Siriak kontra egin dio Israeli, eta ukatu egin du Israelgo armadak bonbardatutako aireportu militar batean Turkiako tropa bat ezartzeko asmoa zuela. Siriako Atzerri ministro Asaad al-Xaibanik egin ditu adierazpen horiek, gaur goizean emandako prentsaurreko batean, eta esan du Tel Avivek ez zuela «inongo funtsezko arrazoirik» Siriako base horri eraso egiteko.
Israelgo armadak astearte gauean jo zuen Siria ipar-mendebaldeko Abu al-Duhur aireportua, eta, hegazkin militarrekin egindako bonbardaketen ondorioz, azpiegiturak suntsituta geratu dira. Tel Avivek erasoen ostean kaleratutako komunikatu batean argudiatu zuen bonbardaketaren zergatia: Siriak baimendu egin zuela Turkiako tropak aireko base horretara joatea eta, beraz, «arriskuan» jarri zuela Israelen eta Siriaren arteko statu quo-a.
«Israelek behin eta berriro ohartarazi zion Siriari Turkiako tropen lekualdatze horrek arriskuan jarriko zuela herrialdearen segurtasuna», eta «Siriak ez ikusiarena egitea erabaki zuen», adierazi zuen Israelek.
Turkiak, hala ere, argudio hori baztertu egin zuen atzo, eta salatu zuen Siriaren subiranotasunari eta lurralde osotasunari «ilegalki» eraso egin ziola Israelek. Gainera, Ankarak ohartarazi zuenez, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu «politika espantsionistak eta ezegonkortzaileak» sustatzen ari da urrian Israelen egingo dituzten parlamenturako hauteskundeei begira.
Damaskok Ankararen bide beretik jo du gaur, eta errefusatu egin du Israelgo Gobernuaren argudioa. Aireko basea konponketa lanetan zegoela azaldu du Al-Xaibani Atzerri ministroak, baita aireportua ia hutsik zegoela ere; beraz, adierazi du bertan ezin zitekeela inongo ariketa militarrik egin.
Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek, hala ere, ez die erreparatu Ankararen eta Damaskoren adierazpenei, eta gaur goizean Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogani mintzatu zaio sare sozialetan. Ohartarazi du Erdogan Turkia behartzen ari dela «abentura arriskutsuak» egin ditzan Sirian. Azaldu du ez duela onartuko Israelen «segurtasuna» arriskuan jartzea: «Hobe litzateke Erdoganek Israelen aurkako diskurtso hutsak eta ameslariak bere parlamentuan soilik emango balitu. Ez du jakin nahi zenbaterainoko gaitasuna duen Israelen defentsak».
Siriak, hala, eskualdeko herrialdeen arteko tentsioak larritzea leporatu dio Israeli, eta nazioarteari eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari dei egin die eraso hori argi gaitzetsi dezaten. Israelek Siriaren subiranotasuna «behin eta berriz» urratu izanaren aurkako «jarrera irmoa» erakutsi dezatela ere eskatu die.
AEB Ameriketako Estatu Batuak ere erasoen inguruan mintzatu dira. Washingtonek Turkian duen enbaxadoreak, Tom Barrackek, Turkiaren, Siriaren eta Israelen artean «gatazkak saihesteko mekanismo bat» sortzea proposatu du. Barrackek, gainera, esan du Israelek Sirian egindako erasoak haien arteko tentsioak areagotu dituela, «beharrezkoa ez den momentu batean».