Iritzita Suitzako biztanleriak ezin duela hamar milioi lagunen langa igaro, SVP Suitzako Alderdi Popularra eskuindarrak proposamen bat aurkeztua du muga hori arau moduan ezartzeko; hain zuzen, herritarrak gaur bertan dira horri buruz bozkatzekoak, erreferendum batean. Baiezkoak irabazten badu, immigrazioaren kontrako neurriak ezarriko dituzte, eta litekeena da herrialdeak EB Europako Batasunarekin duen harremanari ere eragitea. Inkesten arabera, badirudi suitzarrek atzera botako dutela.
Herrialdeak bederatzi milioi biztanle pasatxo ditu, eta SVPk planteatu du 2050era arte behintzat hamar milioira ez heltzea. 9,5 milioiko muga gaindituko balute, gobernuak eta Asanblea Federalak murrizketak ezarri beharko lituzkete immigrazio politiketan, eta horrek asilo eskatzaileei eta herritartasuna ez dutenen senideei eragingo lieke gehienbat, proposamenaren arabera. Eta hamar milioira helduz gero, Suitzak «biztanleria handitzea dakarten nazioarteko itunei» erreparatu beharko lieke, hala nola EBrekin duen zirkulazio askeko akordioari —hamar milioiren muga bi urtean gaindituko balu, bertan behera utzi beharko luke akordio hori, baita harekin batera 1999an beste esparru batzuetarako adostutako itun sorta ere—.
%61,72020an suitzarren ehuneko zenbatek bozkatu zuten zirkulazio askerako akordioa etetearen kontra. 2020ko irailean egindako erreferendum batean, suitzarren %61,7k baztertu zuten Suitzak Europako Batasunarekin duen zirkulazio askeko akordioa eteteko ekinaldia. SVP alderdi eskuindarrak aurkeztu zuen proposamen hori. Baliteke gaur bozkatzekoak diren proposamenak herrialdearen eta talde komunitarioaren arteko akordio hori kolokan jartzea.
Suitzako Ikerketa Sozial Aplikatuetarako Institutuak SRG irrati eta telebista publikoarentzat apirilean egindako inkesta baten arabera, parez pare zeuden proposamenaren aldeko eta kontrako jarrerak; maiatzaren amaieran egindako beste galdeketa batean, ordea, ezezkoak aurrea hartu zion baiezkoari: erantzun zutenen %52k esan zuten kontra bozkatuko zutela, eta %45ek alde. Erreferendumak bi baldintza bete beharko ditu aurrera egiteko: batetik, baiezkoak biltzea boto gehien; eta, bestetik, herrialdeko 26 kantoien gehiengoak ere ekinaldiaren alde egitea.
«Kontrolik gabeko immigrazioa»
SVP da Suitzako indar nagusia, 2023ko hauteskunde federalak irabazi baitzituen, eta Asanblea Federaleko behe ganberako eserlekuen ia herenak ditu, 200etik 62. Ekinaldiaren proposamenean, alderdiak argudiatu du «kontrolik gabeko immigrazioak» kalteak eragiten dituela etxebizitza arloan, garraioan, osasungintzan, hezkuntzan... biztanleria «azkarregi» hazten ari delakoan —2002an zirkulazio askeko akordioa ezarri zutenean baino 1,7 milioi lagun gehiago bizi dira gaur egun Suitzan, batik bat migrazioaren eraginez; lautik batek (%27) ez dauka Suitzako nazionalitatea—.
Eta SVP saiatu da, nazioarteko akordioak bertan behera uzteak mesfidantza sor dezakeela ikusita, proposamenaren balizko ondorioei garrantzia kentzen. Guy Parmelin Suitzako presidentearen arabera, ekinaldiak ez dio «zuzenean» eragingo herrialdearen eta EBren arteko harremanari, ez dakar-eta zirkulazio askeko akordioa «berehalakoan» etetea: «Ez gara heldu egoera horretara». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin ekonomia eta energia integraziorako hainbat akordio sinatu eta gero esan zuen hori, martxoan. Erantsi zuen ez zaiola gustatzen «urrunegi» begiratzea etorkizunaz aritzeko orduan, baina ekinaldiak aurrera egitekotan Asanblea Federalak «dagozkion urratsei» erreparatuko diela «beharrezko neurriak» ezartzeko. SVPko alderdiburu Marcel Dettlingek ere esana du «neurri efektiboak» ezarriz gero balitekeela hamar milioi biztanleren langa «inoiz» ez gainditzea, eta, hortaz, nazioarteko itunei eustea.
Asanblea Federaleko bi ganberek eta alderdi gehientsuenek proposamenaren kontra egin dute. Baita Economiesuisse herrialdeko patronal handienak eta Langileen Suitzako Elkarteak ere; gobernuak otsailean iragarri zuen erreferendumera deituko zuela, eta orduko hartan kaleratu zuten ohar batean «kaosaren iniziatibatzat» jo zuten: «Herrialdea migrazioak dakarren eskulanaren beharrean egongo da etorkizunean ere».