Donald Trump AEBetako presidenteak zera aurpegiratu die EB Europako Batasuneko kideei: haiek beraiek ari direla beren kontrako gerra bat finantzatzen, segitzen dutelako Errusiari gasa eta petrolioa erosten. Baina EBk hori zuzentzeko beste neurri bat hartu du: estatu kideetako ministroek ontzat jo dute Europako Batzordeak duela hilabete inguru egindako proposamena, eta gaur Bruselan adostu dute Errusiako gas inportazioak 2028 aurretik etetea. «Erabaki oso garrantzitsua da», nabarmendu du bileraren ondoren Dan Jorgensenek, EBren Energia eta Etxebizitza komisarioak.
Erabakia ez dute aho batez hartu, Eslovakia eta Hungaria kontra agertu direlako; dena dela, ia gehienak ados daude —gehiengo kualifikatua behar zen onartua izateko; hau da, gutxienez %55ek ontzat ematea—. EBk ohar batean zehaztu duenez, adostu duten arautegian planteatzen dute aurtengo ekainaren 17a baino lehen sinatutako «epe motzeko kontratuak» mantentzea 2026ko urriaren 17ra arte; «bitartean, epe luzerako kontratuei 2028ko urtarrilaren 1era arte eutsi ahal izango zaie».
Dena den, erabakia ez da behin betikoa. Izan ere, estatu kideei orain dagokie arautegia Europako Parlamentuko indarrekin negoziatzea; ondoren, ganbera horretan bozkatuko lukete testua.
Trantsiziorako laguntza
2022ko otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Errusiari erregai fosilak erostearen kontra agertu izan da EB. Bai, duela hiru urte pasa baino energia gutxiago inportatzen du Errusiatik, baina jarraitzen du inportatzen. Gasari dagokionez, 2022ko otsailaren aurretik, kontsumitzen zuen gasaren %45 Errusiari erosten zion Europako Batasunak; gaur egun, berriz, portzentaje hori %13 ingurukoa da.
Eta eten proposamena heldu da zenbait herrialdek aurreikusi baino lehenago. Grezia dago haien artean. Hainbat hedabidek Atenasko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Grezia ados dago planteamenduarekin, baina «neurriak» eskatu ditu «merkatuko nahasmendua zuzentzeko». Horiek horrela, Jorgensenek azpimarratu du «trantsiziorako laguntza» emango dietela estatu kideei; ez du zehaztu, ordea, hori nola gauzatuko duten.
Horren guztiaren harira, ostegunean Europar Kontseilua egingo dute Bruselan EBko estatuetako gobernuburuek eta estatuburuek, eta. Eslovakiako lehen ministro Robert Ficok aurreratu duenez, betoa jarriko dio gehienek onartu asmo duten Errusiaren kontrako zigor sortari —hemeretzigarrena litzateke, eta energia eta finantzak lituzke erdigunean— . Gaur sare sozialetan kaleratutako ohar batean eskatu du, bide batez, Europako Batzordeak proposamen bat aurkez dezala energiaren prezioa merkatu dadin. Hungaria ere kontra bozkatzekoa da. Hain zuzen, EBko bi herrialde horiek dute harremanik onena Errusiarekin.