Etxe Zurian bildu dira Venezuelako oposizioko lider Maria Corina Machado eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trump, Euskal Herrian 18:30 zirenean. Elkarrekin bazkaldu dute, eta bilera ateak itxita egin dute, prentsari sarbidea ukatuta. Hala ere, bilera abiatu aurretik prentsaurrekoa eman du Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek, eta nabarmendu du Trumpek «herrialdearen errealitateak» aztertu nahi zituela Machadorekin batera.
Aipagarria izan da Machado ez dela Etxe Zuriko ate nagusitik sartu. Bertatik sartu ohi dira estatuburuak edota goi kargudunak, baina Venezuelako oposizioko liderra beste ate batetik sartu da, kanpoaldean haren zain zeuden kazetarien galderei erantzunik eman gabe. Bileratik ateratakoan, ordea, bertan zain zituen zaleak besarkatu ditu, eta esan «Trumpen laguntza» izango dutela Venezuelaren «askatasuna» lortzeko.
Bilkura abiatu aurretik hitz egin du Leavittek. Nabarmendu du Trumpek «interes handia» zeukala bilera horretan, eta Machadoren gainean zera esan du, «ahots aparta eta ausarta» dela Venezuelako herritar askorentzat. Machado eskuin muturreko politikariak agintea hartu nahi du Venezuelan, baina Trumpek, orain arte esan duena aintzat hartuta behintzat, ez du halakorik nahi. Urtarrilaren 3an, AEBek Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea bahitu zutenean, Etxe Zuriko maizterrak argi utzi zuen prentsaren aurrean: «Uste dut oso zaila izango litzatekeela harentzat [Machadorentzat] liderra izatea. Ez du herrialdearen babesik, ezta errespeturik ere». Horren inguruan galdetu diote Leavitti, eta esan du Trumpek «azterketa errealista» bat egin zuela, aholkulariek eta segurtasun nazionaleko taldeak esandakoan oinarritua. Era berean, esan du gaur-gaurkoz Trumpek ez duela horren inguruan zeukan iritzia aldatu, baina ez du hauteskundeak egitea baztertu: «Venezuelan egunen batean hauteskundeak egingo diren itxaropena du, eta konprometituta dago horretan».
Kolpea hartu zuen Machadok. Hainbat hedabidek AEBetako administrazioaren iturriak aipatuz kaleratu zutenez, batez ere arrazoi batengatik ez du egin Trumpek Machadoren alde: CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak egindako txosten bat jaso zuen presidenteak, eta, hartan, ez zuten gomendatzen Machado jartzea agintean Venezuelan, horren ondorioz altxamendu militar bat gerta zitekeelakoan.
Baina Trumpen jarrera aldakorra dela jakinda, Machadok hura limurtzeko ahalegina egin du politikagintzarekin eta herrialde baten interesekin zerikusirik ez duen bide bat ibiliz: Bakearen Nobel saria irabazi zuen abenduan, eta Trumpi proposatu dio hura partekatzea. Izan ere, Trumpek pentsatzen zuen berak irabaziko zuela, eta Machado horren jakitun da. Saria ematen duen erakundeak —Nobelaren Norvegiako Batzordeak— nabarmendu du, ordea, ezin dela halakorik egin.
AEB-ETAKO SENATUAK BLOKEATU EGIN DU TRUMPI VENEZUELAN EKINTZA MILITAR GEHIAGO EGITEA ERAGOZTEN DION LEGE BAT
AEBetako Senatuak blokeatu egin du Donald Trump presidenteak Venezuelan ekintza militar gehiago egin ditzan eragoztea helburu zuen lege bat. 50 senatarik bozkatu dute alde gaur goizaldean, beste horrenbestek kontra, eta, orduan, arautegia eskuan, JD Vance herrialdeko presidenteordearen aurkako botoak berdinketa hautsi du. Errepublikanoek osoko bilkuran adierazi dutenez, «garrantzi gutxi» zuen lege proposamenak, iritzita jada «bukatu» direla AEBek Venezuelaren aurka egindako ekintza militarrak. Joan den astean, testua osoko bilkurara eramatea erabaki zutenean, Alderdi Errepublikanoko bi senatarik alde bozkatu zuten; gaur goizaldean, aldiz, kontra egin dute, eta hori erabakigarria izan da.
Bien bitartean, Delcy Rodriguez jarduneko presidenteak atzo Trumpekin mintzatu ondoren azpimarratu zuen Venezuela «beste aldi politiko batean» dagoela orain. Miraflores jauregian kazetariei adierazi zienez, aldeek «elkar ulertzea» sustatu behar da, «desberdintasun politikoak» gorabehera. «Ez dugu onartuko ez gorroto mezurik, ez indarkeria ekintzarik». Jakinarazi zuen, bide batez, azkeneko bi asteetan laurehun preso pasa askatu dituztela.
Haren gobernuaren inguruan ere mintzatu da Etxe Zuriko bozeramailea, eta nabarmendu du AEBekin «lankidetzan» aritu direla, eta Etxe Zuriak orain arte eskatutako guztia «nabarmen» bete dutela. Trumpek telefonoz hitz egin zuen atzo harekin. AEBetako presidentearen esanetan, «bikaina» izan zen elkarrizketa, eta esan zuen Rodriguez «pertsona ederra» iruditu zitzaiola. Rodriguezen beraren arabera, «luzea, eraginkorra eta atsegina» izan zen deia. Baretu da tentsioa. Trumpen hitzetan, petrolioa eta mineralak izan zituzten hizpide, besteak beste.
Petroliontzien afera
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trump Venezuelako oposizioko lider Maria Corina Machadorekin bildu aurretik, AEBetako kostazainek beste petroliontzi bat konfiskatu dute gaur, Karibeko uretan, Washingtonek Venezuelako petrolio gordinari ezarritako blokeoa urratzea egotzita. Duela hilabete eskas eman zuen Trumpek Venezuelan sartzen diren edo handik irteten diren petroliontziak «guztiz blokeatzeko» agindua, eta orduz geroztik sei ontzi konfiskatu ditu.
Kristi Noem Segurtasun Nazionaleko idazkariak eman du albistea, X sare sozialean daukan kontuan. «Gaur goizeko lehen orduan, kostazainen talde taktiko batek Veronica zisterna ontzia abordatu eta konfiskatu du Karibeko uretan», idatzi du. Horrez gain, azaldu du ekintza «nazioarteko eskubideak errespetatuz» egin dutela, eta nabarmendu ez dagoela AEBetako justiziari «ihes egiteko» modurik.