HONG KONG

«Segurtasun nazionalaren» kontrako ekintzak are gehiago zigortu asmo ditu Hong Kongek

Gobernua hasi da besteak beste traizioagatik kondenatuei bizi guztiko zigorrak jartzeko aukera ematen duen lege proiektua tramitatzen.

(ID_13679980) CHINA HONG KONG GOVERNMENT SECURITY LAW
Hong Kongeko Kontseilu Legegileko kideak, gaur, ganberako presidente Andrew Leung Kwan-yuenen inguruan. LEUNG MAN HEI / EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 8a
13:00
Entzun

Txinak 2020an Hong Kongerako onartutako Segurtasun Legeak hutsune batzuk dituela iruditzen zaionez, hango gobernuak «segurtasun nazionalaren» aurkako delituak are gehiago zigortu asmo dituen lege proiektu bat aurkeztu du gaur Kontseilu Legegilean. Zirriborroan jaso dute, besteak beste, traizioagatik kondenatutakoei bizi guztiko zigorrak jartzeko aukera edukitzea, eta estatuko sekretuak urratzeagatik zigortuei hamar eta hogei urte arteko espetxe zigorra ezarri ahal izatea. Kontseilu Legegilearen kontrola dute pekinzaleek, eta John Lee Hong Kongeko gobernuburuak eskatu du legea «azkar batean» onartzeko. Giza eskubideen aldeko taldeek kezka agertu dute, pentsatzen baitute askatasunak are gehiago murriztuko dituztela legea indarrean sartzen bada.

Oinarrizko Legean jasotakoa aintzat hartuta bultzatu dute legedia gogortzea. Testu horrek arautzen ditu Txinaren eta Hong Kongen arteko harremanak —Erresuma Batuaren kolonia bat izan zen 1997ra arte, eta, orduz geroztik, estatus berezia du Txinan—, eta de facto-ko konstituzio bat da. 23. artikuluak eskatzen du, hain zuzen, Hong Kongek bere lege propioak aldarrikatu beharko lituzkeela gobernu zentralaren aurkako edozein traizio, sezesio edo matxinada ekintzak zein estatu sekretuen lapurretak debekatzeko; eragotzi beharko lukeela, aldi berean, atzerriko erakunde politikoek hirian ekintzak egitea eta tokiko erakundeek atzerriko beren homologoekin loturak edukitzea. Halere, 2020ko legeak ere jasotzen du «sezesioa, altxamendua eta terrorismoa» bezalako delituengatik bizi guztiko zigorrak ezartzeko aukera.

Leek ohar batean nabarmendu duenez, «beharrezkoa» da legea onartzea, modu horretan administrazioak indar egin ahalko baitu «luzera begira ekonomia garatzeko, eta egonkortasuna mantentzeko». Hong Kongeko Gobernua 2003an ere ahalegindu zen 23. artikulua aldarrikatzen, baina milioi erdi inguru herritar kalera atera ziren protesta egitera, eta atzera egin zuen. Orduko Kontseilu Legegileak ez zuen oraingoaren joera txinazalea.

%98

Alde daudenen portzentajea. Proiektuari buruzko lau asteko kontsulta epe bat zabaldu zuten urtarril amaieran, eta, gobernuaren esanetan, 13.147 proposamen jaso dituzte, horien %98 legearen aldekoak.

Hong Kongeko hedabideek gobernuaren inguruko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, proiektua apiril hasierarako onartzea aurreikusten dute. Gaur tramitazioa hasi dute Kontseilu Legegilean, eta lege proiektuei buruzko batzorde bat hasi da, gainera, klausulaz klausula testua aztertzen.

Gobernua duela hilabete inguru hasi zen bere asmoen berri ematen. Lau asteko kontsulta epe bat ireki zuen herritarren artean. Tarte horretan, AEBek, Europako Batasunak eta Erresuma Batuak, besteak beste, kritikatu egin dute asmo hori. Washingtonen esanetan, «disidentzia isilaraztea» du xede; horren harira, Hong Kongeko agintariek erantzun diote AEBak «adituak» direla «legez kanpo zelatatzen».

2019koa gogoan

Ikusteko dago herritarrek kontra eginez erreakzionatuko ote duten Hong Kongeko Gobernuaren jarreraren inguruan, baina 2019an, estradizio lege bat onartu nahi izan zuenean, mobilizazio masiboak egin zituzten hainbat hilabetez, eta, azkenean, gobernuak ez zuen legea onartu.

Hori bai, estatu indarren errepresioa handia izan zen, eta, giza eskubideen aldeko aktibistek plazaratu dituzten datuen arabera, hamabost pertsona hil ziren, 10.000 inguru zauritu, beste horrenbeste atxilotu, eta 2.000tik gora zigortu dituzte. Hong Kong Human Rights Monitor erakundeak iazko uda aurretik jakinarazi zuenez, 100.000 lagunek baino gehiagok alde egin dute Hong Kongetik, Pekinen errepresiotik ihesi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.