Sindikatuen manifestazioak baino ez dituzte baimenduko larunbatean Frantzian

Emmanuel Macron presidenteak protestak mugatzeko neurriak iragarri ditu, Frantzian «ordena berrezartzeko». Nizan, Lyonen eta Marseillan manifestazio guztiak debekatu dituzte.

Frantziako ministroek eta informazio zerbitzuetako buruek gaur Eliseoan egindako bilera; erdian, Macron. TERESA SUAREZ / EFE
Frantziako ministroek eta informazio zerbitzuetako buruek gaur Eliseoan egindako bilera; erdian, Macron. TERESA SUAREZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urriaren 22a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Protestak eragotzi nahi ditu Frantziako Gobernuak, ez du aurreko asteburukoa berriro gertatzerik nahi. «Gomendioa da datozen egunetan manifestaziorik ez egitea». Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzak dira, gaur, besteak beste, informazio zerbitzuetako buruekin, Sebastian Lecornu lehen ministroarekin eta Laurent Nuñez Barne ministroarekin batzartuta egon ostean esandakoak. Jakinarazi du larunbatean sindikatuek antolatutako manifestazioak baino ez dituztela baimenduko.

Lizeotarrek hezkuntzaren alde hasitako protestei segika, iragan larunbatean Jaka Horiak batu zitzaizkien, bizitzaren garestitzea salatzeko. Manifestazio batzuetan istiluak izan ziren. Besteak beste, Parisen 451 komertziok kalteak pairatu zituzten. Datorren larunbaterako egina dute bigarren deialdia, eta aurreko astean jazotakoak eragotzi nahi dituzte agintariek. Parisko Udalak, esaterako, neurriak hartzeko gomendatu die bizilagunei eta merkatariei.

Gobernuak, berriz, protestak mugatu nahi ditu. «Legitimitaterik gabeko manifestazioak antolatzen dituzten lekuetan, prefetak debekatu egingo ditu. Ez da horretarako garaia, lasaitasuna itzultzea nahi dugu», adierazi du Macronek. Gainera, baimendutako mobilizazioetan «ordezko ibilbideak» proposatuko dituztela ere jakinarazi du, «hirietako erdiguneak babesteko, batez ere komertzioak eta eraikin publikoak». Parisen deitutako manifestazioaren ibilbidea, esaterako, aldatu dute. Bastilla plazatik Operara arte joatekoa zen, baina debekatu egin dute, eta, azkenean, Nazioaren plazan amaituko da.

Frantziako estatu osoan aurreko larunbatean baino %20 polizia gehiago hedatuko dituzte etzi, baita armadako unitate bat ere. Gainera, biharko Segurtasun Batzordearen bilkura batera deitu du Macronek, larunbaterako neurri gehiago adosteko.

Frantziako presidentearen gomendioak hitzez hitz aplikatu dituzte jada hainbat prefeturak. Besteak beste, Lyonen, Nizan eta Marseillan manifestazio guztiak debekatu dituzte larunbaterako. Gainera, Orleansen ere protestak debekatu dituzte astebururako. Izan ere, RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak kongresu bat antolatu du han iganderako, eta ezkerreko zenbait erakundek haren aurkako protesta egitera deitua zuten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA