Urtero bezala, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren eztabaida orokorra egingo dute irail amaieran, New Yorken. Gaur hasiko da, Euskal Herrian 15:00ak direnean, eta datorren astelehenera arte 130 estatuburu eta gobernuburu inguruk hitz egingo dute horretan. Testuinguru globala zein den aintzat hartuta, mintzatzekoak dira Ekialde Hurbileko egoeraz, Ukrainako gerraz, adimen artifizialaz, eta, besteak beste, erakundearen beraren finantzaketa krisiaz. Antonio Guterres idazkari nagusiak irekiko du eztabaida, eta jarraian, tradizioari jarraikiz, Brasilgo presidenteak hartuko du hitza. Ondoren iritsiko da anfitrioiaren, AEBetako presidentearen, txanda.
Donald Trump 16:00ak inguruan da hitz egiten hastekoa. Arautegia eskuan, bakoitzak 15 minutuz hitz egin dezake gehienez. Dena den, ohikoa izaten da luzatzea. 1960an, Kubako iraultza gertatu eta urtebetera, Fidel Castro atrilera igo zen, eta zera esan zuen hasi aurretik: «Gutaz esaten dute luzatu egiten garela. Ez kezkatu. Saiatuko gara ez luzatzen eta esan beharrekoa esaten». Lau ordu eta erdiz aritu zen.
Gaur arratsaldean mintzatzekoak dira Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Emmanuel Macron Frantziakoa, esaterako. Gauean eta bihar goizaldean —arratsaldea New Yorken— helduko da Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroaren eta Andy Burnham Erresuma Batuko gobernuburuaren txanda. Gaurko zerrenda itxita dago. Ondorengo egunetakoa behin-behinekoa da, baina bihar mintzatzekoak dira Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, eta Masud Pezexkian Irangoa. Ostegunean hitza hartzekoa da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, eta larunbatean Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa.
Mintzaldiek ez ezik, eztabaida orokorraren bueltan liderrek egiten dituzten aldebiko bilerek pizten dute ikusmina. Gaur, adibidez, Trumpekin biltzekoak dira Groenlandiako lehen ministro Jens-Frederik Nielsen eta Mette Frederiksen, Groenlandiaren «segurtasuna bermatzeko» akordioa sinatzeko. Itun horren bidez uhartearen kontrola hartuko dute AEBek. Horren harira, Reuters berri agentziak kaleratu du, iturri ofizialak aipatuta, AEBak direla han bi base berri irekitzekoak. Horietako bat, Gerra Hotzean (1945-1991) erabilitako bat, berrezarri egingo dute; beste bat, ordea, eraiki. Gerra Hotzean hamazazpi base eduki zituzten AEBek han; 10.000 soldadu inguru. Egun base bakarra dute, eta 150 militar inguru daude han.
Behin akordioa sinatuta, horren xehetasunak ematekoak dira. Kopenhageren esanetan, Artikoaren segurtasuna ez da egongo Danimarkaren edo AEBen esku. «NATO arduratuko litzateke horretaz», esan zuen Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak igandean, elkarrizketa batean.
Bestalde, AEBetako presidentea Zelenskirekin ere biltzekoa da gaur arratsaldean; baita Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentearekin ere, Euskal Herriko biharko goizaldean. 2015az geroztik ez dira batzartzen AEBetako eta Venezuelako presidenteak. Orduan, Panaman, Ameriketako Goi Bileran, Barack Obama eta Nicolas Maduro batzartu ziren. Hain zuzen, Maduro New Yorken espetxeratuta dago behin-behinean, AEBek urte hasieran bahitu zutenetik.
Guterresen azken mintzaldia
Konfiantza berrezartzea, eraldaketa kudeatzea: denekin konplitzen duen Nazio Batuen Erakundea. Hori da aurtengo aldirako leloa. Erakundeak programatu ditu, gainera, hainbat auziri buruzko bilerak, eta horietan adituek eta estatuburu zein gobernuburuek parte hartuko dute: klima larrialdiaz; itsas mailaren gorakadaz; pandemiez; eta, besteak beste, arma nuklerrak deuseztatzeaz.
Guterresen azkeneko eztabaida orokorra izango da. Abenduan bukatuko du bere bigarren agintaldia, eta, hamar urteren ondoren, kargua utziko du —ez dago agintaldi mugarik, baina, tradizioz, idazkari nagusiek bi egiten dituzte gehienez—. Zazpi dira hura ordezkatzeko hautagaiak: Rafael Grossi, Maria Fernanda Espinosa, Rebeca Grynspan, Macky Sall, Carolyne Rodrigues Birkett, Ivonne Baki, eta Olara Otunnu. Michelle Bachelet ere hautagaia zen, baina lehia utzi zuen pasa den larunbatean, NBEren Segurtasun Kontseiluko estatu bakarraren babesa jaso zuelako.