Turulli amnistia ukatzen zion ponentzia baztertu du Konstituzionalak

Auzitegi Konstituzionalak diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua amnistiatzea babestu du, eta atea ireki dio Puigdemonten itzulerari.

Puigdemont eta Turull, 2025eko uztailean Ipar Katalunian. DAVID BORRAT / EFE
Puigdemont eta Turull, 2025eko uztailean Ipar Katalunian. DAVID BORRAT / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 22a
16:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jordi Turull amnistiatzeko lehen pausoa eman du gaur Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Izan ere, atzera bota du Jose Maria Macias magistratu kontserbadorearen ponentzia, zeina Kataluniako Generalitateko kontseilari ohiari amnistia aplikatzearen kontra agertu den. Gaurko erabakiak, hortaz, atea irekitzen dio Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren itzulerari; 2017ko urri amaieratik dago erbestean.

Amnistia legea 2024ko maiatzean onartu zuen Espainiako Kongresuak. Auzitegi Gorenak, baina, erabaki zuen, handik aste batzuetara, prozesu subiranistaren garaian kontseilari izen zirenetako batzuk ez amnistiatzea, egotzita diru publikoa baliatu zutela «irabaziak lortzeko»; eta, hain zuzen, legeak jasotzen du ez duela kontuan hartzen norbanakoen «aberasteari» bide eman dioten diru publikoaren erabilera bidegaberik.

Gorenaren erabakiaren kontrako babes helegitea jarri zuten Puigdemontek, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiak eta Turullek, besteak beste, eta Konstituzionalak gaur hasi du horiei buruzko eztabaida, behin EB Europako Batasunaren Justizia Auzitegiak legeari oniritzia emanda —aurreko uztailean ebatzi zuen testua bateragarria dela talde komunitarioaren zuzenbidearekin—.

Iturri judizialak aipatuta Espainiako zein Kataluniako hedabide batzuek kaleratu dutenez, zazpi epailek bozkatu dute Maciasen ponentziaren kontra, eta bostek alde. Gorenak interpretatu du Puigdemont eta auzipetuta dauden beste kontseilariak aberastu egin zirela 2017ko urriaren 1eko erreferenduma diru publikoa baliatuz antolatuta. Haren tesia zera da: funts publikoak erabili izan ez balituzte, beren ondarea inbertitu beharko zutela horretarako, eta, horrenbestez, aberastu egin zirela, ez baitzuten ordaindu beharrik izan.

Hori planteatzen zuen, gutxi gorabehera, Maciasen ponentziak. Halere, gehiengoaren ekarpenak kontuan hartuta, moldatu egingo du, eta berriro aurkeztu, Konstituzionala urriaren 6an egitekoa den saioan. Egun horretan, Dolors Bassa kontseilari zenaren helegiteaz Candido Conde-Pumpido magistratuak ondutako ponentziaz eztabaidatzekoak dira.

Hilaren 22an hasiko dira Puigdemonten helegitea aztertzen. Pablo Llarena Goreneko magistratuak emana dauka hura atxilotzeko agindua, eta horri eusten diola berretsi zuen aurreko astean. Konstituzionalak Puigdemonten-eta babes helegiteen alde ebazten badu, Gorena hori betetzera behartuta legoke, Konstituzionala baita justizia instantzia gorena Espainiako Estatuan. Horri buruz galdetu zion BERRIAk Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuari uztailean, eta erantzun zuen baietz, Konstituzionalak Puigdemonten helegitea onartuko balu Gorenak indargabetu egin beharko lukeela Generalitateko presidente ohiaren aurkako atxilotze agindua. Eta 2019an Gorenak epaitutako buruzagi subiranista baten abokatuaren esanetan, «argi» dago legeak zer dioen, baina ikusteko dago zer gertatuko den. «Gorenak espero gabeko moduan interpretatu ohi du legea».

EH Bilduk eta EAJ-k ontzat jo dute erabakia

EH Bildurentzat, berri ona da Konstituzionalaren erabakia, atzera botatzen duelako «epaile kontserbadoreek» Europako Justizia Auzitegiak esandakoaren kontra ebatzitakoa. Hala jakinarazi du Gorka Elejabarrieta koalizioko Harreman Politikoen idazkari eta senatariak, sare sozialetan: «Erabaki honek ateak irekitzen dizkio urteotan jazarpena jasan duten errepresaliatu guztiei Amnistia Legea osotasunean ezartzeari eta konponbide politikoen bideari». Hala, defendatu du gatazka politikoak elkarrizketaren bidez konpondu behar direla.
EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Maribel Vaquero ere pozik azaldu da erabakia dela eta: «Beti pentsatu izan dugu epaiketa horrek ez zuela gertatu behar, politikaren judizializazioa baita».

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA