundura ireki» beharraz mintzatu da: «Azken bi hamarkadetan ekonomian eta geopolitikan galdutako pisua berreskuratu beharra daukagu».Â
Quirogaren jarraitzaile batzuek «iruzurra!» oihukatzen zuten bitartean, presidente ohiak Paz zoriondu zuen. Herrialdeko hiriburuan egindako agerraldi batean, Quirogak adierazi zuen herrialdea ez dagoela zailtasun gehiagoren aurrean jartzeko moduan. Bere boto emaileei «sentitzen duzuen mina ulertzen dut» esan, eta hauteskunde auzitegiaren lana «errespetatzeko» deia egin zien. Arce presidenteak ere Paz zoriondu zuen, sare sozialetan, eta gaineratu trantsizioan laguntzeko prest dagoela.
Barne lehia
Pazen presidenteordegai Edman Larak beste hiri batean ospatu zuen garaipena, eta azpimarratu «anaitasunerako eta bakeak egiteko garaia» dela. Lara polizia ohiaren eta Pazen artean «isilpeko lehia bat» dagoela jakinarazi zuen Fernando Molina kazetariak BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Aurreratu zuenez, herritar gehienak, Pazi baino gehiago, botoa Larari ematekoak ziren. Paz «gizarteko eta politikako eliterik goreneko kidea» dela jakinarazi zuen eta «zentro-eskuinekoen gisara» gobernatu nahi duela. Lara, ostera, «populistagoa» eta «antineoliberala» dela gehitu zuen.
Pazek 58 urte ditu, eta Jaime Paz Zamora Boliviako presidente ohiaren (1989-1993) semea da. Aldaketaren aurpegi gisa aurkeztu du bere burua, eta muturretatik urrun kokatu izan da. Kapitalismoa guztiontzat, ez bakarrik gutxi batzuentzat izan da hauteskunde kanpainan erabili duen lelo nagusia.