Idazlea

Belen Fernandez Llanos: «Txilen, indigena izateak ere badu pisua ume lapurtuen auzian»

Txileko ume lapurtuen auziaz aritu da Fernandez nobela batean. Pinocheten diktadura baino lehenago hasi ziren lapurretak, eta 2000ko hamarkadaren hasierara arte iraun zuten.

Belen Fernandez Llanos idazlea. FREDDY NAVARRETE VARGAS
Belen Fernandez Llanos idazlea. FREDDY NAVARRETE VARGAS
Cecilia Valdez
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belen Fernandez Llanos idazleak (Santiago, 1986) eleberri bat idatzi du Txileko ume lapurtuen inguruan: Tu mamá es la lluvia (Zure ama euria da, Overol argitaletxea). Kalkuluen arabera, 20.000 haur inguru lapurtu zituzten. Txilen gertatu zenak antz handiagoa du Espainian frankismo garaian gertatutakoarekin, Argentinan gertatutakoarekin baino; izan ere, Espainian bezala, Txilen diktadura amaitu ondoren ere iraun zuen umeen lapurreta sistematikoak, eta azkenean kontu komertzial huts bihurtuz joan zen.

Fenomeno horrek ez zien ama «gorrien» seme-alabei soilik eragin: emakume pobreei, gazteei, bakarrik zeudenei eta maputxeei ere eragin zien, alegia, kalteberenei, eta halakoei batik bat. Fernandez Llanosek, gainera, umeaz jabetu den horren ikuspegitik kontatu du istorioa.

Zer aurkitu duzu Tu mamá es la lluvia eleberria idatzi aurretik egindako ikerketan?

Txileko kasuak eta Argentinakoak badute antza zenbait kontutan, baina alde nabarmen ugari ere badaude. Txilen, praktika horrek argi eta garbi gainditu du garai jakin bateko erregimen autoritarioaren eremua, Pinocheten diktadura baino askoz lehenago hasi baitzen. Justiziak ikertu dituen azken kasuak 2000ko hamarkadaren hasierakoak dira —Isiltasunaren Amak eta Seme-Alabak elkarteak aurkeztutako salaketen parte dira—. Horrenbestez, lapurretak ez ziren gertatu diktadura garaian bakarrik —uste dut Argentinan hori izan zela ohikoena—; hemen, mugak askoz lausoagoak direnez, biktima asko eta asko militantzia politiko argirik gabeko pertsonak dira: batez ere emakume pobreak eta gazteak, landa eremuetan bakarrik bizi zirenak. Emakume horien seme-alabak aipatutako trafiko sarean sartzen ziren, eta, hain zuzen, diktadura garaian sendotu zen komertzializazio sistema hori.

Zerk bultzatu zintuen gai horri buruz idaztera?

2010 inguruan, ohartu nintzen gai horretaz hizketan hasiak zirela zenbait hedabidetan, hegemonikoetan, eta asko hunkitu ninduen. Uste dut zerbait ukitu zidala barrenean, eta oso pertsonala zela; izan ere, gure ama emagina zen: landa eremuko herri bateko ospitale batean egin zuen lan 1990eko hamarkadan, eta nik denbora asko pasatu nuen haren ondoan. Horrenbestez, jabetu nintzenean lapurreta horiek gehienbat landa ingurunean eta ospitaleetan gertatu zirela, zerbait mugitu zitzaidan barru-barruan.

Eta nola zehaztu zenuen garaia?

Ikerketari dagokionez, 1970eko hamarkadatik 2000ko hamarkada hasi arte gai horri buruz idatzitakoei erreparatu nien, eta aurkitutako dena irakurri nuen, nahiz eta okerrena 70eko eta 80ko urteetan gertatu zen. Baina liburuan kontatu dudan istorioa fikziozkoa da, eta diktadura garaitik kanpo kokatu dut, bereziki nabarmendu nahi nuelako lapurretak ez zirela diktaduran soilik gertatu.

Nolatan erabaki zenuen eleberri baten bidez kontatzea?

Kronikan trebatuta nengoen, baina bizitzaren gorabeherek fikziora eraman ninduten. Ez nuen elkarrizketarik egin nahi, ez nuen bide horretatik iritsi nahi emakume horiengana, elkarrizketetan ez bainaiz oso ondo moldatzen. Horregatik, iruditu zitzaidan lehendik ikertua zegoenari tiraka landu nezakeela gaia.

Eta erabaki zenuen umeaz jabetzen den emakume baten ikuspegitik kontatzea.

Interesgarria iruditu zitzaidan ikuspuntu hori, hain zuzen, nik ez-fikzioaren bideari heldu izan banio oso zaila izango zatekeelako haurraz jabetzen den emakumeari ematea narratzailearen ahotsa, edo begirada. Nekez aurkituko nukeen ikuspuntu hori kontatuko zukeen norbait, eta ez nuen topatu leku horretatik kontatutako ekoizpenik. Oro har, biktimen kontakizunak dira nagusi, hori baita salatzeko daukaten modua. Beraz, asko interesatzen zitzaidan arakatzea haur batez jabetzen den emakume bat nola den gai ume hori samur, goxo eta arduraz maitatzeko, hezteko eta zaintzeko, eta erakutsi nahi nuen, nolabait, gezurrak eta jatorri ezkutuak nola azaleratzen diren, eta nola uztartzen diren maitasunarekin.

«Biktima asko eta asko militantzia politiko argirik gabeko pertsonak dira: batez ere emakume pobreak eta gazteak, landa eremuetan bakarrik bizi zirenak»

Nahiz eta gai delikatua den eta Txilen milaka laguni eragin zien, gaur egun oraindik nahiko ezkutuan dago, ez da asko hitz egiten horren inguruan.

Duela pare bat urtetik hona, gaia askoz maizago agertzen da komunikabideetan. Bi faktore daude: batetik, kontu honek guztiak eragin dien emakumeen elkarteak sendotuz joan dira; politika publikoak eta gaiari ikusgaitasuna emateko ekintzak sustatzen dituzte kalean, eta eragin handia dute. Bestetik, Gabriel Boric presidente ohiaren agintaldian, plan nazional bat sortu zuten diktaduran desagertutakoak bilatzeko, eta horrek aukera eman zuen ume lapurtuen auziari lotutako biktimak bilatzeko.

Aurrerapenik ekarri zuen plan horrek?

Oso gutxi egin zen aurrera; izan ere, neurria ez zen egon indarrean Boricen agintaldiaren hasieratik, eta horixe izan zen gaur egungo presidente Jose Antonio Kast-ek bertan behera utzi zituen lehen programetako bat. Dena den, uste dut hedabideek bultzada eman diotela gaiari, horren inguruan gehiago jakin dadin.

Eliza zertan aritu zen egitura horretan guztian?

Argitara ateratako lehen kasuek zerikusia zuten apaizekin. Apaizak herrialde honetako elitearen oso gertukoak ziren, eta, amei haurrak kendu, eta beste familia batzuei ematen zizkieten, edo atzerrira bidali. Horren berri 2012 eta 2013 inguruan zabaldu zen. Garai hartan hasi zen zabaltzen, era berean, Eliza katolikoak herrialdetik ateratzen zituela, apaiz horien bidez eta atzerriko zenbait herrialderekin elkar hartuta, nerabetan ama bakar izan berri zirenen titiko umeak, neska horiek eta haien familiek desohorean bizi beharrik izan ez zezaten. Hortik aurrera, fenomenoari buruzko ikuspegia gehiago zabaldu zen, eta ikerketek argi utzi zuten batez ere emakume pobreei eragin ziela horrek guztiak.

«Biktimak bilatzeko programa izan da Jose Antonio Kastek bertan behera utzi duen lehen programetako bat»

Istorio horietatik guztietatik, zeinek hunkitu zintuen gehien?

Zirrara handia eragin zidan landa eremuko emakumeenak. Haietako asko Txile hegoaldekoak ziren, eta maputxeak, desberdinkeria horretan indigena izateak ere izan baitzuen pisua. Emakume gazte haiek, erditu ondoren, bakar-bakarrik joaten ziren ospitaletik, erantzunik gabe, ustez hila zen jaioberriaren gorpurik gabe eta inolako dokumenturik gabe; zalantzak baino ez zeramatzaten aldean. Gainera, gorputza erabat aldatuta zihoazen, ama izan berri baitziren. Ni neu Txileko hegoaldean bizi nintzenez, kasuak mapan kokatuz joan nintzen, eta, geografia horretan kokatuta, modua izan nuen identifikatzeko zer osasun etxe edo zentro txikitan desagertzen ziren haurrak inolako arrastorik utzi gabe; halako tokietan, amek ez zuten inolako erabakimenik. Hirietan ere kasu ugari izan ziren, baina batez ere landa eremuko kasuek utzi ninduten zeharo lur jota.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA