Serbiako Parlamenturako hauteskundeak urrian egingo dituzte, 2027. urtearen amaierarako aurreikusita zeuden arren. Albistearen berri Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak eman zuen atzo gauean, RTS telebista kate publikoan egindako elkarrizketa batean. Adierazi zuenez, bozak urriaren 18an edo 25ean egingo dituzte, eta laster argituko du zehazki noiz izango diren.
Herrialdeak duen egoera politikoaren eta sozialaren ondorioz hartu dute erabaki hori. Oposizioak eta gizarte zibilak, bereziki ikasle mugimenduek, mobilizazioak bultzatu dituzte azken hilabeteetan, gobernuari ustelkeria egotzi, eta eskatu dute kudeaketa politikoaren bidea aldatzeko. Ezegonkortasuna areagotu egin zen aurreko urtearen amaieran; manifestazioak egin dituzte, eta gobernuaren aurkako eskaera zehatzak plazaratu herrialde osoko hiriburu eta eskualdeetan.Â
Mobilizazio horien erakugarri izan ziren herritarrek Novi Sad hirian iazko azaroan egindako protestak. Milaka herritar bildu ziren han urtebete lehenago istripu batean hildakoak gogoratzeko. Geltoki bateko sabaia erori, eta hamasei lagun hil ziren. Protestetan, ikasleek eta herritarrek hainbat martxa egin zituzten, eta gobernuari eskatu zioten lanen inguruko dokumentuak erakusteko eta erantzukizun politikoa hartzeko.
Vucicek lehenago ere adierazi izan du prest zegoela hauteskundeak aurreratzeko. Agerraldi batzuetan, kargua uzteko aukera ere aipatu zuen, lehen ministro izateko hautagai gisa aurkeztu ahal izateko. Konstituzioaren arabera, Vucic ezin da berriro aurkeztu presidentetzara, bigarren eta azken agintaldian baitago gaur egun. Hori dela eta, lehen ministroaren kargura itzultzeko bidea aztertzen ari da, lehenago ere bete baitzuen kargu hori 2014tik 2017ra.
Gaur egungo legebiltzarra 2024 hasieran osatu zuten, aurreko bozen ondoren. Nolanahi ere, azken hilabeteotako presioek eta gizarte mobilizazioek azkartu egin dute hauteskunde prozesua abian jartzea.Â