Iran AEBekin hizketan ari da, nahiz eta ez duen gerra baztertzen

Irango protestetan 648 pertsona hil dituzte gutxienez, eta ia 11.000 atxilotu. Agintarien aldeko manifestazio jendetsuak ere egin dituzte herrialde osoan, lehen aldiz azken bi asteetan.

Irango Gobernuaren aurkako manifestazio bat, atzo, Londresen. NEIL HALL/EFE
Irango Gobernuaren aurkako manifestazio bat, atzo, Londresen. NEIL HALL / EFE
Beñat Mujika Telleria - Igor Susaeta
2026ko urtarrilaren 12a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranen agintarien aurkako protesta masiboak egiten segitzen dute. Duela bi aste hasi zituzten, krisialdi ekonomikoa salatzeko, eta ordutik gutxienez 648 pertsona hil dituzte, Iran Human Rights IHRNGO Norvegian egoitza duen GKE gobernuz kanpoko erakundeak gaur iluntzean ohar baten bidez jakinarazi duenez; atxilotuak ia 11.000 dira. Soka tenkatzen ari da, hortaz. Teheranen ustez, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Israel daude mobilizazioen atzean; haiek hauspotu dituzte. Washingtonek esan du ez duela esku hartze militar bat baztertzen. Hori ikusirik, Abbas Aragtxi Irango Atzerri ministroak nabarmendu du «gerrarako prest» daudela. Hori bai, Al Jazeeran gaur egindako elkarrizketa batean nabarmendu du Donald Trump AEBetako presidentearen ordezkari Steve Witkoffekin harremanetan dagoela, eta aiatolen liderrak AEBek mahai gainean jarritako «ideiak» aztertzen ari direla.

Gutxi gorabehera, horri guztiari buruz mintzatu da Karoline Leavitt Etxe Zuriaren prentsarako idazkaria gaur, agerraldi batean. Esan duenez, diplomazia du lehentasun Trumpek «beti», baina beste aukera batzuk era baditu esku artean: «Aire erasoak egitea, adibidez». Eta minutu batzuk geroago, Fox telebista katean egin dioten elkarrizketa batean, zera esan du: Irango agintariek gauza bat esaten dutela jendaurrean, eta beste bat, aldiz, esparru pribatuan. 

Kontuak kontu, herrialdeko monetaren balioak jasan duen beherakada eta oinarrizko elikagaien garestitzea daude protesten eta istiluen oinarrian —riala da Irango dirua, eta gutxieneko historikoetan dago—. Abenduaren 28an hainbat protesta piztu ziren Teheran hiriburuko erdigunean, zenbait negozioren jabeek euren dendak itxi ostean. Egoera ekonomiko larria salatzeko hartu zituzten kaleak, eta, egunak aurrera joan ahala, tentsioa ere areagotuz joan da; izan ere, merkatariei langileak eta gazteak batu zaizkie, eta Teheranen abiatu zena herrialde osora zabaldu da jada.

Baina agintarien aldekoak ere atera dira gaur kalera. Irango telebista kate publikoak emandako irudietan milaka pertsona ikus zitezkeen hiriburuko kaleetan, Irandarren altxamendua terrorismo estatubatuar-israeldarraren aurka lelopean. Eta Ali Khamenei herrialdeko lider gorenak manifestariak zoriondu ditu X sare sozialean idatzitako mezu batean —Interneterako sarbidea etenda dago Iranen ostegunetik, nahiz eta agintariek esan duten laster berrezarriko dutela—. Aiatola nagusiaren esanetan, gaur Irango kaleetan ikusitakoa «AEBetako politikarientzako ohartarazpen bat» da. Areago, esan du modu horretan bertan behera utzi dutela «etsaiek herriko mertzenarioen bidez aurrera eraman behar zuten konplota».

Bestalde, herrialdeko presidente Masud Pezexkianek adierazi du gobernuak manifestariak «entzun» dituela, eta bere eskuetan dagoen guztia egin duela arazo ekonomikoak konpontzeko. Irango telebista kate batean hitz egin zuen atzo Pezexkianek, Tasnim albiste agentziak argitaratu duenez — Internet blokeatu zutenetik bere edukia eguneratzen duen agentzia bakarretakoa da, estatu islamikoarekin lotura duena—. Presidenteak, aurrez egin duen bezala, manifestariak eta istiluak eragiten dituzten «zalapartariak eta terroristak» bereizi zituen.

Horrez gain, berretsi zuen atzerriko «arerioek» bultzatu dituztela protestak, eta «terrorista entrenatuak» eraman dituztela Iranera; AEBek eta Israelek, batez ere: «Pertsona ugari entrenatu dituzte Iranen eta herrialdetik kanpo, terroristak ekarri dituzte atzerritik meskitak eta merkatuak erretzeko, eta hainbat pertsona hil dituzte suzko armak erabilita edo burua moztuta».

Horrekin guztiarekin lotuta,  Aragtxik adierazi du protestek bilakaera «bortitza eta odoltsua» izan dutela, eta hori Trumpi «aitzakia bat emateko» modua izan dela, Iranen esku har dezan. Azken urteotako manifestaziorik jendetsuenak dira, baita odoltsuenak ere. IHRNGOren arabera, 2022ko udazkenean 476 pertsona hil zituzten Mahsa Aminiren hilketa salatzeko hainbat astez egindako mobilizazioetan.

Errusiaren posizioa

Trumpek urtarrilaren 2an adierazi zuen «prest» daudela Iranen aurkako eraso bat egiteko, protesten errepresioak aurrera eginez gero. Iranek «askatasuna» nahi duela esan du asteburuan, Truth Social bere sare sozialean idatzitako mezu batean. Bada, AEBetako hainbat hedabidek kaleratu dutenez, Trumpek Iranen aurkako beste «ekintza militar» bat egiteko asmoa dauka, eta horiei buruzko atariko elkarrizketak izan ditu, nahiz eta ez duen horren inguruko «azken erabakirik» hartu. «Militarrak egoera behatzen ari dira, eta aukera oso gogorrak aztertzen ari gara», esan du Trumpek berak, bart, Air Force One hegazkinean egindako adierazpen batzuetan.

(ID_15672315) (/EFE) TEHERÁN (IRÁN), 12/01/2026.- Captura de un video de la Agencia de Noticias de Activistas de Derechos Humanos...
Hainbat gorpu gaur Teheranen, Giza Eskubideen Ekintzaileen Albiste Agentziak kaleratutako argazki batean. EFE

Hori dela eta, Irango Parlamentuko presidente Mohamed Baqer Qalibafek atzo jakinarazi zuen ezen, AEBek Iranen aurkako eraso bat egiten badute, «helburu legitimoak» izango direla bai «lurralde okupatuak» —Israel— eta bai Washingtonek eta Tel Avivek Iranen dituzten gune, base eta itsasontzi militar guztiak. Herrialdeko armadak ere asteburuan ohartarazi du «prest» daudela AEBen nolanahiko «konplot» bati aurre egiteko.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ere hitz egin du asteburuan, herrialdeko gobernuaren bilera bat egin aurretik, eta Irango manifestarien alde egin du. Besteak beste, adierazi zuen Israelek Irango herritarren «askatasunaren aldeko borroka» babesten duela, eta «errugabeen kontrako sarraskiak» gaitzesten dituela. «Iran tiraniaren uztarritik laster askatzea espero dugu», gaineratu zuen.

Gogora ekarri behar da Israelek eraso masibo bat egin zuela iazko ekainean Iranen kontra; haren programa nuklearra deuseztatzeko aitzakiarekin, zentral nuklearrak, azpiegitura militarrak eta bizitokiak izan zituen jomugan, eta dozenaka pertsona hil zituen. Hamabi eguneko gerra esaten diote orduko hartako gatazkari. AEBek ere parte hartu zuten horretan: Fordowko, Natanzeko eta Isfahango zentralak bonbardatu zituzten.

Errusiako goi kargudun bat ere aurrenekoz mintzatu da gaur aferaz. Sergei Xoigu Segurtasun Kontseiluko buruak Irango bere homologoarekin, Ali Larijanirekin, hitz egin du telefonoz, eta ondoren kaleratutako oharrean gaitzetsi egin du «atzerriko indarren esku sartzea».

Herrialdea nola dagoen ikusita, NBE Nazio Batuen Erakundeko presidente Antonio Guterresek «ahalik eta moderaziorik handiena» eskatu dio Teherani, ohar baten bidez, X sare sozialean. Bertan, Irango Gobernuari eskatu dio «alferrikako» edo «neurriz kanpoko» indarrik ez erabiltzeko, eta Interneteko seinalea berrezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!