Akordioa egin zuten asteburuan Siriako Gobernuak eta SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak, eta, horri jarraikiz, Siriako Gobernua Eufrates ibaitik ekialdera dauden zenbait eremu hartzen hasi zen atzo, indar nagusitzat kurduen miliziak dauzkan koalizioa erretiratu ahala. Hala ere, airean dago kurduen etorkizuna: Mazlum Abdi SDFkoen komandantea Damaskora joan da gaur, Ahmed al-Xaraa Siriako presidentearekin ituna berrestera, baina akordioa itxi gabe alde egin du, Al-Xaraak kurduen autonomia eta eskubideak bermatzeari uko egin diola iritzita. Siriako armada Kurdistango lurren sarreran kokatuta dago, eta erasoaldi handi bat egingo ote duen beldur dira SDFkoak.Â
Foza Alyusuf SDFren negoziatzaile taldeko kideak Kurdistango Rudaw hedabideari adierazi dio Abdiren eta Al-Xaraaren arteko bilera ez dela «positiboa» izan. Alyusufen arabera, Al-Xaraak Abdiri exijitu dio Siria ipar-ekialdeko autonomiaren «aginte osoa» emateko, eta presidenteak nahi duela Rojavaren —Siriaren menpeko Kurdistanen— estatusa «2011 aurreko egoerara» itzultzea; alegia, Baxar al-Assaden agintepean zuenera: inolako aitortzarik gabekoa. Â
Akordioaren berri atzo eman zuen Al-Xaraak. Menia ez ezik, barne hartzen du, besteak beste, estatuaren menpe geratzea ia azken hamarkada osoan SDFkoen kontrolpean egondako Siria ipar-ekialdeko hiru probintziak —Raqqa, Deir ez-Zor eta Al-Hasaka—, eta koalizioko milizianoak armadan integratzea, «banaka». Abdi ere mintzatu zen igandean, eta adierazi zuen «gerra zibilik» izan ez dadin onartu zutela gobernuarekin ituna egitea.Â
Hala, akordioari jarraiki, SDF zenbait eremutatik erretiratu da atzo eta gaur artean, eta gobernuak horien kontrola hartu du; besteak beste, Deir ez-Zor probintziaren ekialdean, Irakeko mugarantz zabaltzen den eremuan. Horrez gain, berebiziko garrantzia duten posizioak hartzen hasi da armada: petrolio, gas eta ur azpiegiturak. Deir ez-Zorren, esate baterako, Al-Omarko petrolio ustiategia hartu du, eta Yussef Qablawi estatuko petrolio konpainiako presidentea bera joan da bertatik bertara ikustera. Ziurtatu du gas eta petrolio azpiegitura «denak» armadaren kontrolpean izango direla aurki. Alepo probintzian, berriz, Eufrates ibaiko Tixrin urtegia hartu du armadak. Ura eta argindarra lortzeko azpiegitura estrategikoa da, eta gerran harengatik lehian aritu ziren Al-Assaden agintepean zen Siriako armada, EI Estatu Islamikoa eta SDF. Milizia horien esku egon da azken 11 urteotan.
Dena den, Abdi Damaskora joan aurretik borrokak ez dira eten, eta, bileraren ondotik, tentsioak gora egin du. Besteak beste, SDFko iturriek jakinarazi dute armadak Kobanerako sarrera eta irteera guztiak itxi dituela, eta Rojavaren ekialderako sarreran ere kokatu dira militarrak: Al-Hasakah hiriaren kanpoalderaino ailegatu dela jakinarazi du armadak gaur arratsaldean.Â
Bertze tentsio gune handi bat SDFk kudeatzen dituen espetxeak dira. EI Estatu Islamikoko milaka preso daude horietan, eta, Al-Hasakan bertan, SDFkoek ohar baten bidez jakinarazi dute Damaskoren aldeko fakzioek eraso egin diotela horrelako kartzela bati. Borrokan aritu dira, eta koalizioak jakinarazi du kartzela horren kontrola galdu duela. Azpimarratu du, gainera, EIren aurkako nazioarteko koalizioak base bat duela handik bi kilometrora, baina ez duela esku hartu, hala egiteko eskatu dion arren. «Baliteke ekintza horiek ondorio larriak eragitea segurtasunean. Mehatxu bat dira egonkortasunerako, bidea ireki baitezakete berriz terrorismoa eta kaosa izan daitezen».Â
Raqqa hirian ere, EIko kidez betetako beste espetxe baten inguruan, Siriako armadaren aldeko fakzioek eraso egin diete SDFkoei. SANA Siriako berri agentzia nazionalak kaleratu duenez, Siriako armadako hiru kide hil dituzte.Â
Hortaz, SDF eremu batzuetatik erretiratzen hasi den arren, ez dago argi adostutakoa bete ahal izango duten. Iazko martxoan antzeko akordio bat sinatu zuten bi aldeek, baina hura ez betetzea egotzi izan diote elkarri. AEBak bitartekari aritu dira, eta Tom Barrack ordezkari bereziak sare sozialetan adierazi duenez, «mugarri bat» da igandean izenpetutakoa, «erabakigarria». SANA Siriako berri agentzia nazionalak argitara eman du testua, eta hamalau puntu ditu. Akordioa egin zuten, baina ez zituzten zehaztu ez edukiak zer epetan beteko dituzten, ezta jasotakoa nola bete behar duten ere.
«Hau erresistentzia da»
Abdi komandantea bideo batean mintzatu zen atzo gauean, eta azaldu «inposatu» zaien gerra batean borrokatu behar izan dutela. Adierazi zuenez, Raqqatik eta Deir ez-Zorretik erretiratu dira, «barne gatazka handirik izan ez dadin». Hori bai, nabarmendu zuen «lortutakoa» babesteko asmoa dutela. «Hau erresistentzia da». Eta, hain zuzen, Alyusuf SDFren negoziatzaileak adierazitakoaren arabera, Rojavaren estatusari buruzko berme faltak dira kurduen miliziak amore ez ematera eraman dituena. Jazira barrutian, esate baterako, mobilizazio orokorrera deitu dute gaur.Â
Urte hasieraren bueltan hasi zen Siriako armada SDFkoak are gehiago estutzen. Horretarako, gehiengo kurduko auzoei eraso egiteari ekin zion Alepo hirian. Horren ondorioz, milaka lagun desplazatu dira, eta beste dozenaka hil, SDF taldeak dioenez. Azken egunetan erasoaldia areagotu dute Siriako armadak eta haren aldeko fakzio armatuek, SDFkoak Eufrates ibaiaren ekialdera bultzatzeko ahaleginean. Larunbatean areago gaiztotu zen egoera. Menia bat hitzartu zuten bezperan. Haren arabera, milizianoek 48 ordu edukiko zituzten Dair Hafer eta Maskanah hirietatik alde egiteko, Eufrates ibaiaz bestaldera, eta ibaiak berak ezarriko zuen fronteko lerroa. Baina milizianoek salatu zuten armadak, hitza bete ez, eta erasoei ekin ziela. Horrek borrokak laztu zituen, eta armadak eremu gehiago hartzen jarraitu zuen.
Hurrengo egunean heldu zen akordioaren iragarpena, eta, neurri batean, azken orduko hainbat elkarrizketaren ondorio izan zen. Larunbatean, Barrack, Irakeko Kurdistango presidente Masud Barzani eta Abdi bera batzartu ziren, Iraken; atzo goizean, berriz, Barrack eta Al-Xaraa Damaskon elkartu ziren, eta Abdi telefonoz batu zitzaien, zenbait hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu zutenez.Â
akordioaren puntu nagusiak
Erabateko eta berehalako su etena ezarriko dute, fronte guztietan.
Raqqako eta Deir ez-Zorreko administrazioa eta azpiegitura militarra Siriako Gobernuaren esku geratuko dira.
Al-Hasakako instituzio zibil guztiak Siriako administrazioan integratuko dira.
Gobernuaren esku geratuko dira mugetako kontrolak, eta hark bereganatuko du petrolio eta gas hobien kontrola.
SDF taldeko kideak Siriako Defentsa Ministerioan integratuko dira, banaka.
Ordu batzuk geroago, agerraldi batean, Al-Xaraak adierazi zuen akordioa «garaipen bat» dela siriarrentzat, «haien jatorria edozein dela ere». Horren guztiaren harira, kontuan hartu behar da kurduei zenbait eskubide aitortzea erabaki berri duela Damaskok. Presidenteak dekretu bat kaleratu zuen ostiralean, eta hauek dira puntu nagusietako batzuk: kurduera «hizkuntza nazional» gisa aitortzea; 1960ko urteetatik herritartasunik ez duten kurduei paperak ematea; eta kurduen egun nazionala, Newroz delakoa, jai nazionala izatea Sirian.
EIren mehatxua
Duela hamar urte pasa sortu zuten SDF koalizioa, 2015ean, eta, kurduak ez ezik, arabiarrak eta beste gutxiengo batzuk ere biltzen ditu. Siriako gerraren harira EI Estatu Islamikoari aurre egitea izan zuen zeregin nagusi lehen urteetan, eta, horretarako, AEBen laguntza militarra eduki zuen 2019ra arte.Â

Hain zuzen, EIren milaka kide atxilotu eta kartzelatu dituzte; batez ere, Al-Hasakan. Akordioan jasotzen denez, eskualde horretako instituzio zibilak estatuaren egituretan integratuko dira; eta bederatzigarren puntuan esaten da, gutxi-asko, EIko kideak hartzen dituzten kartzelen eta eremuen kontrola gobernuaren esku geratuko dela.
EIren kontrako jardunean, Siria ipar-ekialdeko eremu handiak kontrolpean izatea ere lortu dute SDFkoek; hain justu, petrolio eta gas hobiak daude han, eta, akordioaren arabera, aurrerantzean Siriaren esku geratuko dira.
Siriako armadaren azken urteko erasoei ez ezik, Turkiako armadari ere aurre egin behar izan dio SDF koalizioak azken urteetan, Ankarak egozten baitio PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren parte izatea. Taldeak akusazio horiek ukatu izan ditu.