Trumpek hamar eguneko su etena iragarri du Libanorako

Gauerdian ezartzekoak dira menia. AEBetako presidenteak biltzeko gonbita egin die Netanyahuri eta Aouni. AEBetako Defentsa idazkariak ohartarazi du «behar bezainbeste» eutsiko diotela Ormuzko blokeoari.

Zenbait herritar Israelen erasoek eraitsitako Qasmiyeh zubian, Libano hegoaldean, gaur. EFE
Zenbait herritar Israelen erasoek eraitsitako Qasmiyeh zubian, Libano hegoaldean, gaur. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Beñat Mujika Telleria - Julen Otaegi Leonet
2026ko apirilaren 16a
18:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joseph Aoun Libanoko presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ez dute zuzenean hitz egin, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea arduratu da haiekin hitz egiteaz, eta sare sozialetan adierazi du hamar eguneko su etena adostu dutela bi aldeek; gauerdian dira ezartzekoak, Euskal Herrian 23:00ak direnean. «Eta Hezbollahri ere eragiten dio», esan du presidenteak kazetarien aurrean.  Etxe Zurian biltzeko gonbita ere egin die Aouni eta Netanyahuri: «Biek nahi dute bakea, eta uste dut agudo helduko dela!», idatzi du.

Netanyahuk ere baieztatu du su etena ezartzekoak direla, eta nabarmendu du Israelen lehentasuna Hezbollah milizia xiita armagabetzea dela: «Libanorekin akordio historiko bat egiteko aukera daukagu». Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak sare sozialetan adierazi du Beirutek «gerraren lehenbiziko egunetik» galdegin duela su etena, eta horixe zela Israelek eta Libanok AEBetan dituzten enbaxadoreen arteko bileraren xedea —asteartean bildu ziren, Washingtonen—.

Reuters albiste agentziak jakinarazi du Netanyahuk biltzera deitu duela herrialdeko segurtasun kabinetea, tregoari buruz eztabaidatzeko. Eta, Israelgo iturri ofizialak aipatuz, kaleratu du Israelgo armada ez dela Libano hegoaldetik erretiratuko. Gatazka piztu zenetik, armada horrek ihes egiteko agindu die Israelen mugatik Libano hegoaldeko Litani ibairaino bizi diren herritarrei, Hezbollah milizia xiitaren kontrako erasoak egingo dituela argudiatuta. Tregoa onartu duten egun berean, Qasmiyeh zubia eraitsi du Israelek; Litani ibaian zutik geratzen zen bakarra zen, eta, hortaz, Libano hegoaldea banatuta geratu da erabat.

Trumpen iragarpena baino lehen, Hezbollahko Hassan Fadlallah parlamentariak Reutersi esan dio «epe laburreko» su eten baten berri eman ziola atzo Iranek Libanon duen enbaxadoreak, eta Israelek erasoak bertan behera uztearen araberakoa izango dela milizia xiitaren jarrera. Dena den, Hezbollahko iturri batek zera esan dio Al-Jazeera hedabideari: «Gure lurretan okupazioa indarrean den bitartean, Libanok eta bere herritarrek eskubidea dute okupazioari aurre egiteko eta [Israelgo armadari] atzera egitera behartzeko». Iturri horrek erantsi du Israelgo armada ezin dela «aske mugitu» Libanon zehar. Libanoko Parlamentuko presidente Nabih Berrik desplazatutako herritarrei eskatu diela oraingoz ez daitezela etxera itzuli, «egoera argitu arte».

Hamar egunotan gertatu daitekeena gorabehera, AEBetako presidenteak dagoeneko konpondutzat jo du gatazka: «Ohore bat izan da bederatzi gerra amaiaraztea munduaren luze-zabalean, eta hau hamargarrena izango da. Egin dezagun ba!», idatzi du Trumpek. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak sare sozialetan adierazi du «lasaitua» hartu duela, eta gehitu du «bake iraunkorra» dela beharrezkoa, eta ez «aldi baterako etena».

Baina, oraingoz, Libanok ezin izan du arnasa hartu. Israelgo armadak ez ditu erasoak eten herrialdearen hegoaldean, eta haren erasoek 2.100 pertsona baino gehiago hil dituzte Libanon martxoaz geroztik.

Aldeak, urrun

Teheranek eta Washingtonek joan den astean adostutako tregoak eragina izan beharko luke Libanon ere —hala adierazi du Pakistanek, bitartekari aritu denak—. Tel Avivek, orain arte behintzat, ez du akordio hori Libanon aplikatu nahi izan. Baina Etxe Zuriak presio egin dio, eta egun batzuen buruan menia onartu «beste erremediorik» ez duela izango jakinarazi zion atzo Israelgo iturri ofizial batek Channel 12 telebista kateari. Horren inguruko erabaki bat hartzeko, Israelgo Segurtasun Kabineteak bilera egin zuen atzo gauean; Israelgo hedabideen arabera, ez ziren ados jarri.

Israelek eta Libanok AEBetan dituzten enbaxadoreak Washingtonen bildu ziren herenegun, eta bi herrialdeen arteko negoziazioak hastea adostu zutela jakinarazi zuen AEBetako Estatu Departamentuak. Marco Rubio Estatu idazkaria aritu zen bitartekari. Kontua da bi herrialdeen jarrerak nahiko urrun daudela. Beirutek exijitzen du berehala erasoak eteteko, gatazkak ihes egitera behartu dituen milioi bat herritar baino gehiago etxera itzul daitezen; eta ondoren elkarrizketei sakonago heltzeko. Tel Avivek, ostera, Hezbollahren armagabetzea exijitzen du, baita Libanoren hegoaldean bere kontrolpeko eremu bat aitortzea ere.

Libanok eta Israelek 2024ko azaroan sinatu zuten su etena. Ordutik, Tel Avivek ez ditu erabat eten Libanoren aurkako erasoak. Baina fronte horretako gatazka martxoaren hasieran gogortu zen, Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoaldia hasi zutelako otsailean, eta Hezbollah Teheranen aliatua delako.

4

 

Zenbat aldiz bota duten atzera Trumpek Irani gerra deklaratu ezin izateko ebazpena. AEBetako Senatuak laugarrenez bozkatu du Donald Trump presidenteak Irani gerra deklaratzea oztopatzeko ebazpen bat. Laugarrenez egin du huts.

Bestalde, astebete baino gehiago igaro da AEBek eta Iranek adostutako bi asteko su etena indarrean jarri zutenetik. Datorren asteazken goizaldean bukatuko da menia, eta hori baino lehen aurrez aurre negoziatzekoak dira beste behin. Horiek horrela, AEBetako Defentsa idazkari Peter Hegsethek mehatxu egin dio Irani, eta ohartarazi du Washington «prest» dagoela bonbardaketei berriro ekiteko Iranek akordio bat hitzartzeari uko egiten badio. Agerraldia egin du kazetarien aurrean, eta adierazi du Iranek jada ez duela itsas armadarik —ez du hori esateko frogarik erakutsi—, eta horregatik ari dela AEBetakoa Ormuzko pasabidea kontrolatzen. Horrekin lotuta, ohartarazi du «behar beste» eutsiko diotela blokeoari.

Teheranek, berriz, zera esana du: Israelek Libanon erasoak egiten jarraitzen badu su etena urratzen arituko dela, eta, hortaz, Ormuzko itsasartea blokeatuta edukiko duela. Izan ere, Tel Avivek hala aurkeztu nahi izan ez badu ere, Irango eta Libanoko gatazkak lotuta daude. AEBek eta Iranek sinatutako su eten hori Libanon ere aplikatzeak eragina izan dezake gatazkaren bilakaeran.

Pakistango Atzerri Ministerioak gaur ohar batean jakinarazi duenez, AEBen eta Iranen arteko elkarrizketen bigarren sorta laster egingo dute, baina ez dute zehaztu noiz. Asteburuan bildu ziren aldeak Islamabaden, baina ez zuten lortu akordiorik. Pakistanek oroitarazi du Libanon erasoak etetea «funtsezkoa» dela Teheranen eta Washingtonen arteko negoziazioei begira.

Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharif Saudi Arabian egon zen atzo. Mohamed bin Salman herrialdeko printze oinordekoarekin bildu zen, eta, Riadek ohar batean zabaldu duenez, bi liderrek «eskualdeko eta nazioarteko azken gertakarien nondik norakoak» jorratu zituzten; bereziki, «AEBen eta Iranen arteko elkarrizketekin lotuta» egin diren urratsak. «Ahalegin diplomatikoekin jarraitzearen garrantzia azpimarratu zen, eskualdean egonkortasuna berrezar dadin, eta Ormuzko pasabidea berriro ireki», jartzen du Riadek zabaldutako oharrean. Gaur, berriz Qatarren dago Sharif; bertako emirrarekin bilduko baita, testuinguru berean. 

Energia krisia 

Nazioarteko Energia Agentziako (IEA) zuzendari Fatih Birolek gaur adierazi duenez, Europako hegazkinek «sei asterako» erregaia besterik ez daukate. AP Associated Press albiste agentziari eman dion elkarrizketan ohartarazi du petrolioaren hornidurak «blokeatuta» jarraitzen badu litekeena dela hegaldi ugari bertan behera gelditu behar izatea.

Birolek adierazi du «inoizko energia krisialdi larrienean» murgildu duela nazioartea Ekialde Hurbileko gerrak, eta ondorioak «mundu osoan» antzemango direla: «Ondorio nabarmenak izango ditu mundu osoan, eta zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta okerragoa izango da nazioarteko hazkunde ekonomikoarentzat eta inflazioarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA