Baliteke sua txinpartek eragin izana. Gutxienez berrogei lagun hil ziren atzo Suitzako Crans-Montana eski estazioko Le Constellation tabernan, Urteberri eguneko festan piztutako sutean. Beatrice Pilloud Valais kantonamenduko prokuradoreak ez du hipotesia guztiz baieztatu nahi izan, baina adierazi du itxura guztien arabera txinpartak botatzen dituzten kandela horietako batzuek piztu zutela sutea. Hain zuzen, kandela bana jarri zuten zenbait xanpain botilatan, eta, antza, kandelak sabaira «gehiegi hurbildu» zituztelako piztu zen sua.
Hori bera iradokitzen dute sare sozialetan eta hedabideetan zabaldutako irudiek. Zenbait pertsonak kandeladun xanpain botilak zituzten eskuan, eta gainera, zerbitzari bat beste baten gainean igota agertzen da, sabaitik gertu, horrelako botila bat eskuan zuela. Frantziako BFM hedabidearekin atzo hitz egin zuten bi lekukoren arabera, sua «segundo gutxian» hedatu zen, eta «oso zaila izan zen ihes egitea». Esan zuten tabernako sotoan «berrehun lagun inguru» zeudela, eta handik irteteko eskailerak «estuak» zirela.
Berrogei hildakoetatik bat Emanuele Galeppini da, 17 urteko golf jokalari italiarra, Italiako Golf Federazioak bere web orrialdean baieztatu duenez. Haren izena desagertuen artean zuen Italiako Atzerri Ministerioak, eta zerrendatik kendu du albistea jakin eta berehala.
Atzo bezala, gaur ere, agintariek prentsaurreko bat egin dute Sion hirian, azken ordukoen berri emateko. Baieztatu dute hildakoen kopurua bere horretan mantentzen dela momentuz. «Oraingoz berrogei biktima ditugu, eta horiek identifikatzea da lehentasun nagusia orain», esan du Frederic Gisler Valaisko Poliziako komandanteak.

Baina zauritutakoak are gehiago dira. Gisler berak atzo jakinarazi zuen gutxienez 115 lagun zauritu zirela, eta gaur, lau gehiago direla adierazi du: 119. Zaurituen nazionalitateak ere eman ditu: 71 Suitzakoak ziren, hamalau Frantziakoak, 11 Italiakoak, lau Serbiakoak, eta baziren Bosniako bat, Belgikako bat, Luxenburgoko bat, Poloniako bat eta Portugalgo bat ere. Gehitu du Poliziak ezin izan dituela baieztatu hamalau zaurituren nazionalitateak. Bere aldetik, Mathias Reynard Valaisko Osasun Departamenduko buruak nabarmendu du zauritu guztietatik laurogei «egoera kritikoan» daudela.
Autoritateek ohartarazi dute «denbora» beharko dutela biktimak identifikatzeko eta hildakoen kopuru zehatza zein den jakiteko. «Beharrezkoa da informazioa lortzeko lana ondo egitea. Informazio izugarria eta delikatua da, eta ezin zaie familiei ezer jakinarazi erabat ziur egon arte», adierazi du Valaisko Osasun Departamenduko buruak. Gehitu du adituak hortzen eta DNAren laginak erabiltzen ari direla biktimak identifikatzeko.
Ospitale berezietan
Crans-Montana inguruko osasun zentroetan hartu zituzten atzo sutean zauritutako asko, eta zainketa intentsiboetako unitatea bete egin zen Sion ospitalean. Eric Bonvin ospitale horretako zuzendariak adierazi duenez, 55 zauritu jaso zituzten Sionen. Azaldu du horietatik hamahiru etxera itzuli direla, 11 ospitalean daudela oraindik, eta 28 beste ospitale batera lekualdatu dituztela.
Suitzan, bi ospitalek dituzte erredura larrietan espezializatutako zentroak: Laussane hiriko ospitaleak —22 lagun artatu zituzten bertan—, eta Zurichekoak —hamabi lagun artatu zituzten—. Baina Suitzatik kanpo ere artatzen ari dira zaurituak. Milango Niguarda ospitalean hiru italiar tratatu dituzte, eta beste lau ere eramango dituzte bertara. Frantziak baieztatu du zortzi pertsona artatuko dituela, eta Belgikak lau. Europako beste herrialde batzuek ere laguntza eskaini dute: Poloniak, Alemaniak, Espainiak, Danimarkak eta Suediak, besteak beste.

Guy Parmelin Suitzako presidenteak bost eguneko dolua ezarri zuen atzo herrialdean. Gainera, ehunka lagun bildu dira bart gauean Crans-Montanan egin duten gaubeilan, eta loreak eta kandelak jarri dituzte sutean hildako biktimen omenez. Crans-Montana Suitza hego-mendebaldean dago, eta 10.000 pertsona inguru bizi dira han, baina leku turistikoa izan ohi da bai udan bai neguan.