Paraguaiko herritarren erdia banketxetik dirurik atera ezinda geratu da. Porrot egin du Ueno bankuak eta, haren atzetik, Santiago Peña herrialdeko presidentea ere amildegiaren ertzean da. Presidenteak banketxe horrekin duen loturagatik Paraguaiko Kongresuak haren aurkako epaiketa politiko bat hastea erabaki zuen atzo. Horren segidan, Peñak dimisioa aurkeztu zuen, baina Kongresuak epaiketarekin jarraitzea erabaki du. Hortaz, Peñak karguan jarraitzen du, eta Senatuak erabakiko du presidentea kargutik kendu edo ez.
Zer gertatu da Ueno bankuarekin?
Paraguaiko banketxe handienetako bat zen Ueno. Urte gutxiren buruan lortu du garrantzia hori. 2023an hartu zuen Ueno izena, Vazquez enpresa multzoak Financiera El Comercio bere egin eta bi urtetara. Urtebete geroago, Vision Banco bankua bereganatu zuen. Hiru urtetan, 500.000 bazkide izatetik hiru milioi baino gehiago edukitzera igaro da Ueno —Paraguaik 6,5 milioi biztanle inguru ditu—.
Asteartean Paraguaiko Banku Zentralak iragarri zuen Uenoren kaudimen indizea eskatzen duten gutxienekoaren erdia baino txikiagoa zela. Eta banketxea likidatu dute. Hortaz, beren aurrezkiak blokeatuta geratu zaizkie Paraguaiko biztanleen erdiari edo.
Zein da presidenteak Uenorekin duen lotura?
Peña Ueno Holding finantza sozietatearen akziodun izana da. Sozietate horrek kudeatzen du, besteak beste, Vazquez enpresa multzoa, hau da, Ueno banketxearen akziodun nagusia. Iaz presidenteak esan zuen jada ez zituela akzio horiek, eta ez zuela inongo loturarik Uenorekin.
Peñak behin eta berriz adierazi izan du Uenorekin finantzetan ez dela irregulartasunik egon. Azken urteetan, gobernuaren menpeko erakundeek eta estatuaren funtsek dirua sartu dute Ueno bankuan. Joan den hilabetean, estatuko gordailuen laurdena inguru zeuden banku horretan; tartean, funts publikoetako 800 milioi dolar baino gehiago, horien zati handi bat pentsioen funtsetakoak.
Horren aurrean, zer egin du Diputatuen Ganberak?
Presidenteak banketxearekin izandako loturaren harira, Diputatuen Ganberak haren aurkako epaiketa politiko bat hasteko prozesuari ekitea erabaki zuen atzo, Colorado Alderdiak, presidentearen beraren aldediak, ere epaiketa babestu ostean. Horacio Cartes presidente ohi (2013-2018) eta Colorado Alderdiko buruak —ANR Elkarte Nazional Errepublikanoa du izen ofiziala— atzo goizean iragarri zuen epaiketa politikoa hastearen alde bozkatuko zuela.
Presidentearen alderdikideek haren aurkako epaiketa babestu izana justifikatu zuen Cartesek. «Funts publikoen, pribatuen eta pentsiodunen lapurretaren kontra gaude», adierazi zuen atzo zabaldutako oharrean; eta, herrialdeak hala eskatzen duenean, «ausardiaz» jokatu behar dela gaineratu zuen. Diputatuen Ganberak eta Senatuak osatzen dute Paraguaiko Kongresua, eta bietan gehiengoa du Colorado Alderdiak.

Zer leporatzen diote Peñari?
Diputatuen Ganberak presidentearen aurkako epaiketa politikoa defendatzeko ondutako dokumentuan honakoak egotzi dizkiote Peñari: interes gatazka, legeen manipulazioa, pentsio funtsen desbideraketa eta aberaste bidegabea. Gainera, presidenteak herrialdeko finantza sistemaren inguruko konfiantzan eragina izan duela salatu dute, eta sistema bera arriskuan jarri duela. Gainera, Paraguaiko Banku Zentralari Ueno bankua estaltzea ere egotzi diote, banketxeak kredituak ematerako orduan ezarritako mugak gainditu izan dituelako. Hain justu, Carlos Carvallo Paraguaiko Banku Zentraleko buruak dimisioa eman du asteon, Ueno banketxeak porrot egin ostean.
Nor da Carlos Carvallo?
Kargura iritsi eta hilabetera, 2023ko irailean, Peñak Paraguaiko Banku Zentraleko presidente izendatu zuen Carvallo. Aurrez, Uenoko presidentea izan zen. Interes gatazka egotzi diote Carvallori ere.
Banku Zentralak ekainean ohartarazi zuen Ueno mailegu gehiegi ematen ari zela banketxearen akziodunekin lotura duten enpresei. Horrelako ekintzak mugatuta daude, bankuaren jabeek ez ditzaten beren negozioetarako erabili bankuko bazkideen aurrezkiak. Halere, Banku Zentralak ez zuen neurririk hartu.
Peñak ez al du ba dimisioa eman?
Presidenteak dimisioa aurkeztu zuen atzo, baina jarraian Diputatuen Ganberak haren aurkako epaiketa politikoaren inguruan bozkatu zuen. Aho batez epaiketarekin jarraitzea erabaki zuten. Ondoren, presidentearen dimisioa onartu ala ez bozkatzekoak ziren, baina Peñaren alderdikideek ganbera utzi zuten; erabakia hartzeko gutxieneko kide kopururik ez zegoenez, bertan behera geratu zen bozketa. Hortaz, Peñak karguan jarraitzen du, eta haren aurkako epaiketan parte hartu beharko du. Kongresuan gertatutakoaren berri izan ostean, Peñak ohar bat kaleratu zuen sare sozialetan, eta esan zuen bere burua defendatzeko «argudioak eta frogak» aurkeztuko dituela. Gaur zen Senatuan hitz egitekoa, baina 72 orduko atzerapena eskatu du.
Zergatik ez dute onartu dimisioa?
Presidentearen dimisioa onartu izan balute, Peñak ez luke auzitegietara joan beharko. Paraguaiko Konstituzioaren arabera, presidente ohiak biziarteko senatari kargua izango dute, «epaiketa politiko batean errudun jotzen ez badute». Biziarteko senatari bat foruduna da, hau da, ezin dute epaitu, behintzat, Senatuak hori ahalbidetzen ez badu. Horregatik, oposizioak epaiketa politikoa egin nahi du, Peñak auzibide penalen aurrean ere erantzun beharra edukitzeko. Paraguaiko fiskaltzak iragarri du Peña ere ikertuko duela, Uenoren aurka abiarazitako ikerketaren baitan.