Donald Trumpi ez zaio pasatu AEBetako Auzitegi Gorenak atzo eman zion kolpearen mina. Horregatik, orain dio %15eko muga zerga globalak ezarriko dituela, ez %10ekoak. AEBetako presidenteak Truth Social bere sare sozialaren bidez jakinarazi du gaur hori. Mezu horretan esan duenez, bera iaz Etxe Zurira itzuli zen arte, herrialde asko aritu dira AEBei «iruzur egiten».
Ikusteko dago zer bide egingo duen Trumpen azken erabakiak. Auzitegi Gorenak atzo jakinarazi zuenez, Etxe Zuriko maizterrak 2025ean ezarri zituen muga zerga asko ez ziren legezkoak. Ebazpenaren arabera, Trumpek larrialdi nazionaletan soilik aplikatu daitekeen lege bat erabili zuen muga zergak ezartzeko, eta ezin zuen hori egin.
Ikusi gehiago
Ebazpenaren berri eduki ondoren, agerraldi bat egin zuen, eta haserre agertu zen. Bere kontrako ebazpena kaleratu zuten epaileak iraindu zituen —frogarik gabe adierazi zuen, adibidez, «atzerriko interesek eraginda» hartu dutela erabakia—, eta azpimarratu muga zergak ezartzeko eskubidea duela eta beti eduki duela.
Gaur plazaratutako erabakia kontuan hartuta, Trumpek, hasteko, atzo emandako agindua bertan behera utzi beharko du, eta beste bat eman. «Berehala» da hori egitekoa, gaur argitaratutako mezuan esan duenez. Azpimarratu du, berriro, «irrigarria» iruditzen zaiola Auzitegi Gorenaren erabakia, baita «amerikarren kontrakoa ere».