Trumpek azkar amaitu nahi du gerra, baina Teheran eusten ari zaio

AEBek uste dute gerraren amaiera deklaratuko lukeen orri bateko dokumentu bat adostu dezaketela. Jarraian, 30 eguneko negoziazio tartea hasiko litzateke, gai arantzatsuenak jorratzeko. Pezexkian Irango presidenteak esan du ezin dela Washingtonez fidatu.

Emakume bat Irango bandera eskuan duela, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat Irango bandera eskuan duela, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko maiatzaren 7a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranen aurkako gerra  «azkar» amaituko dela esan eta esan ari da Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Otsailaren 28an erasoaldia hasi eta egun gutxira esan zuen lehenengoz, eta igaro dira ordutik bi hilabete baino gehiago. Teheran, ordea, gogor egiten ari zaio Washingtoni. Aurreko asteetan Etxe Zuriak Iranek egindako bi bake proposamen baztertu ostean, errepublika islamiarreko agintariek oraingoz ez dute argitu Trumpek atzo aurkeztutako ituna onartuko duten ala ez.

AEBetako Axios hedabideak, atzo kaleratu zuen Washingtonek uste duela «orri bateko memorandum bat» adostu dezaketela bi aldeek, gerra amaiarazteko eta auzi nuklearrari heltzeko «esparru bat» ezartzeko. Hori errazteko asmoz, Trumpek eten egin du Ormuzko itsasartean ontziak eskoltatzeko aste hasieran martxan jarritako operazioa. Mehatxuka egin zuen iragarpen hori ere: «Ez badute onartzen, bonbardaketak hasiko dira, eta, tamalez, aurrez baino larriagoak izango dira». Eta jarraian, berriz ere gerra «azkar» amaituko dela adierazi zuen, eta «oso posible» dela Iranek ituna onartzea.

Lehenbailehen lortu nahi du akordio bat Trumpek, eta gairik arantzatsuenak jarraian jorratu. Izan ere, AEBetako hedabideek aurreratu dutenez, orri bateko dokumentu horrek gerraren amaiera deklaratuko luke, eta 30 eguneko negoziazio tartea hasiko litzateke ondoren. Tarte horretan negoziatu beharko lituzkete gairik gatazkatsuenak; esaterako, Iranen programa nuklearra, edota Ormuzko itsasarteko nabigazioa. Atzorako espero zen Iranen erantzuna.

Teheranek, baina, ez du belaunikatzeko asmorik. Abbas Araghtxi Atzerri ministroak Tahir Andrabi Pakistango Atzerri ministroarekin telefonoz hitz egin du gaur —Pakistan bitartekari ari da—. Eta, deiaren ostean, elkarrizketarako eta diplomaziarako deia egin du Araghtxik, baina ez du argitu AEBen proposamenaren inguruan erabakirik hartu ote duten.

Teheranek ez dauka gairik arantzatsuenak eztabaidatzeko asmorik, edo hala adierazi du gaur Irango IRNA albiste agentziak, behintzat. Mojtaba Khamenei lider gorenaren aholkulari militar Mohsen Rezaeiren hitzetan, Iranek ez du «inorekin» negoziatuko bere programa nuklearraren inguruan; eta gaineratu du Ormuzko itsasartearen kontrolak Teheranen esku egon behar duela. Halere, Araghtxik argitu du Ormuzko itsas nabigazioa berriz «normalduko» dela behin gerra amaituta.

1.500

 

Persiar golkoan zenbat ontzi dauden ez atzera ez aurrera. Nazioarteko Itsas Erakundearen arabera, 1.500 ontzi inguru daude ez atzera ez aurrera Persiar golkoan Ekialde Hurbileko gatazkagatik. Gainera, ontzi horietan 2.000 tripulatzaile inguru daudela jakinarazi du erakundeak.

Apirilaren 11n eta 12an bildu ziren azkenekoz AEBetako eta Irango ordezkaritzak, Islamabaden. Ikusteko dago berriro bilduko diren edo ez, baina Pakistan beste bilera sorta bat hartzeko prest agertu da. Herrialdeko Atzerri ministroak adierazi du espero duela akordioa lortzea, eta «laster» iristea: «Ohorea litzateke akordio hori Pakistanen gauzatzea».

Bestalde, Irango lehendakaritzak ohar baten bidez jakinarazi du Masud Pezexkian Irango presidenteak Frantziako bere homologo Emmanuel Macronekin hitz egin duela. Hizketaldi horretan, Pezexkianek Macroni adierazi dio Teheran ezin dela Washingtonez fidatu, diplomazia «mehatxuka, presioa eginez eta zigorrak ezarriz» egiten baitu. Gaineratu du Teheranek bi aldiz izan duela «hizketaldi ofizial bat» Washingtonekin, eta bietan Iranen aurkako eraso militarrak egin zituela negoziatzen ari ziren bitartean.

Israel eta Libano, berriz biltzekoak

Datorren ostegunean eta ostiralean Washingtonen biltzekoak dira Israelgo eta Libanoko ordezkariak. Hala jakinarazi du gaur AEBetako Estatu Departamentuak. Apirilean bi bilera sorta egin zituzten, eta Libanon su etena ezartzea adostu zuten. Maiatzaren erdialdean da tregoa hori amaitzekoa.

Libano hegoaldean, ordea, egoerak ez du hobera egin, eta tentsioak gora egin du azken orduetan. Gaur ere erasoak izan dira goizaldean. Gainera, Israelek baieztatu du atzo Beiruten egindako eraso batean hil zuela Ahmad Balut, Israelen kontrako operazioetan espezializatutako Radwan Indarretako burua —Hezbollah talde xiitaren parte da—. «Gure etsaiei ahalik eta argien esan nahi diet diet: terroristek ez dute immunitaterik. Israel mehatxatzen duen edonork bere bizitza arriskuan jartzen du», adierazi du horren harira Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.Tel Avivek jakinarazi duenez, Hezbollahko 220 kide hil ditu Israelek dagoeneko. 

Gainera, Libanoko albiste agentzia nazionalak jakinarazi duenez, Israelek kamioi bati egin dio eraso Habux hirian, eta bi pertsona hil ditu. Horrez gain, Aita al-Xaab eta Ramiah herriak bonbardatu ditu azken orduetan, eta metrailadore hotsak entzun dira bi herrien kanpoaldean.

Israelgo armadak, berriz, adierazi du Hezbollahk hainbat suziri jaurti dituela Israelgo militarren aurka, baina ez dutela inor hil.

Libanoko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, martxoaren 2az geroztik Israelek Libanoren aurka egindako erasoek gutxienez 2.715 pertsona hil dituzte, beste 8.353 zauritu, eta 1,6 milioi lagun baino gehiago desplazatzera behartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA