Beste gidoi aldaketa bat. Donald Trump AEBetako presidentearekin ohikoak ari dira bihurtzen bat-bateko jarrera aldaketak, eta Ukrainako auzian ere alde batera eta bestera dabil. Orain arte, lurralde trukerik egin ezean, ezinezkotzat jo izan du gatazka amaitzea, eta lagunkoi agertu izan da Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Bada, orain, Kievek galdutako lurralde guztiak berreskuratu ahal izango dituela adierazi du: «Europako Batasunaren laguntzarekin, Ukrainak bere jatorrizko forma berreskuratzeko aukerak dituela uste dut», idatzi du gaur goizaldean Truth Social bere sare sozialean.
Aurrez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin batzartu da, New Yorken (AEB). NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkura egiten ari dira han, eta atzo Trumpek Europako herrialdeen jarrera «lotsagarria» dela esan zuen, eta Errusiari erregaiak erosteari uzteko exijitu zien —Turkia da Moskuri petrolio gehien erosten dion herrialdeetan hirugarrena, eta Hungariak eta Eslovakiak ere erosten diote—. Trump prest agertu da Moskuri zigor gehiago jartzeko, baina Europako herrialdeek jarrera bera hartu beharko dutela adierazi izan du. Gaur, Zelenski da NBEren Batzar Nagusian hitz egitekoa.
Etxe Zuriko maizterraren jarrera aldaketa begi onez ikusi du Ukrainako presidenteak. «Uste dut ulertu duela ezinezkoa dela soilik lurraldeak trukatzea; ez da justua», adierazi du Fox AEBetako telebista kateari emandako elkarrizketa batean. Halere, gerrari dagokionez, aitortu du «oso egoera zailean» dagoela Ukraina: «Bizirik irauten ari gara, baina ezin dugu galdu. Gainontzean, gure independentzia galduko dugu».
Trump, berriz, inoiz ez bezain baikor mintzatu da Kievek gerra irabazteko dituen aukerez. Albo batera utzi du bi aldeen arteko negoziatzaile jarrera, eta Ukraina urrats bat egitera hauspotu du: «Putin eta Errusia arazo ekonomiko larri batean daude, eta orain Ukrainak ekiteko garaia da». Hori bai, Kievek EBren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen laguntza beharko duela ere gehitu du. Eta prest agertu da aurrerantzean ere aliantza militarra armaz hornitzeko: «NATOk egin dezala nahi duena arma horiekin».

2022ko otsailean inbasioa hasiz geroztik, Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak okupatu ditu Errusiak. Orain Ukrainak lurralde horiek berreskuratu ditzakeela adierazi badu ere, Trump ez zen iritzi berekoa abuztuan, Ukrainako eta AEBetako presidenteen artean egindako aurreko bileran. Orduko hartan, «lurralde truke posibleez» eztabaidatzeko aukera jarri zuen mahai gainean, eta iradoki Ukrainak uko egin beharko liekeela Errusiak inbasioaz geroztik anexionatutako lurralde batzuei, gerrari amaiera ematearren. Bi egun lehenago, Putinekin batzartu zen Alaskan (AEB), eta hiru agintarien arteko bilkura bat egitea posible izango zela eman zuen aditzera Etxe Zuriko maizterrak. Azken adierazpenen ostean, baina, AEBetako presidentea Kievengandik gertuago posizionatu da.
Atzo NBEren bilkuran emandako hitzaldian aitortu zuen uste zuela «erraza» izango zela Ukrainako gerra konpontzea, Errusiako presidentearekin duen hurbiltasuna dela eta, baina «sorpresak» ere izaten direla. Ondoren, sare sozialetan zabaldutako mezuan, ahultzat jo du Errusia: «Hiru urte eta erdi daramatza norabiderik gabe borrokan; benetako potentzia militar batek astebete baino gutxiagoan irabaziko zukeen». Gehitu du «paperezko tigre» baten itxura hartzen diola Moskuri. Horri erantzunez, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, RBC hedabidean emandako elkarrizketa batean, gogorarazi du Errusia tigrearekin baino sarriagotan alderatzen dela hartzarekin, eta ez dagoela «paperezko hartzik». Horregatik, Peskovi «akatsa» iruditzen zaio Ukraina galdutako lurraldeak berreskuratzera animatzea, eta Kieven egoerak «okerrera» egingo duela ohartarazi du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Bide batez, Errusiako ekonomia «egonkorra» dela gaineratu du.
Meniarako negoziazioak, «mantso»
Atzo gauean, NBEren Segurtasun Batzordeak bilkura egin zuen Ukrainako auzia lantzeko; bertan, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak salatu zuen gatazka gogortu egin dela azkenaldian: «Gerra hasi zenetik, hildako kopuru handienetakoak izan dira azken hilabeteak». Bilkuraren ostean kaleratutako oharraren arabera, Guterresek goraipatu egin zituen, besteak beste, AEBek gatazka konpontzeko egindako saiakera diplomatikoak. Baina negoziazioak «mantso» doazela gaineratu zuen, eta berretsi beharrezkoa dela su etena ezartzea.
NBEren datuen arabera, 2022ko otsailetik, gutxienez 14.000 herritar hil eta 36.000 zauritu dituzte Ukrainan. Ez dute zehaztu zenbat hil diren Errusian, baina gaur bertan Ukrainako armadaren eraso batek herritar bat hil du Belgorod eskualdean —Ukraina ipar-ekialdearekin egiten du muga—. Hala jakinarazi du eskualde horretako gobernadoreak, Telegramen. EFE berri agentziak tokiko hedabideak aipatuz zabaldu duenez, gerra hasi zenetik gutxienez 300 pertsona hil ditu Ukrainako armadak Belgoroden.
152Zenbat drone jaurti dituen Errusiak Ukrainara. Kieven arabera, Errusiako armadak 152 drone jaurti ditu gaur Ukrainara; horietatik 126 suntsitu dituela jakinarazi du Ukrainako armadak. Bestalde, Errusiako armadak jakinarazi du Ukrainak jaurtitako 70 drone atzeman dituela.