Kazetaria

Walter Turnowsky: «Trumpek ez du nahikoa diru groenlandiarrak konbentzitzeko beren burua sal dezaten»

Turnowskyren ustez, garrantzitsua da Europako herrialdeek Groenlandiara tropak bidaltzea; argi du groenlandiarrek ez dutela AEBen parte izan nahi. Haren arabera, zera da gakoa: Europa baturik egoteko gai izango den.

Walter Turnowsky. KARIN RIGGELSEN
Walter Turnowsky. KARIN RIGGELSEN
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Groenlandiaren auziak giroa gaiztotu du AEBen eta Europako Batasunaren artean. Danimarkako Der Nordschleswiger egunkariko kazetaria da Walter Turnowsky (Klagenfurt, Austria, 1964), eta Groenlandiako auzia jorratu du azkenaldian. Adierazi du Groenlandia gerturatu egin dela Danimarkara eta Europara, oraindik ere horien eta lurraldearen artean zauri irekiak dauden arren. Elkarrizketa hau Donald Trump AEBetako presidenteak Groenlandiara tropak bidali dituzten herrialdeentzako muga zergak iragarri baino lehen egindakoa da.

Nolakoa da gaur egun Groenlandiaren eta Danimarkaren arteko harremana?

Argi dago bi herrialdeak elkarrengandik oso gertu daudela orain, batez ere Donald Trumpen presioarengatik. Herritarrek eta Groenlandiako Gobernuak zera pentsatzen dute: «Oraintxe bertan, Danimarkako zati autonomo bat gara, NATOko kide ere bagara, eta elkarrekin gaude honetan». Baina, luzera begira, Groenlandia estatu independente bihurtzeko nahia beti bezain indartsu dago orain ere.

Zenbait artikulutan aipatu izan duzu oraindik zauri irekiak badaudela Groenlandiaren eta Danimarkaren artean. Zeintzuk dira zauri horiek?

60ko eta 70eko hamarkadan, Danimarkak aginduta, Groenlandiako neskei eta emakumeei espiral formako antisorgailuak jarri zizkieten umetokian, baimenik gabe, umerik izan ez zezaten. 4.500 emakumeri egin zieten hori, eta erdiak antzu geratu ziren. Zauri hori ez da itxi. 2017an hasi zen jendea horren berri jakiten, Groenlandiako emakumeak hizketan hasi zirelako. Danimarkak esan izan du Groenlandiako emakumeak babesteko neurria izan zela, baina, garai hartako dokumentuak ikusita, argi dago hazkunde demografikoa kontrolatzeko egin zutela. Groenlandiako populazioaren hazkundea murriztea zen Danimarkaren helburua, eta lortu zuten. Munduan ez da tokirik non ugalkortasuna Groenlandian urte horietan bezainbeste jaitsi denik. Emakume horietako askorentzat oraindik ere trauma handia da garai hartan gertatutakoa.

Eta Danimarkak egin al du ahaleginik zauri horiek ixten saiatzeko?

Denbora luzez, barkamena eskatzeko eta aitortza egiteko eskatu dio Groenlandiak Danimarkako Gobernuari, eta denbora asko behar izan du horretarako. Iaz egin zuen aitortza hori Danimarkako Gobernuak, Donald Trumpen mehatxua agertu zenean. Hortaz, Groenlandia ohartu da kanpoko mehatxu bat dagoenean soilik egiten duela Danimarkak haien eskakizunetan aurrera. Trump aditua da zauri irekietan zirikatzen. Baina Groenlandian inork ez du AEBen parte izan nahi, eta horregatik esaten dute groenlandiarrek orain Danimarkari batuta egon nahi dutela.

«Trump aditua da zauri irekietan zirikatzen. Baina Groenlandian inork ez du AEBen parte izan nahi, eta horregatik esaten dute groenlandiarrek orain Danimarkari batuta egon nahi dutela»

Danimarkaren eta Groenlandiaren jarrerek bat egin duten honetan, ezberdintasunik ikusten al duzu bi lurralde horietako herritarrek Groenlandiaren auzian duten jarreran?

Orain, batuta jarraitzearen diskurtsoa bera da, baina ikuspuntua da ezberdina. Danimarkarrek, oro har, Groenlandiari eutsi nahi diote; ez dute galdu nahi. Groenlandian, berriz, independentziarako nahia normalizatu egin da. Duela 50 urte sartu zen Groenlandia independentziaren bidean, eta denok dakigu egunen batean gertatuko dela. Esango nuke, gainera, daniarren iritzia aldatzen ari dela azken urtean. Gero eta jende gehiagok ikusten ditu zauri ireki horiek, eta gero eta jende gehiagok aitortzen du Danimarka ez dela botere kolonial ona izan. Groenlandiarren ikuspuntuari erreparatuta, beren herrialdea ehunka urtez gobernatu izan dute kanpotik, eta orain horretara itzultzeko mehatxua jaso dute. Argudio hori erabiltzen dute groenlandiarrek Trumpen asmoen aurka hain irmo egiteko.

Eta nola hartu dute groenlandiarrek Europak indar militarra bidali izana bertara?

Oraingoz jende guztiak gauza bera esan dit: pozik daudela nazioarteko laguntza jasota. Groenlandiak 56.000 pertsona ditu AEBen aurka, eta laguntza behar dute. Groenlandia herri baketsua da; ez da inoiz gerran egon. Europaren mugimendu horiek laguntza gisa hartzen dituzte, baina nik uste dut Europako herrialde handiek ez dutela oraindik nahikoa egin haiei laguntzeko. Ez baita Groenlandiaren aurkako erasoa bakarrik, Trumpek Europari eginiko erasoa ere bada; beraz, garrantzitsua da Europako liderrek Groenlandiari elkartasuna adieraztea, Groenlandia babestea eta Groenlandiara joatea.

Trumpek badu irla erosteko benetako aukerarik?

Nazioarteko zuzenbidean eta Groenlandiako autonomiaren akordioan argi jasotzen da: Groenlandiako herritarrek dute Groenlandiaren etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubidea, ez beste inork. Independente izango da egunen batean, ziur naiz.

Trumpek irla erostearen inguruan, oso seguru naiz herritarrek ez dutela erosiak izateko inongo asmorik. Ez dut uste Trumpek nahikoa diru duenik groenlandiarrak konbentzitzeko beren burua sal dezaten. Baina ez dago jakiterik Trumpek zer egingo duen. Nire ustez, presio mekanismo guztiak erabiltzen saiatuko da. Europa zatitzen saiatuko da, eta NATO auzitan jartzen. Ukraina ere sartuko du auzi honetan. Hori da nire ustez egoeraren benetako mehatxua: Europa gai izango den ala ez baturik egoteko Trumpek mehatxu egiten duenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA