Rojavako kurduek akordioa egin dute Damaskorekin

Gehiengo kurdua duen SDF koalizioko milizianoak Siriako armadan sartzea adostu dute, baita kurduen administrazio autonomoa Siriako instituzioetan integratzea ere. Kurduen eskubideak bermatuko direla esan dute.

Ahmed al-Xaraa Siriako presidentea asteazkenean, Vladimir Putinekin egindako bileran, Moskun. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Ahmed al-Xaraa Siriako presidentea asteazkenean, Vladimir Putinekin egindako bileran, Moskun. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 30a
12:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Akordioa kolokan zegoen, baina berretsi egin dute SDF Siriako Indar Demokratikoak taldeko kideek eta Siriako Gobernuak: hala, gehiengo kurdua duten milizia horiek estatuaren egituretan integratuko dituzte. Komunikatu baten bidez jakinarazi dute hori SDFkoek: «Menia akordio bat sinatu dugu, bi aldeetako indar militarrak eta administratiboak modu mailakatuan integratzea aurreikusten duen akordio integral baten barruan». Hori bera baieztatu du Siriako telebistak, iturri ofizialak aipatuta.

Akordioaren hainbat xehetasun ere aurkeztu dituzte. Lehenik, adierazi dute Siriako Estatuko indar militarrak erretiratu egingo direla gatazka eremuetatik; bigarrenik, Siriako Barne Ministerioaren «menpeko» segurtasun indar batzuk Hasaka eta Qamixli hirietara sartuko direla esan dute —gehiengo kurdua dute ipar-ekialdeko hiri horiek—, eta eskualdeko segurtasun indarrak integratzeko prozesu bat hasiko dutela; eta hirugarrenik, azaldu dute Siriako armadan aparteko dibisio militar bat eratuko dutela SDFko indarrentzat: lau brigada izango ditu dibisio horrek, eta horietako bat Kobanen arituko da.

Horrez gain, adostu dute kurduen administrazio autonomoak kudeatzen dituen instituzioak Siriako Gobernuaren instituzioetan integratzea. Akordioan gaineratu dutenez, kurduen eskubideak bermatuko dira, baita hezkuntza eskubideak ere, eta desplazatuak beren eremuetara itzuli ahal izango dira; Nazio Batuen Erakundearen arabera, 100.000 pertsona inguru izan dira desplazatuak borrokengatik, gehiengoak kurduak. Zera ondorioztatu dute testuan: «Akordioaren helburua da Siriako lurraldea bateratzea eta kurduen eskualdea erabat integratzea, eta, hala, bi aldeen arteko lankidetza indartzea eta herrialdea berreraikitzeko ahaleginak bateratzea».

Duela bi aste hitzartu zuten antzeko akordio bat Siriako Gobernuak eta SDFko indarrek, eta, horri jarraituz, Eufrates ibaitik ekialdeko eremuak hartuz joan zen Damasko, gehiengo kurdua duen koalizioko milizianoak atzera egin ahala. Hitzarmena berresteko helburuz, Damaskon bildu ziren joan den astean Mazlum Abdi SDFkoen komandantea eta Ahmed al-Xaraa Siriako presidentea. Baina ez zuten hura berretsi. SDFkoek argudiatu zuten Damaskok Siria ipar-ekialdeko autonomiaren aginte osoa eskatzen zuela, eta ez zirela kurduen eskubideak bermatzen.

Akordioa itxi ez zuten arren, lau eguneko menia adostu zuten bi aldeek, estrategia bat adosteko. Baina ez zuten lortu, eta beste hamabost egunez luzatu zuten tregoa. Tarte horretan, bi aldeek elkarri leporatu izan diote su etena urratzea. Siriako armadak presio egiten jarraitu du Rojavan —Siriaren menpeko Kurdistanen—, eta Damaskoren «eraso basatiak» salatu izan ditu Siriaren menpeko Kurdistango administrazio autonomoak.

AEBen eragina

Ontzat jo du akordioa Thomas Barrack AEBen Siriarako ordezkari bereziak, eta «mugarri historikoa» izan dela esan du: «Gaur iragarritako akordioa mugarri sakona eta historikoa da Sirian adiskidetzea, batasuna eta egonkortasuna lortzeko bidean», idatzi du X sare sozialean. Gehitu du horrek bidea errazten duela herrialdeko «instituzioak berreraikitzeko, konfiantza berrezartzeko eta inbertsioa erakartzeko», eta azpimarratu inbertsio horiek beharrezkoak izango direla Siria berreraikitzeko. 

AEBen presioa handia izan da. SDFkoek AEBen babesa izan dute azken urteetan, eta kurduak finantzatu izan dituzte Sirian EI Estatu Islamikoaren kontra egiteko. Baina orain, Siria beste fase batean sartu dela diote AEBek, eta Barrackek berak iragarri zuen SDFkoen egitekoa «neurri handi batean iraungita» gelditu dela: «Orain, Siriak gobernu zentral aitortu bat du Estatu Islamikoa garaitzeko koalizio globalarekin bat egiten duena, eta, hala, erakutsi du Mendebalderantz egin duela eta prest dagoela AEBekin terrorismoaren aurka lankidetzan aritzeko», adierazi zuen. Kontuan hartu behar da Ahmed al-Xaraa egungo presidentea Siriako gerra zibilean Al-Nusra Frontea eta HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko talde islamista sunitetako buruzagia izan zela.

Urtebete baino gehiagotik aritu dira Damasko eta Rojava integrazio akordio bat negoziatzen. Izan ere, 2024ko abenduan erorarazi zuten matxinoek Baxar al-Assaden gobernua, eta orduan izendatu zuten Ahmed Al-Xaraa Siriako presidente. Orduan, urtebeteko epea jarri zuten bi aldeek Siriako kurduak Damaskon integratzeko, baina ez zuten lortu. Orain, Damaskok kurduei egindako presioaren ondoren, akordioa egin dute berriro, oraingoan AEBen babesa dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.