Sarkozy aske utzi dute, kautela neurriak ezarrita

Besteak beste, Darmanin Justizia ministroarekin harremana edukitzea debekatu diote Frantziako presidente ohiari. 21 egun pasatu ditu espetxean. Auzi saioan esan du «manipulazio baten biktima» izan dela.

Nicolas Sarkozy daraman ibilgailua La Sante kartzelatik ateratzen, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON  / EFE
Nicolas Sarkozy daraman ibilgailua La Sante kartzelatik ateratzen, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Igor Susaeta.
2025eko azaroaren 10a
12:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kartzelatu zuten egun berean, urriaren 21ean, aske utz zezatela eskatu zuen formalki Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak (2007-2012). Eta, hain zuzen, Parisko Helegite Auzitegiak Sarkozy (70 urte) aske uztea ebatzi du gaur, aldeekin eskaera horri buruzko saio bat egin ondoren. Auzitegiak ebatzi du ez dagoela frogak ezkutatzeko arriskurik, eta, beraz, atxiloaldia ez zegoela «justifikatuta». Gaur 15:00ak inguruan atera da Parisko La Sante kartzelatik.

Hori bai, auzitegiak kautelazko neurriak ezarri dizkio, fiskaltzaren gomendioz; besteak beste, debekatuko diote harremanetan jartzea bere kartzelatzea eragin duen kasuko akusatuekin, Justizia Ministerioarekin, baita Gerald Darmanin Justizia ministroarekin berarekin ere. Kontuan hartu behar da Darmaninek Sarkozy bisitatu duela, eta horrek hautsak harrotu dituela Frantzian. Presidente ohia, gainera, ezingo da Frantziatik atera.

Elkartze bidegabea egotzi zioten Sarkozyri, Muammar Gaddafi 42 urtez Libiako buruzagi izan zenak laguntza eman ziolakoan 2007ko presidentetzarako bozetarako kanpaina finantzatzeko. Hortaz, bost urteko espetxe zigorra ezarri zion irailaren 25ean Frantziako hiriburuko auzitegi batek. Sarkozyk helegitea jarri zion epai hari, eta horri buruzko epaiketa 2026ko martxoan hastekoa da. Beraz, kalean dela aurre egin ahal izango dio horri. Ebazpenaren berri eduki eta segituan, presidentearen abokatuetako batek, Christophe Ingrainek, auzitegiaren egoitzan esan duenez, aske uztea «lehen pausoa» besterik ez da. Adierazi du orain epaiketa prestatzea dagokiela.

Espetxean egon da Sarkozy azkeneko 21 egunetan, eta, bi abokatu ondoan dituela, handik bideokonferentziaz mintzatu da auzi saioan. «Amesgaiztoa» izaten ari da kartzelaldia, Sarkozyk adierazi duenez: «Gogorra, oso gogorra». Hori kaleratu dute Frantziako hedabideek, iturri judizialak aipatuta. Eta errugabea dela adierazi du berriro; are, «manipulazio baten biktima» izan zelakoan dago. Haren beste abokatu batek, Jean-Michel Darroisek, saioan esan duenez, kartzelan bakartuta egotea «oso gogorra» izan da bere bezeroarentzat. Dena den, aintzat hartu behar da VIP deitzen dioten eremuan egon dela; alegia, beretzako komun bat, idazmahai bat, dutxa bat, telebista bat eta telefono finko bat izan dituela bederatzi metro koadroko ziega batean.

Ustelkeriagatik ere bai

Auzi oso mediatikoa bihurtu da Sarkozyrena Frantzian, baita polemikoa ere. Izan ere,  Darmaninek , esaterako, bisita egin dio —LR Errepublikanoak alderdiak primarioak egin zituenean 2017ko presidentetzarako bozen atarian, Sarkozyren kanpainaburua izan zen Darmanin—, eta herrialdeko fiskalburu Remy Heitzek kargu hartu zion horregatik, irudituta horrek «magistratuen independentzia urratu» dezakeela. Darmaninek, jakinarazi zuenean Sarkozy ikustera joateko asmoa zuela, zera esan zuen justifikatzeko: «ziurtatu» nahi zuela zerbitzu publikoek ondo funtzionatzen dutela.

Kartzelatu duten EB Europako Batasuneko herrialde bateko lehen presidente ohia izan da Sarkozy. Aintzat hartu behar da, gainera, ustelkeriagatik beste bi kasutan zigortu izan dutela; gainera, beste hainbat auzibidetan nahasita egon da.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.