Ukrainak Europaren babesa eskertu du, AEBak gero eta urrunago baititu

Trumpekiko harremana tenkatua dagoen honetan, «benetako liderren» babesa duela nabarmendu du Zelenskik Europar Kontseiluan. Ukrainako armadak erabiltzen duen satelite sistema mugatzea Etxe Zuriak agindu zuen.

Costa, Zelenski eta Von der Leyen, gaur, Europar Kontseiluaren goi bilera hasi aurretik, Bruselan. EFE
Costa, Zelenski eta Von der Leyen, gaur, Europar Kontseiluaren goi bilera hasi aurretik, Bruselan. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urriaren 16a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Washington gero eta urrunago sentitzen du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, eta Europara gerturatu beste aukerarik ez du. AEBetako presidente Donald Trumpekin lehendik ere izan ditu tirabirak, baina, oraingoan, gudu zelaian nabaritu ditu ondorioak. Azken egunetan salatu du armadak erabiltzen duen satelite bidezko Internet zerbitzua moteldu egin dela. Eta gaur Reuters berri agentziak, bi iturri ofizial aipatuz, baieztatu du Etxe Zuritik agindu zutela sistema hori mugatzeko. Herenegun Andy Burham Erresuma Batuko presidentearekin batzartu zen Zelenski, eta gaur «benetako liderren» babesa eskertu du Europar Kontseiluan.

«Eskertuta nago Europar Kontseiluak, Europako Batzordeak eta liderrek, benetako liderrek, emandako laguntza itzelagatik; gure alboan egon dira gerra hasi zenetik. Berebizikoa da laguntza hori», adierazi du Zelenskik gaur, Bruselan emandako prentsaurreko batean.

Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentearen eta Ursula von der Leyen Europako Batzordekoaren alboan mintzatu da, talde komunitarioko liderren goi bilera baino lehen —atzo hasi zen, eta gaur amaituko da—. Costak, gainera, ziurtatu du Kieven alboan jarraituko dutela: «Ez da Ukrainari laguntza kentzeko garaia. Ez da Errusiari zigorrak kentzeko garaia. Laguntza eta presioa, biak areagotzeko garaia da».

Etxe Zuriari mezua bidali nahi izan dio Costak. Izan ere, aurreko astean Trumpek Errusiari zigorrak arindu zizkion haren diesela nazioarteko merkatuetara saltzearen trukean. Ordutik, asko tenkatu da Kieven eta Washingtonen arteko harremana. Reutersen arabera, AEBetako Defentsa Departamentuak Ukrainako militarrei Starshield zerbitzua moteltzeko agindu bat jaso zuen. Space X enpresaren Starlink satelite bidezko Internet zerbitzuaren erabilera militarrerako bertsioa da Starshield, Pentagonoarentzat propio garatua.

5

Putinek Europako zenbat enpresari ezarri dien kanpoko kontrola. Vladimir Putin Errusiako presidenteak dekretu bidez erabaki du Europako bost enpresaren aktiboak behin-behinean desjabetzea; aktibo horiek Tsentr Kapital Errusiako enpresaren kontrolpean geratuko dira. Kremlinek esan duenez, Mendebaldeak Errusiako enpresen aktiboak izoztu dituelako hartu du erabaki hori.

Kievek satelite bidezko zerbitzua erabiltzen du, besteak beste, droneak gidatzeko. Zerbitzu hori moteltzeak droneekin erasoak egitea zaildu dio Ukrainari, baita aire eremuko defentsa sistemak ohi baino geroago aktibatzea eragin ere.

Hain justu, Trump Kievi exijitzen aritu zaio geldiarazteko Errusiako petrolio findegien aurkako erasoak. AEBetako presidenteak igandean iragarri zuen energia alorreko menia bat onartu zutela bi aldeek. Ez Moskuk eta ez Kievek ez dute berretsi tregoa hori onartu dutenik; eta Errusiak Ukrainako azpiegitura energetikoei eraso egiten jarraitu du.

Atzo Ukrainak ere eraso egin zion Errusiako petrolio findegi bati. Eta gaur goizaldean Trumpek armonia egin dio Zelenskiri. Esan du Kieven jarrera «lotsagarria» dela, eta zailagoa dela Zelenskirekin negoziatzea Vladimir Putin Errusiako presidentearekin baino. Newsmax hedabideari egin dizkio adierazpen horiek, eta gaineratu du Zelenski ez zaiola ari munduari mesede egiten. Trumpen hitzetan, Errusiako findegiei egindako erasoak erregaien prezioak garestitzea eragiten ari dira —adituen arabera, Iranen aurkako gerra da garestitze horren arrazoi nagusia—.

Kiev, Patriot misilik gabe

Gaur CNN hedabideak, iturri ofizialak aipatuz, kaleratu du Ukraina Patriot misilik gabe geratu dela. Misil horiek AEBetan egiten dituzte, eta aireko defentsarako erabiltzen ditu Kievek. Zelenskik zenbait hilabete daramatza misilik gabe geratzear zirela ohartarazten. Misil horiek funtsezkoak dira Kieventzat; izan ere, Errusiaren misil balistikoak eraisteko ahalmena duen arma apurretako bat da.

Trumpek menia indarrean jartzea bere kabuz onartutako erabakia izan dela argi geratu da gaur ere. Errusiako armadak Ukrainako energia azpiegiturak jo ditu goizaldean, eta zortzi eskualdetan itzalaldiak eragin. Gainera, Kharkiven hiru pertsona hil ditu, droneekin egindako eraso batean. Hiri horretako alkate Igor Terekhovek jakinarazi duenez, droneetako batek hiriko merkatu handienetako bat bonbardatu du. Ukrainako armadak, bestalde, bi pertsona hil ditu Luhansk eskualdean —Errusiak anexionatua du—.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA