Alemaniarren gutxiengoa Danimarkan (eta IV): 'Der Nordschleswiger'

Paperezko oasi bat aleman hiztunentzat

Bigarren Mundu Gerra bukatu berritan sortu zuten 'Der Nordschleswiger' egunkaria, 1946an; ordutik, alemaniarren gutxiengoaren kezken berri ematen dihardu. Hizkuntza handi batean lan egiten duen berripaper txiki bat da, eta hortik begiratzen dio munduari.

'Der Nordschleswiger' egunkariaren ale bat. MADDI IZTUETA OLANO
'Der Nordschleswiger' egunkariaren ale bat. MADDI IZTUETA OLANO
maddi iztueta olano
🌐 Apenrade (Berriemaile berezia)
2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusi serie honetako artikulu guztiak

Eskailera kiribileko dorre bat da Der Nordschleswiger egunkariaren egoitza. Apenradeko (Iparraldeko Schleswig, Danimarka) portua ikusten da bertatik, eta zakur zuri-beltz batek zaintzen du sarrerako atea. «Gure maskota da», azaldu dio kazetariari egunkariko zuzendari Gwyn Nissenek. Ez da hezur-haragizkoa, baina lantaldearen eta, batez ere, egunkariaren irudi ezagunenetako bat da. Oskarbi egonagatik, hotz egiten du kanpoan, baina giro epela dago erredakzioan. Nork bere bulegoa dauka; hala ere, 12:30ak aldera denak biltzen dira jantokian. Mokadu bat jateko eta elkarri zertan dabiltzan kontatzeko aprobetxatzen dute ordu erdiko tartea. Danimarkan daude, baina inork ez du danieraz hitz egiten. «Woher kommst du? (Nondik zatoz?)», galdetu dio bertako kazetari batek iritsi berri den kazetariari. 

Mahaiaren bueltan eserita dauden langile batzuek hogeitaka urte daramate Der Nordschleswiger egunkarian lanean; beste batzuk, berriz, duela gutxi batu dira lantaldera. Nissenek, esaterako, 12 urterekin idatzi zuen bere aurreneko kronika: «Orduko zuzendaria nire bizilaguna zen, eta ni futbolean aritzen nintzen, eta partida bati buruzko sei-zazpi lerroko testu bat idatzi nuen». Nerabezaroan, eskubaloiko partiden emaitzak jasotzen zituen igande iluntzetan, sos batzuen truke. «Ikasketak bukatu nituenean, bi urteko praktikaldia egin nuen bertan; kazetaritzaren ofizioa ikasi nuen. Ez dakit zergatik, baina beti izan da nire ametsa», kontatu du.

Ametsa izanagatik, alemaniarren gutxiengoaren egunkaritik at ere osatu du bere lan ibilbidea. Danimarkako Jyske Vestkysten egunkarian eman zituen 21 urte, eta garraiobideei buruzko hedabide batean aritu zen ondoren, bost urtez. Azkenean, 26 urte geroago, 2011n itzuli zen Der Nordschleswig-era, eta zuzendari dihardu ordutik. «Gehiengo batentzat idazten duen hedabide batek dena kubritu behar du; guk, gutxiengo batentzat idazten dugunok, lasto asko kendu dezakegu, eta gure indar guztiak interesatzen zaigun horretan jarri», nabarmendu du. Badira zailtasunak ere, dena den: «Hedabide handiek jende asko daukate atzean, diru asko, botere are handiagoa, lantalde handiak digitalizazioan sakontzeko; guk, kontrara, gure ohiko zeregin guztiak bukatu ondoren ekin behar diogu erronka horri».

Gwyn Nissen, 'Der Nordschleswiger' egunkariko zuzendaria
Gwyn Nissen, Der Nordschleswiger egunkariko zuzendaria.

Iparraldeko Schleswigeko Alemanen Federazioko kide da egunkaria, eta digitalizazioan murgilduta dagoen arren, eusten dio paperari: bi astean behin argitaratzen dute, asteazkenean. Harpidedunei etxez etxe banatu ordez, federazioaren egoitza nagusian eta liburutegian jartzen dituzte zenbait ale, nahi duenak har dezan. «Ez daukagu produktu bat saldu beharrik, edo marketina egin beharrik», adierazi du Nissenek. Aitortu du, hain justu, «pribilegio handi bat» ere badutela, zera, egunkaria %100ean publikoki finantzatuta egotea; hots, Danimarkako Gobernuak babesten du. Atzera begira jarrita, halere, egunkariko zuzendariak uste du indar handiagoa dutela orain: «Lehen ez genituen eskaera asko egiten, ez genuelako enbarazu egin nahi. Baina Estrasburgon egindako bilera batean hauxe esan ziguten: ‘Entzun zaitzaten, zarata handia egin behar da batzuetan’. Eta zarata egiten hasi ginen».

«Garrantzitsua da amore ez ematea. Komunitatearen muga finkatu zenean, duela 106 urte, daniar askok uste zuten alemaniarren gutxiengoa desagertu egingo zela. Izan ditugu gure krisiak, baina, gaur egun, komunitatea bizi-bizirik dago»

GWYN NISSEN 'Der Nordschleswiger' egunkariko zuzendaria

Laurogei urte bete ditu aurten Der Nordschleswiger egunkariak, 1946an sortu baitzuten. Apenraden dauka erredakzio nagusia, baina beste lau egoitza ditu Iparraldeko Schleswigeko zenbait herritan: Sonderburgen, Hadersleven, Tingleffen eta Tondernen. Eta berezitasun bat du: Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren Europan sortu zen aurreneko alemanezko egunkaria izan zen. «Garrantzitsua da amore ez ematea. Komunitatearen muga finkatu zenean, duela 106 urte, daniar askok uste zuten alemaniarren gutxiengoa desagertu egingo zela. Izan ditugu gure krisiak, une zailak, baina aurrera egin dugu, eta, gaur egun, alemaniarren gutxiengoa bizi-bizirik dago», adierazi du Nissenek.

Bizi-bizirik dago alemaniarren gutxiengoa, eta osasuntsu Alemania iparraldean bizi den daniarren gutxiengoarekin daukan harremana. Horren adierazle da, hain justu, Der Nordschleswiger, Flensborg Avis, Jyske Vestkysten eta SHZ —alemaniarren gehiengoaren egunkaria— hedabideen arteko kooperazioa. Elkarlan hori hitzartu aurretik, albisteak ez ziren mugaz harago iristen: «Orain, egunkari horietako batean interesgarria iruditzen zaigun albiste edo erreportaje bat badago, gurean ere izan dezakegu, eta alderantziz». Gainera, errotuago dago bi eskualdeetako herritarrek Schleswigeko lurraldeekin daukaten lotura; edo, are, Iparraldeko Schleswigeko alemaniarrek Hegoaldeko Jutlandiarekin daukatena: «Nortasun, kultura eta bizipen horrek batzen ditu alemanak eta daniarrak, eta horregatik funtzionatzen du elkarlanak».  

Ale txikien etxe

Midas Gutxiengoen Egunkarien Elkarteko kide ere bada Der Nordschleswiger. Gaur-gaurkoz, 29 egunkarik osatzen dute sare hori, kasurako BERRIAk, eta, besteak beste, gutxiengoak bizi diren eskualdeetako hedabideak edo hizkuntza gutxituetan lan egiten duten egunkariak babestea eta sustatzea du helburu. Talde horretako kideekin izaten dituen bilkura eta elkarrizketetan ere «asko» ikasten duela esan du Nissenek: «Ezinezkoa da leku bateko lan egiteko modua zehatz-mehatz kopiatzea, ezta lekuan lekuko bake prozesuak kopiatzea ere, baina besteen gauzak egiteko erak inspirazio iturri izan daitezke». 

Hizkuntza gutxituetan lan egiten duten hedabideei dagokienez, halere, uste du aparteko zailtasun bati egin behar diotela aurre; hots, beren hizkuntzan jarduten duten tresna digitalen gabeziari: «Hizkuntza gutxitu bat ez bada adimen artifizialaren munduan existitzen, praktikoki, ez da existitzen». Horren harira, aitortu du alemaniarren gutxiengoak «zortea» duela: «Batetik, orain arte ez bezala, gutxiengoak berak gidatzen du nora joan eta zer egin nahi duen; bestetik, eremu baketsu eta lasai batean bizi gara». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA