Beste behin, Donald Trumpek Iran mehatxatu du: «suntsitu» egingo duela, akordio bat onartu ezean. AEBetako presidentea hala mintzatu zen atzo New Yorken, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren eztabaida orokorrean. Baina islamiar errepublikaren kontra hitz egiten ari zen bitartean, bi herrialdeetako ordezkariak bilduta zeuden erakundearen areto nagusitik ez oso urrun. Hori jakinarazi zuen Etxe Zuriko maizterrak iluntzean, eta ordu batzuk geroago baieztatu zuten Teheranen iturri diplomatikoek. Horien esanetan, bilerak helburu izan zuen auziari konponbidea emateko Iranen baldintzak plazaratzea.
Solasaldi hori heldu zen, hain zuzen, Masud Pezexkian Irango presidenteak Batzar Nagusiaren aurrean hitz egin bezperan —gaur da han mintzatzekoa, 16:30 inguruan—. Hori bai, zaharrak berri Iranen proposamenean, Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak IRNA telebistari emandako elkarrizketa batean adierazi duenez. Hau da, Teheranek eskatzen du gerra fronte guztietan amaitzea, AEBen erasoak bukatzea, Washinghtonek Teherani ezarritako itsas blokeoa amaitzea, gerra ekonomikoa etetea eta Iranen aktiboak desblokeatzea.
Gutxi-asko, bi aldeek horren aldeko apustua egin zuten ekain erdialdean, elkarlanerako memorandum bat sinatu zutenean. Egun batzuk geroago batzartu ziren Suitzan bitartekariekin batera, eta bide orri bat adostu gerra 60 egunen buruan amaitzeko. Hori guztia paper erretzat har daiteke, ordea.
Ikusi gehiago
Ordutik elkarrekin batzartu gabeak ziren bi aldeak —Iranen esanetan, atzo Qatargo diplomazialariak aritu ziren bitartekari—. Trumpek adierazi zien atzo iluntzean kazetariei bilera «oso ondo» joan zela, hiru ordu iraun zuela, eta aurrerago berriro biltzekotan geratu zirela. Steve Witkoff Etxe Zuriaren gatazketarako aholkularia eta Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa izan ziren ordezkaritzen buruak.
Baghaeik esan duen arren duela zenbait hilabeteko baldintzei eusten dietela, Reuters berri agentziak kaleratu du goizaldean, Teherango iturri ofizial bat aipatuz, baldintza horietako batzuk arindu dituztela, eta Mojtaba Khamenei Irango lider gorenak berak ontzat ematen duela planteamendu berria.
Gaur sartu dira indarrean AEBek Irani ezarritako zigor ekonomiko berriak, eta horiek helburu dute Irango aire konpainien nazioarteko hegaldiei eragitea. Bada, Teheranek jakinarazi du bertan behera utzi dituela Bagdaderako (Irak) eta Maskaterako (Oman) hegaldiak. «Bagdadeko eta Maskateko aireportuek jada ez dituzte Irango hegaldiak onartzen», nabarmendu du Majid Akhavan abiazio zibilaren bozeramaileak, Tasnim berri agentziaren arabera. Haren esanetan, negoziatzen ari dira, Bagdaderako hegaldiak Nayafera desbideratzeko. Azerbaijanek ere ez du Irandik aireratzen den hegazkinik hartuko, AEBen zigorrak medio.Iranek bertan behera utzi ditu Bagdaderako hegaldiak
Hori bai, bien bitartean, Teheranek Trumpen mehatxuei erantzun die, eta armadako buruak azpimarratu du «erasotzaileei kolpe are suntsitzaileagoak» emateko moduan daudela. Horren berri eman zuen atzo azken orduan Irango telebista kate publikoak, armadaren buruzagitzaren ohar bat aipatuz.
Ia zazpi hilabete pasatu dira AEBek, Israelekin batera, Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik. Dena den, Trumpek ez du lortu ez aiatolen sistema eroraraztea, ez Iran negoziazio mahaian makurraraztea.