Urdan (Toledo) 69 hildako eragin zituen tren istripua gertatu eta sei egunera Oscar Puente Garraio ministroak atzo dimisioa eman ondoren, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adierazpen instituzional bat egin du gaur Moncloan, eta hori baliatu du azaroaren 29an egitekoak diren Gorteetarako bozei begira kanpaina egiteko. «Zerbitzari publiko guztiak ez gara berdinak», nabarmendu du, erreferentzia eginez Puentek atzo gauean plazaratutako erabakiari. Modu horretan, PPren jokabidea jarri du jomugan. Jakinarazi du, bide batez, Carlos Cuerpo lehen presidenteorde eta Lan ministroak ordezkatuko duela Puente, behin-behinean.
Izan ere, kontuan hartu behar da Carlos Mazon PPkoak, Valentziako Generalitateko presidente izandakoak, urtebete pasatu zuela dimisioa emateko —2025eko abenduan—, denborale batek erkidego horretan 231 hildako eragin ondoren. Axolagabekeriaz jokatzea egozten diote Mazoni. Urdako tren istripuaren harira, lehen hipotesiek erakusten dute arazo teknikoen eta giza hutsegiteen konbinaketa batek eragin zuela.
Hala, PP, Vox, Fronte Zabala eta EAJ, besteak beste, Puenteren dimisioa eskatzen ari ziren. Eta atzo, hori heldu ondoren, PPren buruzagi Alberto Nuñez Feijook Sanchezena ere eskatu zuen. Baina Espainiako gobernuburuak ez du halakorik egin. Are, iruditzen zaio Puenteren dimisioari esker espainiarrek «duintasun politikoan» konfiantza berreskuratuko dutela.
Laburra izan da adierazpena, pare bat minutukoa, eta horretan Puente goratu du. «Ministro izateari uko egin dio enpatiagatik, koherentziagatik, eta duintasun politikoagatik». Sanchezek esan du Puentek «atsedenik gabe» lan egin duela —2023ko azarotik zen ministro—, «herritarren mugikortasuna hobetzeko», eta gardentasunez jokatu duela. «Aurpegia eman du, irtenbideak planteatu ditu, azalpenak eman, eta ondoren pauso bat eman du alde batera», azpimarratu du Sanchezek, Puentek Urdako tren istripua kudeatzeko eduki duen modua txalotuz.
Nolanahi ere, Puente Garraio ministro izanik, aurten Madril-Andaluzia abiadura handiko tren zerbitzuan izandako bigarren istripu larria izan da Urdakoa. Urtarrrilaren 18an Argamuzen (Kordoba) bi trenek elkar jo eta 46 pertsona hil ziren.