Suteek «aste kritikoa» eragin dute Europan, eta lau pertsona hil dira Iberiar penintsulan

Portugalen iaz baino hamazazpi aldiz hektarea gehiago erre dituzte suteek, orain arte. Galizian eta Espainian, inoizko sute handienetakoak neurtu dituzte. Iberiar penintsulan 30 bat sute handik jarraitzen dute kontrolatu gabe.

Portugalen, Viseu eskualdean, sugarretatik ihesi, atzo. PEDRO SARMENTO COSTA / EFE
Portugalen, Viseu eskualdean, sugarretatik ihesi, atzo. PEDRO SARMENTO COSTA / EFE
mikel p ansa
2025eko abuztuaren 16a
08:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iberiar penintsulan kontrolik gabe eta indarrean jarraitzen dute 30 sute handik, txikiagoak zenbatu gabe ere, eta markak hausten ari dira herrialde guztiak: Portugalen, iaz baino hamazazpi aldiz eremu handiagoa kiskali dute suteek orain arte; Galizian eta Espainian, inoizko sute handienak neurtu dituzte. Joan den astean, berriz, Okzitanian izan zen. Urteko asterik beroenean, suteek markak hautsi dituzte Europa hegoaldean eta mendebaldean, «aste kritikoa» eragin dute hainbat herrialdetan, eta Iberiar penintsulan suari aurre egiten ari ziren lau gizon hil dira. Grezian eta Balkanetan ere estu dabiltza suteekin.

Suteek 534.000 hektarea erre dituzte aurten, urtea bukatu ez dela oraindik, EB Europako Batasuneko herrialdeetan: batez beste sasoi honetarako erreko litzatekeen eremua halako hiru da hori. Europako Batzordearen EFFIS agentziak biltzen ditu suteei buruzko datuak, eta azkeneko urteetako txarrena izaten ari da 2025. urtea. EBtik kanpoko herrialdeak eta Turkia aintzat hartuta, 1.240.000 hektarea kiskali ditu suak Europan, abuztuaren 12ra arte; batezbestekoaren arabera, urteko garai honetarako ia lau aldiz hektarea gutxiago erre behar ziren.

Joan den igandean Espainian —Zamora eta Leongo probintzien artean— piztutako sute batek 31.500 hektarea erre ditu ostegunera bitartean; ez dute mendean hartu, baina azken orduetan gehiago ez zabaltzea lortu dutela esan dute. Espainian, suteen datuak 1968an hasi ziren erregistratzen, eta ordutik ez da izan hainbeste hektarea erre duen besterik. Okzitanian, aurreko astean, 1945etik honako suterik handienetako bat eduki zuten, Aude eskualdean: 17.000 hektarea erre zituen.

Sua itzaltzeko lanean ari ziren bi boluntario hil dira aste honetan Espainian; El País egunkariaren arabera, belarra mozteko eskuko makinekin ari ziren su ebakiak egiten. Aste honetan bertan, Madril inguruan, zaldi batzuk sute batetik salbatu nahian ari zen beste gizonezko bat ere hil da. Eta atzo, 43 urteko gizonezko baten gorpu kiskalia aurkitu zuten Guarda eskualdeko herri batean, Portugalen. Dozenaka suhiltzaile eta boluntario, eta herritar batzuk ere bai, ospitaleratu behar izan dituzte aste honetan, suteetan zaurituta.

(ID_15222479) ESPAÑA INCENDIOS FORESTALES
Ourense eta Zamora arteko sutea kontrolatzeko lanean, bart, Galizia eta Espainia arteko mugan. MARIAM MONTESINOS / EFE

Espainiako administrazioek gaur emandako datuen arabera, 2. mailako hogei sute baino gehiago daude indarrean herrialde horretan. Sute bat bigarren mailan kokatzen dute sumatzen dutenean herriak eta ondasunak, etxebizitzak... arriskuan egon litezkeela; adierazten du, bestalde, autonomia erkidegoko edota inguruko baliabideak ez direla aski suari aurre egiteko, eta estatuko zein kanpoko baliabideen laguntza behar dutela.

Gaztela eta Leongo probintzian daude sute horietatik gehienak, eta herri mordoska bat hustu eta jendeak etxeetatik aterarazi dituzte. Gaztela eta Leonen ez ezik, Extremaduran, Andaluzian... leku askotan atera dituzte bizilagunak etxetik azken egunetan, eta beste zenbait herritan konfinatzeko eskatu ere egin diete. Errepide batzuk itxi dituzte, eta Madril eta Galizia arteko trenak eten dituzte.

Galizian, Ourensen bakarrik, badira hamar bat sute, horietatik pare bat handienak; Chandrexa aldean piztutakoa, Galiziako inoizko suterik handiena da honezkero, 16.000 hektarea inguru kiskali baititu berak bakarrik. Ourense probintzian 42.000 hektarea baino gehiago erre dira egunotan, eta atzo 30 herritan zabaldu zuten abisua, etxean konfinatzeko aholkatuz. Coruñan eta Pontevedran badituzte 2. mailako beste sute bana.

Portugalen ere sute handiak izan dira azken egunetan. Aurten, 139.000 hektarea kiskali dira, ICNF institutuak gaur emandako datuaren arabera: iaz epe berean kiskali zen eremua hamazazpi bider da hori. Azken bi egunetan bakarrik, 64.000 hektarea kiskali ditu suak.

Portugalgo Gobernuaren gaurko datuen arabera, zortzi sute handik sortzen dute kezka gehien uneotan: 4.300 suhiltzaile ari dira horien kontra borrokan, boluntarioez-eta aparte, suak kontrolpean hartzeko. Herri batzuetan festak bertan behera utzi dituzte, eta etxeak hustu, herriak suak inguraturik daudelako. Han ere itxita dauzkate sei errepide gutxienez, Coimbra eta Guarda eskualdeetan batez ere. Portugalgo Gobernuak alerta egoera ezarria du igandera arte, bestalde. 

Europari laguntza eske

Egunotan, Portugalek Marokoren laguntza jaso du: Rabatek bi hegazkin bidali ditu, suteei buru egiteko. Atzo, baina, Europari ere laguntza eskatu zion Portugalek. Beste bost herrialdek ere laguntza eskatu diote EB Europako Baatsunari: babes zibileko EBren mekanismora jo dute azken egunetan Espainiak, Montenegrok, Albaniak, Greziak eta Bulgariak. Ura botatzeko hegazkin handiak, Canadair erakoak, ari dira bidaltzen herrialde horietara.

Grezian, Patrasen izan dute kezka aste honetan, Atenastik mendebaldera: sute handi batek pinudiak eta olibondoak kiskali ditu, baina industrialde bat eta etxeak ere harrapatu ditu, bi monasteriori ere eragin die, eta herri batzuk hustu behar izan dituzte. Kios uhartean, kalte handiak eragiten ari da sute bat azkeneko bost egunetan.

(ID_15220086) GREECE WILDFIRE
Kiosen suteak sortutako ke lainoak, asteazkenean, Nea Potamia aldean. KOSTAS KOURGIAS / EFE

Albaniak ere «aste kritikoa» du hau suteei dagokienez, gobernuaren arabera. Asteazkenean, baziren 24 sute herrialdean, eta 10.000 suhiltzaile, soldadu eta polizia ari ziren horiek kontrolpean hartu nahian. Aurten 54.000 hektarea erre dituzte suteek herrialdean.

EFFISek biltzen dituen datuen arabera, urte aldrebesa izaten ari da beste herrialde batzuentzat ere: Zipren 13.000 hektarea erre dituzte suteek, orain arteko urte okerrenean erretakoak halako bi.

Europa iparraldean eragin txikiagoa dute suteek, baina ohargarriak dira Alemanian eta Erresuma Batuan aurten biltzen ari diren datuak: Alemanian 5.100 hektarea erre dira aurten, eta azkeneko hamarkadako datu okerrena da; Erresuma Batuan, berriz, 46.000 hektarea erre dira aurten, eta azkeneko urteetako daturik okerrena da hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.