Ekialde Hurbileko gatazka etenda dago. Washingtonek hainbatetan egin du mehatxu hordago joko duela, baina Teheran, oraingoz, enbidoari eusten ari zaio. Fokupean, orain, Ormuzko itsasartea dago. Itsas pasabide estrategiko hori itxita dago oraindik —Teheranek uztailaren 12an iragarri zuen azkenekoz Ormuz itxi zuela—, eta Iran Omanekin ari da hura zabaltzeko negoziatzen, AEBak negoziazio mahai horretatik kanpo daudelarik. Washingtonek, hala ere, negoziazio horren parte dela dio, eta akordioa «berehala» lortuko dutela esaten ari da.
Donald Trump AEBetako presidenteak gaur goizaldean adierazi du Iranekin negoziatzen ari dela, «Teherani onartzea gustatzen ez zaion arren», eta nabarmendu du Ormuzko itsasartea laster egongo dela zabalik; ohartarazi du hala ez bada «oso gogor» egingo diotela eraso Irani, eta horren ostean zabalduko dela itsasbidea. «Gogor jo ditugu, baina kolpe handiena iristear dago. Zorte apur batekin, ez dugu erabili beharrik izango. Hala espero dut», adierazi du AEBetako presidenteak. «Datozen 48 orduetan ikusiko dugu akordioa iritsiko den edo ez», gaineratu du.
Bide beretik jo zuten atzo Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak eta Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak ere. Paraguaiko kantziler Ruben Ramirez Lezcanorekin bilduta egon da azken orduetan Rubio, auzi nuklearraren gainean negoziatzen, eta bertan emandako prentsaurrekoa baliatu du Iranez hitz egiteko. Zehaztu duenez, aurrerapauso handiak eman dituzte azken orduetan Ormuz zabaltzeko. Bessentek, berriz, atzo CNBC AEBetako telebista katean esan zuen litekeena dela Washingtonek eta Iranek bertako itsasbidea zabaltzeko akordioa egitea atzo edo gaur. Oraingoz, ordea, ez da halakorik gertatu.
80
Misilak eraisteko bere sistemetatik zenbat erabili dituen Washingtonek, ehunekotan. AEBetako CNN kateak atzo jakinarazi zuenez, AEBetako armadak jada agortu ditu misilak eraisteko erabiltzen dituen aireko defentsa sistemen ia %80. Horrez gain, AEBetako armadako goi kargudun batzuk aipatuz adierazi du Pentagonoan gelditzen diren munizio erreserbek «beherakada nabarmena» izan dutela. Kontuan hartu behar da jada bost hilabete baino gehiago igaro direla AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia abiatu zutenetik, eta, geroztik, Trumpen administrazioaren lehentasunetako bat izan da.
Iran Omanekin ari da auzia aztertzen. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak asteburuan adierazi du negoziazioa «azken fasean» zegoela, baina nabarmendu zuen AEBak ez zirela negoziazio horren parte. Rubiok, ordea, kontrakoa esan zuen atzo gauean: «Uste dut negoziazio prozesu bat dagoela Omanen eta Iranen artean; prozesu horretan parte hartzen ari gara luze gabe ahalik eta ontzi gehienek Ormuz gurutza dezaten».
Horrekin lotuta, Irango Sepah News agerkariak Teherango funtzionario bat aipatuz zabaldu duenez, AEBen interferentziak eta Trumpen mehatxuak direla-eta, Omanekin egin beharreko akordioa atzeratzen ari da. «Iranek ez du mehatxupean akordiorik egingo. AEBek mehatxuka jarraitzen badute interferentziak eta eraso militar bat egingo dituztela, akordioa atzeratu egingo da», adierazi du funtzionarioak.
Irango Press TV telebista kateak Teherango goi kargudun bat aipatuz zabaldu duenez, Teheranen eta Maskaten arteko elkarrizketek Ormuzko itsasartean barrena korridore bat egitea dute helburu, «nabigazio segurua bermatzeko eta Iranek kostaldeko estatu gisa dauzkan eskubideak babesteko». Zehaztu dutenez, akordio horrek gaur egungo iparraldeko eta hegoaldeko bideak ordezkatuko lituzke. Esmaeil Baqaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak, esaterako, atzo gauean adierazi zuen akordioa bide onean doala: «Negoziazioak positiboak ari dira izaten, hala teknikoki nola politikoki».
Irango IRIB agentziak, ordea, gaur ohartarazi du Iranen eta Omanen akordio batek ez lukeela istantean Ormuzko itsasartea irekiaraziko, eta adierazi du elkarrizketa horiek ez dutela zerikusirik AEBekin. «Itsasbidea berriro irekitzea AEBek jarrera aldatzearen baitan dago», adierazi du agentziak.
TEHERANEK HAMAS BABESTUKO DU GAZAN
Irango presidente Masud Pezexkianek Irango hedabideei gaur adierazi die Irango Gobernuak Hamas babestuko duela Gazarako elkarrizketetan. Hamas armagabetzeko akordio baten berri eman zuen iragan astean Donald Trump AEBetako presidentearen Bake Batzordeak. Hamas ados agertu zen, baina baldintzak jarri zizkion akordioari. Izan ere, ohartarazi zuen ezen, beraiek armak uzteko, aurrez Israelgo armadak Gazatik alde egin beharko duela; baita zerrendarako igarobideak ireki eta erasoak eten ere.
Benjamin Netanyahuk, ordea, Tiktok eta Facebook sareetan dauzkan kontuetan atzo ohartarazi zuen Israelek tinko eutsiko diola bere nahiari, eta ez dela inola ere Gazatik erretiratuko Hamas guztiz armagabetu arte.
Pezexkianek Khalil al-Hayya Hamaseko bulego politikoko liderrari gaur telefonoz adierazi dio euren babesa izango dutela elkarrizketa horietan. «Iranek Palestinako buruzagiek negoziazio prozesuan hartzen dituzten neurri, ekimen eta erabaki guztiak babestuko ditu», adierazi du
.