Nahiz eta AEBen mehatxu bidezko presioa geroz eta handiagoa den, Iranek ez du zalantza izpirik erakusten, eutsi egiten dio. Washingtonek belaunikarazi egin nahi du, ekonomikoki itoz. Horretarako, Teheranekin finantza harremanak dituzten herrialde «zentzugabeei» eskatu die eten ditzatela lotura horiek. Hori egin ezean, haiek ere zigortuko ditu Washingtonek, Scott Bessent Altxorraren idazkariak atzo agerraldi batean adierazi zuenez. Baina Iranek erantzun du «prest» dagoela etor daitekeen horretarako ere.
Bessent atzo arratsaldean mintzatu zen, eta, ordu batzuk geroago, Ali Madani Zadeh Irango Ekonomia ministroari elkarrizketa egin zioten hango telebista kate batean. Nabarmendu zuenez, AEBek presio ekonomikoa areagotuko balute «porrot» egingo lukete berriro ere. Bessentek ez zuen zehaztapen handirik eman, eperik ere ez zuen iragarri, eta ohartarazpen tonua eman nahi izan zion plazaratutako mezuari. Hori bai, adierazi zuen identifikatuta dauzkatela Iranek diru sarrerak lortzeko baliatzen dituen bideak: aktibo digitalak, teknologia, urrea, abiazioa, eta itsaso bidezko garraioa.
Altxorraren idazkariak ez zuen herrialderik aipatu atzoko prentsaurrekoan. Baina munduko potentzia ekonomikorik handienetan bigarrena da Iranen bazkide komertzial nagusia, Txina alegia, eta gaur hango gobernuak berretsi egin du azken egunetan esandakoa: inork ez lukeela Txinaren eta Iranen arteko lankidetza «zulatu» behar, lankidetza hori nazioarteko zuzenbidearen markoa aintzat hartuta eramaten baitute aurrera. Halaxe azpimarratu du gaur Lin Jian Atzerri Ministerioko bozeramaileak, egunero egin ohi duen agerraldian. Horren guztiaren harira, Irango Ekonomia ministroak argi utzi nahi izan zuen haiek ere badituztela «baliabideak», eta badakitela nola «jokatu» AEBek planteatutako «jokoan». Iran esaten ari da AEBen azken mehatxuek urratu egiten dutela NBE Nazio Batuen Erakundeko kide diren estatuen subiranotasuna.
Txinaz gain, Irak eta Arabiar Emirerri Batuak dira, nagusiki, Iranen esportazioen helmuga. Asteazkenean, jada nahiko argi zegoenean AEBen asmoak zeintzuk ziren, Arabiar Emirerri Batuek jakinarazi zuten erabaki zutela Iranekin harreman ekonomikoak eta komertzialak etetea, argudiatuta Iranek bi misil jaurti zituela beren aurka. Bestalde, Arabiar Emirerri Batuak, India, Alemania, Txina eta Turkia dira Iranen inportazio gehienen jatorria, CNN telebista kateak Munduko Bankuaren 2024ko datuak aipatuz kaleratu duenez.
Bilera «positiboa»
Bessent agerraldia egiten ari zenean, Irango eta Pakistango ordezkariak Teheranen zeuden batzartuta. Pakistan bitartekari ari da bi aldeen artean, eta Iranen bizilagun horrek gaur nabarmendu du bilera «positiboa» izan zela, eta «aurrerapauso esanguratsuak» eman zituztela. «Eztabaidatu zen zer bide segitu Islamabadeko akordioa berrezartzeko», adierazi du Pakistango Barne ministro Mohsin Naqvik sare sozialetan. Izan ere, Irango eta AEBetako ordezkariak Islamabaden batzartu ziren apirilaren 11n, Pakistango hiriburuan alegia, hiru egun lehenago su eten bat adostu ondoren. EFE berri agentziak Islamabadeko iturri ofizialak aipatuz argitaratu duenez, Donald Trump AEBetako presidenteak Pakistanen ordezkaritzarekin hitz egin zuen Teheranera bidaiatu aurretik. Eta Pakistango Barne Ministerioak jakinarazi du gaur ohar batean Naqvi bildu dela AEBek Islamabaden duten enbaxadorearekin.
20Zenbat marinel hil dituzten Ormuzen erasoaldiaren hasieratik. AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik, otsailaren 28tik alegia, hogei pertsona hil dituzte Ormuzko itsasartean gertatutako intzidentzietan, portuetako langileak eta marinelak aintzat hartuta. Datu hori plazaratu du gaur NIE Nazioarteko Itsas Erakundeak. Zaurituak 35 dira.
Horiek horrela izanda ere, AEBek berretsi dute ez dutela baztertzen eraso gehiago egitea. Aukera horri buruz galdetu zioten atzo gauean Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariari, eta hark erantzun «beharrezkoak» baldin badira egingo dituztela. Eta Irango Guardia Iraultzaileak gaur nabarmendu du argi geratu dela AEBak oker zebiltzala, eta Iranek ez duela misil kopuru mugatua. «Misilak fabrikatzen segitzen dugu», esan du, Irango hedabideek jaso dutenez. «Etsaia higatzea lorpen bat da».
Ormuzen, «minarik ez»
Washingtonen eta Teheranen arteko gatazkan jokaleku garrantzitsuenetako bat izaten ari da Ormuz itsasartea. Azken asteetan Donald Trump AEBetako presidentea itsasarte hori AEBena izango dela hauspotzen aritu da sare sozialetan. Eta gaur iragarri du AEBetako armadak itsasarte horretan, nazioarteko uretan, zeuden mina guztiak kendu dituela.
Truth Social bere sare sozialean eman du berria, eta, gaineratu duenez, Teheran jakinaren gainean dago: «Teherani jakinarazi zaio suntsitu egingo dugula berriz ere minak jartzen saiatzen den edozein itsasontzi». Gatazka hasi ostean Iranek itxi egin zuen itsas pasabide hori. Eta Teherani erantzunez, AEBetako armadak blokeatuta dauzka Irango portuak.