Ia mende erdia igaro ondoren, AEB Ameriketako Estatu Batuek «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendatik kendu dute Siria. Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak horren berri eman zuen atzo gauean, ohar bidez: «Trump presidenteak urrats historikoa egin du siriarrek handiak izateko aukera izan dezaten». Sare sozialen bidez, Ahmed al-Xaraa Siriako presidenteak eskerrak eman zizkion Donald Trump AEBetako presidenteari, herrialdearen «iragan mingarria» atzean uzten laguntzeagatik, haren hitzetan, baita Siria «berreraikitzen» laguntzeagatik ere, nazioartearen inbertsioak lortzeko oztopo izan baita izendapen hori ia mende erdiz.
Trumpek uztailean eman zuen erabakiaren berri, NATOk Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Ankaran goi bilera egin eta biharamunean; Al-Xaraarekin bildu zen han, hain zuzen. Orduko hartan, Marco Rubio estatu idazkariak argudiatu zuen Al-Xaraak zuzendutako matxino islamistek herrialdea «egonkortu» eta «batu» egin zutela, Al-Assad dinastia 2024ko abenduan boteretik erauzita. Trumpen iragarpena egin eta 45 eguneko epean AEBetako Kongresuko ezein kidek erabakiaren kontra ez duenez egin, zerrenda horretatik kanpo geratu da Siria.
Washingtonek 1979an gehitu zuen zerrendan, garai hartako presidente Hafez al-Assadi, matxinoek erauzitako Baxar al-Assaden aitari, eskualdeko talde armatuak babestea leporatuta. Gaur-gaurkoz, hiru herrialde baino ez daude AEBen arabera «terrorismoa» babesten dutenen zerrendan: Ipar Korea, Iran eta Kuba.
Horren guztiaren harira, SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioaren buruak, Mazloum Abdi jeneralak, pozez hartu du erabakia. «Nazioarteko harremanak normaltzea ekarri beharko luke horrek, eta atea ireki beharko lioke egonkortasun garai bati». Hitz horiek jaso dituzte Kurdistango hedabideek —kurduen miliziak dira koalizio horren indar nagusia—.