Suediako Fiskaltza 60 urte baino gehiagoko gizon bat ikertzen ari da emaztea hiru urte eta erdiz prostituitzea leporatuta. SVT Suediako telebista kate publikoak eman du berria, eta, jakinarazi dutenez, gizona atxilotuta dago urritik —emazteak orduan jarri zuen salaketa—. Fiskaltzaren arabera, senarrak 120 gizon baino gehiagorekin prostituitu zuen emaztea —batzuetan, birtualki—, eta horren bidez etekin ekonomikoa lortzen zuen.
Atxilotutako gizona herrialdearen iparraldean bizi da, Angermanland herrian, eta aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik. Duela bi urte emazteari sexu abusuak egitea leporatuta ikerketapean egon zen, baina kasua artxibatu zuten. Hertsapena eta tratu txarrak egotzita zigortuta egon da; Suediako hedabideen arabera, bost hilabete igaro zituen kartzelan.
Fiskaltzak «proxenetismo larria» egitea leporatzen dio; Suedian bi eta hamar urte arteko zigorra jaso dezake delitu horrengatik. Martxoaren 13an aurkeztuko dute akusazio formala, eta epaiketa aste batzuk geroago hasiko da. Gizonak akusazioa guztiak ukatu ditu.
Gainera, oraingoz, beste bi gizon akusatu dituzte, emakumearekin sexu harremanak izateko ordaintzeagatik. Fiskaltzak ez du baztertu susmagarri gehiagoren aurkako akusazioak jartzea. Urtebete arteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete. Internet bidezko prostituzioa ere zigortzen du Suediako legediak.
Suedian gizon bat ikertzen ari dira emaztea ehun gizon baino gehiagorekin prostituitzea egotzita
Fiskaltzaren arabera, gizonak hiru urte eta erdiz esplotatu zuen emakumea. Emazteak urrian jarri zuen salaketa, eta akusatua atxilo dago ordutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu