AEBek ohartarazi dute Errusiak «hilketak» eten beharko dituela «denbora luzerako bakea» nahi badu

Moskuk Ukrainako energia eta garraio azpiegiturak bonbardatu ditu, beste behin. Zelenski Starmerrekin, Macronekin eta Merzekin bilduko da astelehenean, Londresen.

Ukrainako suhiltzaile bat, bart, Dnipropetrovsken. EFE
Ukrainako suhiltzaile bat, bart, Dnipropetrovsken. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abenduaren 6a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Washington ahaleginean dabil Moskuren eta Kieven artean, behingoz sinatu dezaten gerra atzean uzteko 28 puntuko plana. Steve Witkoff eta Jared Kushner Ameriketako Estatu Batuetako negoziatzaileak Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu dira asteon, Kremlinen, eta Rustem Umerov Ukrainako Segurtasun Nazionalerako idazkariak, berriz, Miami hiriraino (AEB) joan behar izan du eztabaidatzeko; biltzen diren hirugarren eguna dute gaurkoa. Sare sozialetan, Witkoffek bart adierazi du «denbora luzerako bakea» Errusiaren «konpromisoaren» araberakoa izango dela, eta horretarako beharrezkoa duela «hilketak etetea». 

Errusiak ez ditu eten Ukrainaren aurkako erasoak: 650 drone eta 50 misil inguru jaurti ditu bart herrialdearen luze-zabalean, eta gehienbat energia eta garraio azpiegiturak izan ditu helburu, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan gaur adierazi duenez. Ikuspegi militarretik ikusita, «zentzurik gabeko» bonbardaketak izan direla xehatu du. Ukrainako armadak ohar bat kaleratu du, eta jakinarazi gehientsuenak eraitsi dituztela, nahiz eta hainbat gunetan eztandak izan diren.

Polonia ekialdean, Ukrainarekin muga egiten duen inguruan, sirenak entzun dira gauean. Hori dela eta, herrialdeko armadak gerra hegazkinak zabaldu ditu, ordu txikietan publikatu duen mezu batean adierazi duenez.

Ukrainak ituan ditu, batik bat, Errusiaren armada erregaiz-eta hornitzeko erabiltzen dituzten petrolio findegiak, eta, Ukrainako armadaren arabera, Riazan eskualdeko findegi bati egin diote eraso bart —Moskutik 200 kilometrora hego-ekialderantz—. Eskualde horretako gobernadoreak mezu bat kaleratu du. Azaldu du etxebizitza bloke batean kateak eragin dituela erasoak, eta droneen hondakinak «industrialde» baten erori direla. 

Ukrainako Luhansk eskualdeko —Errusiak inbaditua du 2022tik— fabrika bat ere bonbardatu dute; Errusiako armadak erabiltzen dituen misilen osagaiak egiten dituzte han: «Defentsa indarrak neurriak hartzen jarraitzen du, erasotzaile errusiarren potentzial militar-ekonomikoa deuseztatzeko», adierazi du Ukrainako armadak, gaur kaleratu duen ohar batean. Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak Telegramen jakinarazi duenez, Ukrainaren 116 drone eraitsi dituzte bart herrialdeko zenbait eskualdetan.

Europarekin biltzear

Zelenskik prentsaurreko bat eman du gaur Kieven, eta kazetari batek galdetu dio ea Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko agintariekin bilduko ote den astelehenean, azken herrialde horretako hedabideek goi bilera baten berri eman baitute gaur —horretan parte hartzekoak dira Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa—. «Bai, aurreikusita dago», erantzun du presidenteak, Interfax berri agentziak kaleratu duenez.

Ez du bileraren xehetasunik eman; izan ere, Umerov idazkariak AEBetako negoziatzaileekin hitz egin duenari buruzko txosten baten «esperoan» dago Zelenski. Hain zuzen ere, Kieven eta Washingtonen arteko elkarrizketen inguruan hitz egitekoak dira Londresen, The Independent egunkariaren arabera.

Ikusi gehiago

IAEA-ren arabera, Txernobylgo zentral nuklearraren estalkiak ez dio eusten erradiazioari

Iragan otsailean, Errusiak eraso egin zion Txernobylgo zentral nuklearrari, eta kalteak eragin zituen erradiazioari eusteko estalkian. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak adierazi zuen ez zuela nabaritu aldaketarik erradiazioan, baina, kaleratu berri duen ohar batean, jakinarazi du jada ez diola erradiazioari eusten. Erasotik gaurdaino, behin-behineko konponketak egin dituzte estalkian, baina IAEAk esan du berritu egin behar dela, «segurtasun funtzioa» bete dezan.

1986an Txernobylgo istripua izan eta gero, zenbait hamarkadarako estalki bat eraiki zuten. 2010ean ekin zioten estalki berria eraikitzeari, eta 2019aren bueltan amaitu zituzten obrak. 1.500 milioi euro kostatu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.