Siriako kurduek su etena urratzea egotzi diote Damaskori

Gehiengo kurduko eremuaren aurkako «eraso basatiak» izan direla salatu du administrazio autonomoak. Barzanik adierazi du «gerra geldiarazten saiatzen» ari dela.

Siriako armadako soldadu bat Al-Hasaka eskualdean, atzo. MOHAMMED AL-RIFAI / EFE
Siriako armadako soldadu bat Al-Hasaka eskualdean, atzo. MOHAMMED AL-RIFAI / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 22a
15:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kurduek su etena urratzea leporatu diote Siriako Gobernuari. Siriaren menpeko Kurdistango administrazio autonomoak ohar bat kaleratu du gaur goizean, eta horrela dio: «Siriako armadak eta Damaskoko trantsizio gobernuarekin lotura duten fakzio armatuek su etena urratzen jarraitzen dute, nahita eta sistematikoki. Areagotu egin dira herritarren eta gure eremuen aurkako eraso basatiak, bereziki Kobane hirian eta Jazira eskualdean». Kontuan hartu behar da lau eguneko menia adostu zutela astearte iluntzean bi aldeek.

Elham Ahmad Siriaren menpeko Kurdistango administrazio autonomoaren Atzerri Harremanetarako presidenteordeak, X sare sozialean, berretsi egin ditu Damaskoren erasoak, eta gehitu du Rojavan —Siriaren menpeko Kurdistanen— «ura, argindarra eta Internet zerbitzuak» etenda daudela, eta horiek ere gerra krimenak direla. «Agintariei eskatzen diegu esku har dezatela, herritarrak jasaten ari diren setioa amaitzeko», idatzi du.

Irakeko Kurdistango presidente Masud Barzani gaur bildu da Italian Guido Crosetto Atzerri ministroarekin. Adierazi du bileran «Rojavako egoera eta horri lotutako gertaera guztiak» izan dituztela ardatz eta Italia jabetzen dela gertatzen ari denaz. «Denok ari gara gerra gelditzeko saiakera egiten, Kurdistango herriak sufritu ez dezan eta erasorik jasan ez dezan», gehitu du.

Horrekin lotuta, Rudaw hedabideak atzoko bideo bat zabaldu du gaur, non Siriako Gobernuaren aldeko fakzio bateko kide bat irribarrez ageri den, YPJ Emakumeen Babes Unitateak milizia kurduko emakume baten ile xerloa eskuan duela. «Hilda zegoen dagoeneko, ilea soilik geratzen zitzaion», esaten du. Emakumea Raqqa eskualdeko borroka batean hil zen, bideoan dioenez. Hori salatzeko, munduko zenbait txokotako emakume kurduek ere beren ile xerloak moztu dituzte, sare sozialetan zabaldu dutenez.

Tentsioa gora

SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioaren eta Siriako Gobernuaren arteko tentsioa areagotu egin da azken asteotan, Siriako armadaren presioarengatik. Izan ere, Damaskok kurduen administrazio autonomoa desegin nahi du, eta 2011 baino lehenagoko egoerara itzuli. Rojavaren estatusa 2011 baino lehenagoko egoerara itzultzea nahi du, hau da, Siriako gerra hasi aurreko egoerara. SDFkoek, berriz, kurduen autonomia eta eskubideak bermatzeko eskatzen dute.

Akordio batera iritsi ziren igandean bi aldeak, SDFko indarrak Siriako Gobernuan integratzeko helburuarekin. Horri jarraituz, Eufrates ibaitik ekialdera dauden zenbait eremu hartzen hasi zen Damasko, kurduen miliziak eremu horietatik erretiratu ahala. Baina astelehenean, bi aldeek ez zuten itun hori bera ixtea lortu. Foza Alyusuf SDFren negoziatzaile taldeko kideak Kurdistango Rudaw hedabideari adierazi zion Ahmed al-Xaraa Siriako presidenteak Mazlum Abdi SDFkoen komandanteari exijitu ziola Siria ipar-ekialdeko autonomiaren «aginte osoa» emateko.

Igandeko akordioak su etena jasotzen zuen, baina ez zuten akordioa itxi. Hala ere, lau eguneko tregoa adostu zuten bi aldeek. Epe hori eman zion Damaskok SDFkoei Al-Hasakako egitura administratiboa eta militarra estatuan integratzeko plan bat aurkez dezaten. Baina su etena urratzea leporatu izan diote elkarri.

SDFkoek AEBen babesa izan dute azken hamar urteetan, eta kurduak finantzatu zituzten Sirian EI Estatu Islamikoaren kontra egiteko. Baina Tom Barrack AEBen Siriako ordezkariak asteartean zera adierazi zuen: «Siriak orain badu gobernu zentral aitortu bat EI garaitzeko koalizio globalarekin bat egiten duena, eta, hala, erakutsi du Mendebalderantz egin duela eta prest dagoela AEBekin terrorismoaren aurka lankidetzan aritzeko». Hortaz, Damasko lehenetsi dute orain AEBek, adieraziz SDFren egitekoa «neurri handi batean iraungita» gelditu dela.

Hortaz, SDFkoen interesak ez dira jada AEBenak, eta Siriako Gobernuak kurduen esku egon diren eskualdeak bereganatzen jarraitzen du. Atzo bertan jakinarazi zuen Siriako Gobernuak Al-Hasaka eskualdeko Al-Hol esparruaren kontrola hartu zuela. Estatu Islamikoaren aldeko 24.000 lagun inguru daude esparru horretan. Arduragabe jokatzea leporatu zien Damaskok SDFkoei, esparrutik alde egin izana eta hura zaintzeari utzi izana egotzita. SDFkoek, berriz, adierazi zuten Siria ipar-ekialdeko eremu horretatik ihes egin behar izan zutela, Siriako indarrak eraso egiten ari zitzaizkielako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.