Trumpen arabera, «litekeena» da itunak aurrera egitea Israelek Libanori erasotzen jarraituta ere

Trumpek adierazi du Libanokoa «gerra txikiago bat» dela, baina Netanyahuk ardura handiagoz jokatu behar duela. Araghtxik, berriz, ohartarazi du Israelek Libano okupatuta edukitzea AEBekin hitzartutako «memoranduma urratzea» dela.

Donald Trump gaur G7 taldekoen goi bileran, Evian-les-Bainsen. THIBAULT CAMUS / EFE
Donald Trump gaur G7 taldekoen goi bileran, Evian-les-Bainsen. THIBAULT CAMUS / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 16a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako presidente Donald Trumpek jendaurrean gaitzetsi du Israelek Libanon duen jokabidea. Nabarmendu du «oso harreman ona» izan duela Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin, baina azpimarratu du hark «ardura handiagoz» aritu behar duela Libanoko auzian, «gerra txikiago bat» den arren. Izan ere, adierazi du Israelek «jende gehiegi» hil duela Libanon —3.800 lagun baino gehiago hil ditu martxoan erasoaldia abiatu zuenetik, eta 11.800 zauritu—. «Ez duzu eraikin oso bat bonbardatu beharrik norbaiten bila ari zaren bakoitzean. Jende asko bizi da eraikin horietan, eta denak ez dira Hezbollahkoak», adierazi du. Hala ere, galdetu diote ea akordioari eutsi ahal izango dioten Israelek Libanori eraso eginda ere: «Litekeena da», erantzun du

Frantzian da Etxe Zuriko maizterra, Evian-les-Bains herrian. Han ari dira G7koen goi bilera egiten —atzo hasi zen, eta bihar arte iraungo du—. Qatarko emir Tamim bin Hamad Al Thanirekin batzartu da gaur Trump, eta prentsaurrekoa eman dute biek batera eguerdian. Trumpi Ekialde Hurbileko auziaren inguruan galdetu diote nagusiki, eta aho bizarrik gabe erantzun du, ohikoa duen moduan.

Israelek muzin egin zion atzo AEBen eta Iranen arteko itunari. Hala Benjamin Netanyahu lehen ministroak nola Israel Katz Defentsa ministroak adierazi zuten Israel ez dela akordioaren parte, eta aurrera egingo dutela Libano hegoaldean egiten ari diren inbasioarekin. Bada, Libanoko albiste agentzia nazionalak zabaldu duenez, Israelgo armadak gutxienez lau pertsona hil ditu gaur Libano hegoaldean egindako hainbat erasotan.

Horren harira, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaur herrialdeko diplomazialarien aurrean egindako agerraldi batean adierazi du gerraren amaiera atzo deklaratu zela, eta, Trumpi kontra eginez, nabarmendu du Israelek Libano okupatuta edukitzea AEBekin hitzartutako «memoranduma urratzea» dela. Gaineratu duenez, Iranek ez du onartuko Israelen beste erasorik Libanon.

Esmail Qaani Irango Guardia Iraultzaileko brigada jeneralak, berriz, azpimarratu du Ekialde Hurbileko gerrak sona kendu diela AEBei, eta agerian utzi duela «Israelgo erregimen kriminalaren kolapsoa». Izan ere, nabarmendu du Irango Guardia Iraultzailearen sendotasunak arerioak ikaratu dituela.

Negoziazioak, ostiralean

Araghtxik gaur egin duen agerraldian jakinarazi du ostiralean abiatuko direla Iranen eta AEB Ameriketako Estatu Batuen arteko elkarrizketak, «bake akordioa» lortzeko bidean. Egun horretan bertan dira adostutako memoranduma sinatzeko ekitaldia egitekoak, Burgenstock luxuzko hotelean (Suitza), eta, Trumpek bart azaldu duenez, horren ostean emango dituzte argitara itunaren gaineko xehetasunak.

Gaurko agerraldiari dagokionez, Trumpek esan du memoranduma «bidezkoa eta ona» dela, eta azaldu du «horma bat» dela Iranen auzi nuklearrari dagokionean. Gainera, esan du Irango gaur egungo liderrak ez direla «erradikalak», eta beren herriari lagundu nahi diotela. «Espero dugu AEBekin erlazio ona izango dutela». Hala ere, ez du zehaztu zeini buruz ari zen hizketan.

Iragan asteko erasoei dagokionez, adierazi du ez zuela Iranen aurkako erasorik egin nahi; «baina ez nuen beste irtenbiderik izan», esan du. AEBek orain dela astebete egin zuten eraso Iranen, eta bertako azpiegitura militar batzuk jo zituzten. Washinghtonek eskualdean dituen base batzuei eraso eginez erantzun zuen Teheranek, eta iradoki zalantzak zeuzkala AEBekin negoziatzen jarraitu edo ez. Hala ere, nabarmendu du Iranek eta AEBek ez balute akordiorik egin, Washington beste maila bateko erasoak egiteko prest zegoela. «Hori egin izan bagenu, ezingo lukete ezer berreraiki», ohartarazi du.

bi atxilotu bizkaian, Hezbollahrekin lotura izatea egotzita

Espainiako Poliziak gutxienez bi pertsona atxilotu ditu gaur goizean Bizkaian, Hezbollah Libanoko milizia xiitarekin lotura dutela egotzita. Efe berri agentziak kaleratu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu du operazio hori, eta sumarioa sekretupean dago. Getxon eta Bilbon egin dituzte atxiloketak. Iranekin Bat taldeak sare sozialetan salatu du taldeko bi kide direla atxilotutakoak, eta «Gazako genozidioaren aurrean isilik ez egoteagatik» hartu dituztela atxilo. Elkarretaratzea deitu dute arratsaldeko zazpietarako, Algortako Txiki Otaegi plazan.

Bitartean, nazioarteak Ormuzko itsasartean jarri du arreta, AEBek eta Iranek ituna egin dutela iragarri eta hurrengo orduetan. AEBetako presidenteorde JD Vancek gaur goizaldean azpimarratu du Iranek ez duela bide saririk ezarriko negoziatzeko elkarri eman dizkioten 60 egunetan, eta Trumpek esan du pasabidea ostiraletik aurrera irekiko dutela «guztiz».

Hala ere, ontzi gutxi batzuek dagoeneko gurutzatu dute Ormuzko itsasartea. Irango Press TV kateak zabaldu duenez, hiru petroliontzik eta behar-beharrezko produktuak garraiatzen zituzten beste bi ontzik igaro dute pasabidea azken orduetan, AEBek Irango portuetan ezarritako blokeoa kendu ostean.

Vancek zenbait elkarrizketa eman ditu gaur goizaldean, AEBetako hedabidetan. Horietan, azaldu du Iranekin egindako ituna «oso orokorra» dela, eta nabarmendu du xehetasun asko landu gabe daudenez gero elkarrizketa teknikoak edukitzeko elkarri emandako epean landu beharko dituztela horiek. Hala ere, argi mintzatu da Ormuzko pasabidearen auziaren gainean, eta azpimarratu du Iranekin zera hitzartu dutela: «Bake akordioa lortzeko negoziazioek iraun bitartean doakoa izan dadila Ormuzko pasabidea igarotzea».

Irango Fars albiste agentziak atzo jakinarazi zuen Ormuztik igarotzen diren ontziei diru sari bat ordainarazteko asmoa daukala Iranek, behin elkarrizketak amaitu ostean. Eta gaineratu zuen Iranek eta Omanek erabakiko dutela pasabidearen etorkizuna nolakoa izango den. «Oso argi dago Irango eragile batzuek ahalegina egingo dutela irandarrek jasoko dituzten onura batzuk puzteko, AEBek jasotzen dutena gutxietsiz», esan du Vancek auzi horri buruz, NBC News telebista katean.

24.000

Irani zenbat aktibo itzuliko dizkioten, milioi dolarretan. Haaretz egunkariak Pakistango iturri ofizialak aipatuz zabaldu duenez, AEBek blokeatutako 24.000 milioi dolar —20.676 milioi euro— itzuliko dizkio Irani hainbat fasetan. Iturri horren arabera, Washingtonek ezarritako eskakizunak betez gero soilik jasoko du diru hori Teheranek; besteak beste, Ormuzko pasabidea diru saririk ezarri gabe irekitzen badu, eta programa nuklearraren gaineko konpromisoak hartzen baditu.

Gainera, X sare sozialean bideo bat zabaldu du Vancek, eta hartan ere eman ditu akordioaren gaineko azalpenak. AEBentzat onuragarria izango dela azpimarratu du —ingelesezko win-win terminoa erabili du, esan nahian irabazian aterako direla—, eta argi mintzatu da Iranen etorkizunaren inguruan, arreta haien programa nuklearrean jarrita: «Irandarrek epe luzerako konpromisoa hartzen badute bere programa nuklearra ez berreraikitzeko, ongi etorriak izango dira mundu mailako ekonomiara. Konpromiso horiek urratzen badituzte, aldiz, ez dute inoiz edukiko horretarako baliabiderik».

Vance Suitzan egongo da ostiralean, AEBen ordezkari moduan, baina oraindik ez dute iragarri Trump joatekoa den edo ez —Vancek atzo Fox News hedabidean egindako elkarrizketa batean adierazi zuen ez zuela baztertzen—. Irango Atzerri Ministerioak, berriz, gaur jakinarazi du Irango Parlamentuko presidente Mohammad Bagher Ghalibaf izango dela Teheranen ordezkaria Suitzan.

Bestalde, Irango Marinelen Merkataritza Sindikatuko buru Saman Rezaeik Al-Jazeera hedabidearekin hitz egin du gaur, Ormuzko igarobidearen etorkizunaren gainean. Hain zuzen ere, azaldu duenez, uste du auzia edonola bukatzen dela ere Ormuzko itsasarteko nabigazio sistema ez dela inoiz gerra aurreko egoerara itzuliko. «Hainbat mendez itsasartea babesleku segurua izan da merkataritzarako, baina gerra honek ordena eta lehengo egitura suntsitu ditu», adierazi du. Hala ere, gogorarazi du milaka marinel egon direla harrapatuta Ormuzen azken lau hilabeteetan, eta azpimarratu du lehentasuna marinel horiek handik ateratzea dela, «berehala eta modu seguruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA