El Salvadorko eredua Haitira eraman nahian

Najib Bukele El Salvadorko presidenteak 2.000 soldadu baino gehiago bidali ditu Haitira, eta hango banden aurkako operazio bat abian du. Segurtasunaren izenean, Bukelek giza eskubideak urratu ditu El Salvadorren, eta bide bera hartu du Haitin.

Bukeleren aldeko manifestari bat, aurreko astean, Port-au-Princen. JONET ST. ALOIS / EFE
Bukeleren aldeko manifestari bat, aurreko astean, Port-au-Princen. JONET ST. ALOIS / EFE
Aitor Garmendia
2026ko azaroaren 24a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gora Bukele! eta Eskerrik asko, Bukele! dioten afixak Port-au-Princen. Milaka herritar atera dira azken egunetan Haitiko hiriburuko kaleetara Najib Bukele El Salvadorko presidenteak Karibeko herrialde horretan abiarazitako operazio militarrari babes emateko asmoz. Eskuin muturreko presidenteak banden aurkako borroka hartu du ardatz haren agintaldian —2019tik da presidente—, eta orain 2.000 soldadu baino gehiago bidali ditu Haiti huts egindako estatura, helburu berarekin.

Nolatan iritsi dira El Salvadorko tropak Haitira?

Urriaren erdialdean El Salvadorko lau militar desagertu ziren Haitin, banda bateko kideek egindako segada batean. NBE Nazio Batuen Erakundeak han duen misio baten parte ziren soldadu horiek. Egun batzuk geroago, Bukelek erreskate operazio bat abian hasiko zuela iragarri zuen, eta tropak bidaltzen hasi zen Haitira. Urriaren amaierarako, El Salvadorko 2.000 militar baino gehiago zeuden, eta ordutik dozenaka eraso egin dituzte Haitiko banden aurka.

Hori bai, NBEk argitu du El Salvadorrek abiarazitako operazioak ez duela beren misioarekin loturarik, ezta NBEren Segurtasun Kontseiluaren onespenik ere.

Ez al zen erreskate operazio bat?

Erreskate operazio moduan iragarri bazuen ere, Bukelek gerra deklaratu die Haitiko bandei. Eta herrialde horretako gobernuaren indarrak ere El Salvadorkoekin batera aritu dira elkarlanean. Azken asteetan egindako operazioetan hainbat bandetako buruak hil dituztela esan dute, baita zenbait instalazio suntsitu dituztela ere.

Besteak beste, azaroaren 18an Bukelek independentzia eguneko «opari» bat egin zien haitiarrei; hala idatzi zuen sare sozialetan, Haitiko kreoleraz. Mezuarekin batera bideo bat zabaldu zuen; hartan, El Salvadorko armadaren helikopteroak Viv Ansanm koalizioko banda bateko buruzagiaren bizitokia suntsitzen ageri dira. Erasoaldi gehienak hiriburuaren inguruan egin badituzte ere, herrialdeko beste gune batzuetara ere hedatu dute operazioa.

El Salvadorko bi soldadu, Port-Au-Princen, azaroaren 12an.
El Salvadorko bi soldadu, Port-Au-Princen, azaroaren 12an. JONET ST. ALOIS / EFE

Aurkitu al dituzte desagertutako militarrak?

Ez dituzte aurkitu. Azaroaren 2an Haitiko Poliziak, El Salvadorko armadaren eta NBEren misioaren laguntzarekin, desagertutako militarrak zeramatzan ibilgailua berreskuratu zuen, kiskalita. Baina soldauden arrastorik ez. Gainera, ostiralean hiru soldadu salvadortar hil ziren, «lehergailuekin izandako ezbehar batean». Operazioa abiarazi zutenetik, El Salvadorko armadak hildako militarren berri eman duen lehen aldia izan da.

Zergatik ari dira haitiarrak Bukeleren jarrera txalotzen?

Haitin bandek indar handia dute, are eta gehiago 2024an Viv Ansanm banden arteko aliantza osatu zutenetik. Estimatzen da hiriburuaren %80 eta %90 artean dagoela haien kontrolpean eta, NBEren arabera, 2022tik 16.000 pertsona hil dituzte. Gainera, milioi eta erdi herritar inguru behartu dituzte beren etxeak uztera. Egoera horri aurre egiten lagunduko duelakoan txalotu dute haitiarrek Bukeleren erabakia. Halere, El Salvadorko presidentearen alde egiteagatik ondorioak pairatu dituzte hainbatek. Herrialdeldeko hedabideen arabera, iragan astean bandek gutxienez hamar pertsona hil zituzten sakelakoetan Bukeleren aldeko informazioa edukitzeagatik.

Zein ondorio ditu Bukeleren operazioak?

Haitiarrek El Salvadorko presidentearen erabakia goraipatu badute ere, giza eskubideen aldeko erakundeek kezka adierazi dute. Operazioa iragarri ostean, AI Amnesty Internationalek ohartarazi zuen gisa horretako erasoaldiek kolokan jarri ditzaketela giza eskubideak. «Banden biolentziari emandako erantzunak ezin ditu gehiegikeriak eta inpunitatea ekarri», adierazi zuen Ana Piquer AIren Amerikako arduradunak.

Izan ere, Bukelek El Salvadorren erabilitako ereduak ere kritika asko sortu ditu. Agintari ultraeskuindarrak atxilotze masiboak egin ditu, eta gaur egun salvadortarren ia %2 preso daude. 120.000 pertsona baino gehago daude herrialde horretako kartzeletan; horietako 93.000 baino gehiago 2022tik aurrera atzeman dituzte, bandekin harremana dutelakoan. 80.000 baino gehiago behin-behinean daude preso, sententziarik gabe. Gainera, Bukelek berak aitortu izan du atxilotu guztiak ez direla bandetako kideak, zenbait haiei laguntza emateagatik daudela preso, eta kasu batzuk berrikusi behar direla ere esana du. Halere, datorren urteko bozetara aurkeztekoa da, eta Haitiko operazioa erabiltzen ari da kanpaina egiteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA