Atzerako kontaketa abian da. Donald Trump AEBetako presidenteak oroitarazi du astelehenean amaitzekoa dela Teherani AEBekin adostasunera heltzeko emandako epemuga. «Gogoan duzue Irani hamar eguneko epea eman niola akordio bat egin eta Ormuzko itsasartea irekitzeko? Bada, denbora amaitzen ari da», adierazi du gaur Truth Social bere sare sozialean. Eta mehatxu egin die Irango agintariei: hitzarmen bat sinatu eta itsasartea irekitzen ez badute «infernua» ezagutuko dutela esan du.
Epemuga heltzean AEBek Iranen energia instalazioak suntsituko dituztela ohartarazi zuen Trumpek azken ultimatuma egin zuen egunean, martxoaren 26an. Tarte horretan, ordea, ez dituzte eten Irango energia azpiegituren aurkako erasoak. Irango Energia Atomikoaren Erakundeak salatu duenez, AEBek eta Israelek Buxehr zentral nuklearrari egin diote eraso gaur bertan, eta bertako langile bat hil dute.
Errusiako Rosatom enpresa publikoak kudeatzen du Buxehr zentrala, eta gaurko erasoaren ostean 198 langile ebakuatu dituzte. Gaur hildako langilea irandarra zela ziurtatu du Moskuk. Azken erasoa baino lehenagotik zegoen aurreikusita ebakuazioa; Alexei Likhatxev Rosatom konpainiako zuzendari nagusiak herenegun iragarri zuen langile gehienak aterako zituztela, eta soilik zentralaren zati batek jarraituko duela martxan. Izan ere, gaurkoa zentral horren aurka egindako laugarren erasoa izan da gerra hasi zenetik.
Bonbardaketak zentralaren alboko eraikin bat jo du, eta ez du isuri erradioaktiborik eragin, Tasnim Irango berri agentziak kaleratu duenez. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak Mendebaldearen hipokrisia gaitzetsi du: «Gogoan duzue Mendebaldearen haserrea Ukrainan, Zaporizhiako zentral nuklearraren inguruan, erasoak egin zituztenean? Israelek eta AEBek lau aldiz bonbardatu dute Buxehr zentrala», idatzi du sare sozialetan. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi du eraso horiek egin dituzten herrialdeen ospea «betirako zikinduta» geratuko dela.
Araghtxik gehitu duenez, gisa horretako erasoek Persiar golkoko herrialde arabiarrak jartzen dituzte arriskuan, eta ez Teheran. Buxehr Iran hego-mendebaldean dago, Persiar golkoko kostaldean; Teherandik 750 kilometro inguru daude hara. Isuri erradioaktibo bat gertatuz gero Persiar golkoko urak kutsatuko lituzkeela ohartarazi dute Irango agintariek.
Iparralderago, Khuzestan eskualdean, Irango azpiegitura petrokimikoak ere bonbardatu dituzte gaur. Eskualde horretako gobernadoreak jakinarazi duenez, bi planta petrokimiko jo dituzte AEBen eta Israelen erasoek. Fars berri agentziak jaso du albiste hori. Eta Atzerri ministroak salatu du azpiegitura horiek «helburutzat» hartu dituztela. Trumpek esan zuenez, energia instalazioen aurkako erasoak astelehenera arte etenda daude —Euskal Herrian, astearte goizaldea—.
AEBetako soldadu baten bila
Bitartean, AEBetako armadako soldadu bat erreskatatzeko ahaleginetan ari da. AEBetako hedabideek kaleratu dutenez, atzo Iranek ehiza hegazkin bat bota zuen, gerra hasi zenetik lehen aldiz. Bi soldadu zeuden hegazkinean, eta bietako bat erreskatatzea lortu zuen AEBetako armadak. Bestea, aldiz, ez dute topatu oraindik. Irango telebista kate publikoak jakinarazi duenez, Teheranek ordainsaria emango dio AEBetako soldaduren bat bizirik entregatzen duenari. Atzo bertan AEBetako beste hegazkin militar batek lurra jo zuen Ormuzko itsasartetik hurbil, eta pilotua erreskatatu zuten.
Iranek gatazka honetarako «prest» zegoela erakutsi duela ziurtatu du gaur Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko bozeramaileak, Al-Jazeera hedabideari egindako adierazpenetan. Gehitu duenez, frogatuta geratu da Teheranek bere burua defendatzeko ahalmena duela. Hortaz, eskualdeko herrialdeei Iranekin «segurtasun akordioak» egiteko deia egin die. Eskualdean «segurtasunik eza» eragiten dutenak AEBak eta Israel direla gaineratu du.
protestak egin dituzte israelen, iranen aurkako erasoaldia gaitzesteko
Ehunka pertsona atera dira Israelgo kaleetara Iranen aurkako erasoaldia eteteko eskatzera. Israelgo armadak 150 pertsona baino gehiago elkartzea debekatu badu ere, Tel Aviven mila herritar inguru atera dira protestan, Hareetz egunkariak kaleratu duenez. «Gerra egoeran» daudela argudiatuta mugatu du manifestari kopurua armadak. Eta Poliziak protestan ari ziren herritarrak sakabanatzeko agindua eman du. Beste hainbat hiritan ere egin dituzte manifestazioak, Haifan eta Beer-Xevan, besteak beste.
Irani eraso egiteaz gain, Tel Avivek Libano bonbardatzen jarraitu du gaur, baita lurrez eraso egiten ere. Bonbardaketa horietako batean ospitale bat jo dute Tiro hirian, herrialdearen hegoaldean. 11 osasun langile zauritu dituzte. Hezbollah talde xiitak Israelen aurkako erasoak berrabiarazi zituen martxoaren 2an, Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoaldia hasi ostean. Ordutik, Tel Avivek 1.400 pertsona baino gehiago hil ditu Libanon.
Bestalde, Hezbollahk Israel iparraldean erasoak egiten jarraitu du gaur. Gainera, Israelgo armadako soldadu bat hil dute Libano hegoaldean, armadak berak jakinarazi duenez. Eta Iranek gutxienez bost pertsona zauritu ditu Israel erdialdean.
Guztira, Ekialde Hurbileko gatazkak 3.300 hildako baino gehiago eragin ditu azken hilabete pasatxoan. Otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia hasi zutenetik, gatazka eskualdean zehar hedatu da. OME Osasunaren Mundu Erakundeak gaur emandako datuen arabera, 30.000 pertsona baino gehiago zauritu dira gerraren ondorioz, 4,3 milioi herritarrek beren bizitokiak utzi behar izan dituzte, eta 116 osasun zentrok jasan dituzte erasoak.