Trumpek sinatu egin du 'Epstein auziko' dokumentuei sekretua kentzeko legea

AEBetako Justizia Departamentuak hilabete du agiriak kaleratzeko. Fiskal nagusiak esan du «informazio berria» dutela Bill Clinton presidente ohia eta beste zenbait demokrata ikertzeko.

Pam Bondi AEBetako fiskal nagusia, atzo, Washingtonen eman zuen prentsaurrekoaren ondoren. WILL OLIVER / EFE
Pam Bondi AEBetako fiskal nagusia, atzo, Washingtonen eman zuen prentsaurrekoaren ondoren. WILL OLIVER / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko azaroaren 20a
09:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako presidenteak eskumena du berez gobernuko edozein departamentutako dokumentuei sekretua kentzeko, baldin eta interes publikokoak baldin badira; Donald Trump, ordea, behartu egin dute horretara. Euskal Herrian goizaldea zenean sinatu du Epsteinen Agirien Gardentasun Legea, aurrez Kongresuko ordezkariek eta senatariek onartu zutena; egia esan, presidenteak «demokraten trikimailutzat» zeukan dokumentu horiek kaleratzeko presioa, baina, azkenean, asteburuan esan zuen «bost axola» zitzaiola, eta berdin-berdin sinatuko zuela lege proposamena. Hasi da, hortaz, Epsteinen auziko dokumentuei sekretua kentzeko atzerako kontaketa. Justizia Departamentuak hilabete izango du adingabeak prostituzioan aritzera behartzeagatik auzipetutako gizon horren dokumentuak argitaratzeko.

Pam Bondi AEBetako fiskal nagusiak agerraldia egin zuen atzo, Trumpek lege proposamena sinatu baino lehen. Adierazi zuen Justizia Departamentua «legearen esanetara» egongo dela, eta «gardentasun osoz» arituko dela, «betiere biktimak babestuta». Ez zuen iragarri noiz kaleratuko dituzten agiriak. Kongresura dagoeneko 33.000 artxibo bidali ditu departamentuak.

Epsteinen Agirien Gardentasun Legean zehazten da fiskal nagusiak argitaratzeke utz ditzakeela «erregistroen zati batzuk», baldin eta pasarte horiek «arriskuan jarriko balute martxan den ikerketa federal bat edo auzipetze bat», jakinda, hori bai, erabaki hori «behin-behinekoa» dela. Kontuan hartu behar da zera: batetik, uztailean Justizia Departamentuak ohar bat kaleratu zuela, eta jakinarazi ez zegoela «krimenak leporatzeko moduko bezeroen zerrendarik», ezta inor ikertzeko «frogarik» ere; bestetik, joan den astean Trumpek Bondiri eskatu ziola ikertu zitzala Bill Clinton AEBetako presidente ohi demokrata (1993-2001) eta alderdi bereko beste zenbait kide, Epsteinekin izan zezaketen «harremanagatik».

Fiskal nagusiak baietz esan zion presidenteari, ikertuko zituela. Atzoko agerraldian, kazetari batek uztaileko oharra ekarri zion gogora Bondiri, eta galdetu ea zergatik onartu zuen demokraten kontrako ikerketa abiatzea. «Informazio berria dugu, informazio osagarria», erantzun zion.

Legea sinatu berritan, Trumpek mezu bat idatzi du sare sozialetan: «Agian, laster jakingo dugu demokrata horiek zer egin zuten egiatan, eta Jeffrey Epsteinekin zer harreman zuten». Ahoan bilorik gabe mintzatu da: haren esanetan, Epstein auziak «gehiago eragiten die demokratei Alderdi Errepublikanoari baino», eta «distrakzio» gisa erabili dute, Trumpen agintaldiko «lorpen harrigarriak» gutxiesteko. Tartean, AEBetako administrazioaren inoizko itxialdirik luzeena amaitzeko ahaleginak aipatu ditu —joan den asteko bozketetan, Ordezkarien Ganberako eta Senatuko demokrata gutxi batzuek bat egin zuten errepublikanoekin—.

Bada, bozketak egin zituzten egun berean, Ordezkarien Ganberako ikerketa batzorde bateko demokratek argitara eman zituzten Epsteinen hiru mezu elektroniko, 2011 eta 2019 artekoak. Horietako batean, finantzariak iradokitzen zuen Trumpek bazuela sexu abusuen berri, eta «orduak» igaro zituela biktimetako batekin. Epstein laguna izan zuen Trumpek, baina gezurtatu izan du adingabeen sexu trafikoari buruz ezer bazekiela.

2005ean, Epstein ikertzeari ekin zioten adingabe bati prostituitu zedila eskaintzeagatik, baina, ondoren, akordioa lortu zuen fiskalarekin: bere burua erruduntzat jo zuen, eta, hala, hamahiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten. Hortxe geratu zen auzia, harik eta 2019ko uztailean Epstein berriro atxilotu zuten arte, kargu federalak egotzita; leporatu zioten dozenaka neska adingabe prostituitzera behartzea 2002tik 2005era bitartean, New Yorken eta Palm Beach-en zituen etxeetan. Atxilotu eta hilabete batera, hilik aurkitu zuten espetxeko ziegan. Horren harira egindako ikerketan ondorioztatu zutenez, Epsteinek bere buruaz beste egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.