Ekialde Hurbileko gatazkak Ormuz du gudu zelai: Iran eta Ameriketako Estatu Batuak norgehiagokan ari dira itsasarte horretako urak nork kontrolatuko. Washington Teherani arma nuklearrak lortzea galarazteko aitzakiarekin hasi zitzaion erasoka joan den otsailean, baina islamiar errepublikak blokeoa ezarri zuen erasoaldia hasi baino lehen munduan kontsumitzen den petrolioaren bostena inguru pasatzen zen itsasartean; bada, gatazkak geroz eta gehiago du ekonomiatik, eta, horiek horrela, Donald Trump AEBetako presidenteak «aurrekaririk gabeko» operazioa iragarri du Iranen kontra, haren ekonomia itotzen saiatzeko.
Azken asteotan, Iranek eta Omanek jakinarazi dute petroliontzien-eta nabigazioa bideratzeko ituna egin dutela, eta adierazpen bateratua prestatzen ari badira ere, berandu gabe emango dutela bi herrialdeen arteko itsasarterako adostu dituzten itsasbideen berri. Trumpek, zeinak Ormuz «AEBetako lurraldea» dela aldarrikatu duen asteon sare sozialetara igotako irudi batean, esan du berak baino ez diola eman Teherani akordio bat egiteko «hain aukera handia», eta, «tamalez», ez duela onartu.
«Hortaz, edozein herrialderen kontra egindako operazio ekonomiko suntsitzaileena iragarri nahi dut!», idatzi du letra larriz sare sozialetan bart idatzitako mezu batean. Zehaztu du «gerra ekonomikoa» eta «isolamendua» izango dituela oinarri, eta «egundoko ondorio ekonomikoak» pairatuko dituztela islamiar errepublikari laguntzen dioten herrialdeek —izan finantza instituzioen, enpresen edo gobernu erakundeen bidez— . «Geratu zaitezte. Badakizue zeintzuk zareten», erantsi du, eta AEBen aliatuei laguntzeko eskatu die, «Iranen mehatxua isolatzeko eta menderatzeko». Ez du zehaztu, ordea, zertan dautzan zigor horiek, ezta Teheranez gain zein beste herrialde zigotzeko prest dagoen.
«Terrorismo ekonomikoa»
Teheranen ustez, Trumpek AEBen «krisi propioaren» ondorioz iragarri du operazio ekonomikoa: «Dagoeneko porrot egin duten politikekin tematzeak are porrot handiagoa ekarriko du, eta irandarrak etsaiago izango dituzte», idatzi du Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaur sare sozialetan, eta erantsi «terrorismo ekonomikoak» kolokan jarriko dituela munduko ekonomia eta subiranotasuna. Are, Kazem Gharibabadi Atzerri ministrordeak sare sozialetan Washingtoni leporatu dionez, «gerra ekonomikoa» hastea erabaki du helburu militarrak ez dituelako bete: «Esaten dute herrialdea azpiratzear daudela, hari batean dagoela, baina aliatuei erregutzen ari dira lagundu diezaieten».
Halaber, Txinako Atzerri ministerioko bozeramaile Lin Jianek egunero eman ohi duen prentsaurrekoan esan du zigorrak eta presioa ez direla «konponbidea», eta aldeei «neurri arduratsuak» hartzeko eskatu die. Kazetariek Trumpen iragarpenari buruz galdetu diote, eta adierazi du gatazka bide «politikotik eta diplomatikotik» lortu behar dela. Espezializatutako webguneek emandako datuen arabera, Iranek Txinara bidaltzen du esportatzen duen petrolio gordinaren %90 —Asiako potentziaren inportazioen hamarrena pasatxo da hori—, eta Txinak inportatzen duen petrolio gordinaren herena baino gehiago (%37,7) Ormuzetik pasatzen da. Gatazka areagotu baino lehenagoko datuak dira horiek.
374Ormuzko itsasartetik zenbat milioi petrolio gordin atera diren su etenean zehar. Bi hilabete iraun du Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek ekainaren erdialdean ezarri zuen su etenak —astelehenean amaitu zen—, eta, tarte horretan, 374 petrolio gordin upel atera dira Ormuzko itsasartetik, Kpler etxeak eman dituen datuen arabera. Aurreko bi hilabeteko datuekin konparatuz gero, ia hirukoiztu egin dira esportazioak: apiril erdialdetik ekain erdialdera arte batez beste egunean 2,3 milioi upel igaro ziren; ekain erdialdetik abuztua erdialdera arte, berriz, 6,1 milioi.
Bestalde, Axios hedabideak Washingtongo iturri ofizialak aipatuz bart kaleratu duenez, AEBetako armadak korridore bat ezarri du Ormuzen. Informazio horren arabera, zenbait aste dira operazio hori hasi zutela, eta hamabost-hogei petroliontzi igaro dira gauero Omango kostatik; egunero hamar milioi petrolio upel atera omen dituzte —gatazka areagotu baino lehen ateratzen zenaren erdia—. «Ormuzko itsasartearen hegoaldea kontrolatu dugu dagoeneko bi hilabetez. Irango Guardia Iraultzailea oztopo izan daiteke, baina ez du itsasartea kontrolatzen. Guk bai», esan dio Axiosi iturrietako batek. Izan ere, azaldu dute AEBetako armadak egindako operazio militar bati esker itsasoa zaintzeko radarrak eta sistemak kaltetu dituztela, eta horrek zaildu egin diola Irango armadari itsasartearen hegoaldean jardutea.
Aste honen hasieran amaitu da Teheranek eta Washingtonek iragan ekainean 60 egunerako adostutako su etena; memorandum bat sinatu zuten Pakistanen bitartekaritzari esker, eta asmoa zera zuten berez: gatazka amaiarazteko negoziazioei eustea, nahiz eta tarte horretan AEBetako armadak Iran bonbardatu zuen bi astez. Menia amaituta ere, aldeek ez diote elkarri eraso egin, baina gaur-gaurkoz, negoziaziorik ez dago martxan. «Haiekin negoziatzea denbora galtzea da», esan zion Trumpek atzo Axiosi.