Teheranek mehatxu egin die AEBei eta haien aliatuei

Iranek esan du Washingtonen eta aliatuen interesei erasoko diela AEBek Natanzko instalazio nuklearra jotzen badute. AEBek Irango «helburu militarrak» jo dituzte goizaldean, eta Teheranek Bahrainen, Jordanian eta Kuwaiten egin du eraso.

Emakume bat Teheranen, astelehenean, AEBen aurkako margolan baten aldamenetik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat Teheranen, astelehenean, AEBen aurkako margolan baten aldamenetik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko uztailaren 22a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur ere eraso egin diote elkarri AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek. Jada 11 egun igaro dira AEBek amaitutzat jo zutenetik bi aldeek adostutako memoranduma —eta, hortaz, su etena—, eta, geroztik, egunero egin diote eraso elkarri; baita mehatxu ere. Donald Trump AEBetako presidenteak atzo esan zuen Iranek Natanzen daukan instalazio nuklearra izango duela jomugan AEBetako armadak. Iranek gaur erantzun dio, eta ohartarazi du Washingtonek hori eginez gero Teheranek AEBen eta haien aliatuen interesei erasoko diela Persiar golkoan.

Irango defentsa indarrek ohar baten bidez salatu dute gaur AEBek mehatxu egin dutela eta esan Irango instalazio nuklearrak eta Irango zenbait «gune garrantzitsu» joko dituztela. Eta adierazi dute horrelakorik gertatuko balitz are gehiago zabalduko litzatekeela gerra eskualdean. Era berean, esan dute Teheranek ere estrategia aldatuko lukeela: «Herrialde horretako armada terrorista horrelako fase batean sartzen bada, Irango Islamiar Errepublikako indar armatuen eraso ahaltsuen helburu izango dira AEBen interes guztiak. Baita haien aliatuenak eta estatu errebelde eta erasotzaile hori babesten duten herrialdeenak ere».

Atzo, Trumpek adierazi zuen «laster» egingo diotela eraso Natanz hiriko lur azpiko instalazio nuklear bati —Iran erdialdean dago gune hori—. «Ziurrenik, laster egingo diogu eraso gune horri, indar handiz, eta ezingo dute ezer egin horren aurka», egin zuen mehatxu Etxe Zurian, Libanoko presidente Joseph Aounekin bildu ostean kazetarien aurrean egindako agerraldian.

Gaur ere erasoak egin dituzte AEBek Iranen. Euskal Herrian goizaldea zela —iluntzea AEBetan—, erasoaldi bat egin du AEBetako armadak Irango «helburu militarren» aurka. Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiak zabaldu duenez, Irango operazio militarren zentroak, droneen eta gerra hegazkinen instalazioak jo ditu, eta Irango armadaren logistika militarra ere bai, besteak beste.

Eraso horien bitartez, Washingtonek are gehiago murriztu nahi du Iranek Ormuzko itsasartetik igarotzen diren ontziei erasotzeko duen gaitasuna. Marco Rubio AEBetako estatu idazkaria horren gainean mintzatu da gaur, Manilan, Asiako hainbat Atzerri ministrorekin egindako bileran. «Iranek Ormuzko nabigazioa kontrolatzeko eskubidea eskatzen du. Nazio bati nazioarteko pasabide bat bere interesen arabera kontrolatzeko aukera ematen badiogu, oso aurrekari arriskutsua sortuko dugu», adierazi du.

hilda aurkitu dute desagertuta zegoen aeb-etako armadako soldadua

Asteburuan Iranek hainbat eraso egin zituen AEBek eskualdean dituzten gune militarren aurka. Jordanian, esaterako, AEBetako bi soldadu hil zituen Teheranek Muwaffaq Salti basean egindako eraso batean, eta beste soldadu bat desagertuta zegoen. Bada, Washingtonek gaur jakinarazi du hilda aurkitu dutela. Azken hori kontuan hartuta, jada hemezortzi dira Irango gerran hil diren AEBetako soldaduak.

AEBen eraso horiei erantzunez, Teheranek Bahraingo, Jordaniako eta Kuwaiteko gune militarrak jo ditu gaur. «AEBek eskualdean eraso egiten jarraitzen duten bitartean, Ormuzko itsasartea itxita egongo da, eta ez da petrolio tantarik aterako», adierazi du Irango Guardia Iraultzaileak, ohar baten bidez.

Beste fronte bat Libanon

Washingtonek eta Beirutek ekainean adostu zuten Israelgo armada Libano hegoaldeko hiru eremutatik «gradualki» erretiratzea, eta atzo Libanoko armada hedatzen hasi zen hiru eremu horietako batean: Zawtar al-Gharbiyeh herrian. Bada, Libanoko lehen ministro Nawaf Salam bertan izan da gaur, eta adierazi du lehen urratsB dela Israelgo armada Libano hegoaldetik atera dadin. «Hasieratik adierazi dugu gure helburua Israelgo tropak gure herrialdetik ateratzea dela. Ikusi duguna hasiera besterik ez da, baina gure jarrera irmoa da», adierazi du X sare sozialean. Bideo bat ere zabaldu du txio horretan, eta Salam bera ikusten da Libanoko banderaren alboan, soldaduz inguraturik.

Nolanahi ere, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak akordioa egin berritan esan zuen baimena ematen ziola Libanori armada eremu horietan sartzeko, baina Israelgo tropak ez direla handik erretiratuko.

37.500

Irango gerraren kostua Washingtonentzat, milioi dolarretan. Peter Hegseth AEBetako Gerra idazkariak atzo AEBetako Senatuan jakinarazi zuenez, Irango gerrak 37.500 milioi dolarreko kostua izan du oraingoz Washingtonentzat —32.800 milioi euro inguru—. Hasieran, 29.000 milioi dolarreko kostua izango zuela adierazi zuen Washingtonek, baina bi hilabete eskasean 8.500 milioi dolar handitu da. Hegsethek Txinari eta Errusiari egotzi zien garestitze hori; izan ere, adierazi zuen bi potentzia horiek laguntza ematen ari zaizkiola Irani «hainbat arlotan».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA