Ez du Groenlandia burutik kentzen. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak AA adimen artifiziala baliatu du Groenlandian dituen asmoak berresteko. AAk egindako zenbait irudi publikatu ditu Truth Social bere sare sozialean. Lehenengoan, Trump bera agertzen da Groenlandian, AEBetako bandera lurrean finkatzen, Marco Rubio estatu idazkaria eta JD Vance presidenteordea atzean dituela. Izan ere, nabarmendu du ez dagoela «atzera-bueltarik»; hau da, munduko uharterik handiena anexionatuko duela.
Bigarrengo irudia ere AAren bidez manipulatu du Trumpek. Jatorrizko argazkia abuztuaren 18an ateratakoa da, Trump Europako agintari nagusiekin bildu zenean Etxe Zurian, Ukrainari buruz hitz egiteko. Bilera hartan, Ukrainako mapa bat zegoen, baina gaur publikatutako irudian, AEBen mapa batek ordezkatzen du, eta Groenlandia, Kanada eta Venezuela ere AEBen koloreek hartzen dute.
Asmo espantsionista erakusten duten irudi horiek hitzordu garrantzitsu baten atarian zabaldu ditu. Bihar mintzatuko da Davosen (Suitza), Euskal Herriko 14:30ean, Munduko Ekonomia Foroak han urtero egiten duen bileran. Trumpek gaur aurreratu du foro hori baliatuko duela «alde ezberdinekin» Groenlandiari buruzko bilera bat egiteko. Truth Social sare sozialean adierazi du hori, eta gehitu du Mark Rutte NATOko idazkari nagusiarekin «telefono bidezko elkarrizketa oso ona» izan duela, eta Groenlandia «ezinbestekoa» dela AEBetako eta munduko segurtasunarentzat.

Plataforma hori bera erabili du Trumpek Rutterekin izan duen txat bidezko elkarrizketaren argazkiak argitaratzeko. Zera dio NATOko idazkari nagusiaren mezuak: «Donald. Gaur [atzo] Sirian lortu duzuna sinestezina da. Davosko nire konpromiso mediatikoak erabiliko ditut han, Gazan eta Ukrainan egin duzun lana nabarmentzeko. Groenlandian bide bat aurkitzeko konpromisoa dut».
Emmanuel Macronen hitzak ez dira horren esker onekoak izan. Frantziako presidentearekin izandako elkarrizketa ere publikatu baitu —Macronen inguruko iturriek EFE berri agentziari baieztatu diote benetako mezu pribatuak direla—. «Erabat ados gaude Siriari dagokionez; gauza ederrak egin ditzakegu Iranen; ez dut ulertzen zer egiten ari zaren Groenlandian», dio mezuak.
Eta elkarrekin «gauza handiak eraikitzen saiatzeko» deia egin dio Macronek Trumpi. Mezuan, batetik, proposatzen dio Davosko bileraren ondoren G7ko herrialdeak biltzea; «ukrainarrak, daniarrak, siriarrak eta errusiarrak ere gonbidatu ditzaket», idatzi du Frantziako estatuburuak. Ondoren, afari baterako gonbidapena ere egin dio.
Muga zergak
Frantziaren eta AEBen arteko tentsioak gora egin duen honetan dator bi herrialde horietako agintarien topaketa. Trumpek gaur bertan bota dio mehatxua Frantziari: %200eko muga zerga jarriko dio Frantziako ardoari eta xanpainari baldin eta Macronek Gazarako Bakearen Batzordean sartzearen kontra egiten jarraitzen badu. Gainera, %10etik gorako muga zergak iragarri zituen asteburuan Groenlandiara soldaduak bidali dituzten Europako herrialde ororentzat. Oraingoz zazpi dira herrialde horiek: Alemania, Danimarka, Erresuma Batua, Finlandia, Frantzia, Herbehereak eta Norvegia.
Danimarkako presidenteak irmo erantzun zion iragarpenari, eta adierazi zuen ez duela jarrera aldatuko. Gaur, Stephanie Lose Danimarkako Ekonomia ministroak adierazpenak egin dizkie komunikabideei: «AEBek Danimarkako Erresumari egin dizkioten mehatxuak ikusita, eta ikusita horiek Europako ekonomian eragina izango dutela, ezin da Europako komunitatearen erantzunik baztertu». Esan du muga zergak ez direla irtenbidea, horiek AEBen eta Europaren ekonomiari kalte egiten diotelako, eta nabarmendu du elkarrizketak garrantzitsuak direla.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur egin du mintzaldia Davosko ekonomia foroan, eta AEBen inguruan hitz egiteko baliatu du: «AEBak ez dira aliatuak soilik, lagunak ere badira. Beheranzko joera duen espiral arriskutsu batean sartzeak ez liguke onik egingo. Horrek gure estrategiatik kanpo ditugun aurkariei lagunduko lieke soilik. Gure erantzuna irmoa, aho batezkoa eta proportzionala izango da».
Trumpek gogor kritikatu du Erresuma Batuak Chagos uhartediaren burujabetza Mauriziori eman izana
«Ergelkeria hutsa». Horrela izendatu du Donald Trump AEBetako presidenteak Erresuma Batuak Chagos uharteen burujabetza Mauriziori emateko erabakia. Truth Social bere sare sozialean kaleratu ditu adierazpen horiek: «Erresuma Batuak garrantzia handia duten lurraldeak ematea ergelkeria hutsa da, eta Groenlandia bereganatzeko argudio bat gehiago da, segurtasun arrazoiengatik».
Indiako ozeanoan daude Maurizio eta Chagos. Bigarren hau uhartedi baten izena da, eta 55 irlak osatzen dute. Irlarik handiena Diego Garcia izenekoa da. Bertan, Erresuma Batuaren eta AEBen base militar bat dago, duela ia ehun urtetik.
«Harrigarria da gure NATOko aliatu ‘itzelak’, Erresuma Batuak, Diego Garcia uhartea eta AEBetako base militar bat Mauriziori lagatzea, inolako arrazoirik gabe. Zalantzarik gabe, Txinak eta Errusiak nabaritu dute erabaki ahul hori», idatzi du AEBetako presidenteak. Horri erantzunez, Darren Jones Erresuma Batuko lehen ministroaren idazkari nagusiak BBC hedabideari esan dio Chagos lagatzeko akordioak «uhartearen eta gertuko itsasoen inguruko segurtasun berme oso garrantzitsuak» ematen dizkiola Erresuma Batuari. «Hau da Diego Garcia uhartearen etorkizuna bermatzeko modu zuzena».