Ukrainako fiskal nagusi Ruslan Kravtxenkok dimisioa eman zuen atzo gauean, Ukrainako Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ustelkeria kasu batekin lotu ostean. Bulego horrek ohartarazi duenez, telefonoz iruzurra egiten zuten eta «aktiboen bidez milioiak zuritzen zituzten» dei zentroen aurka egiten ari diren ikerketan fiskala aipatzen duten grabazio batzuk agertu dira, eta, beraz, iruzurrarekin lotura zuzena izatea egotzi diote Kravtxenkori.
Kravtxenkok Telegram bidez zabaldutako ohar batean iragarri zuen atzo dimisioa, eta azpimarratu zuen «erabaki politiko bat» izan dela, «kontzienteki» hartua. Bertan azaldu zuen dimisioaren «arrazoi nagusia»: ez duela nahi «fiskal nagusi kargua konfrontazio politikorako tresna gisa erabiltzea». Volodimir Zelenski presidenteari eta Ukrainako Parlamentuari eskatu zien bere erabakia onartzeko.
Atzo goizean, baina, kontrakoa esan zien hedabideei; izan ere, orduan ziurtatu zuen ez ziola karguari uko egingo, eta bere etorkizuna Zelenskiren zein Parlamentuaren esku zegoela. Hala ere, azpimarratu zuen ez duela «inolako loturarik» egozten zaizkion ekintzekin.
10Zenbat diplomazialari errusiar kanporatu dituen Budapestek. Hungariako Gobernuak Errusiako enbaxadako hamar langile kanporatu dituela iragarri du gaur, «jarduera onartezinak» egitea egotzita. Hungariako Atzerri ministroak sare sozialetan adierazi du erabaki horrek herrialdearen «segurtasuna eta subiranotasuna» babesten dituela, nahiz eta bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoen haustura ez dakarren. Moskuk segidan erantzun dio erabakiari, eta Atzerri Ministerioko bozeramaileak nabarmendu du Kremlinek erantzun «gogorra eta mingarria» emango diola.
Bere kargua «erakunde kriminalen jarduna errazteko» erabili izana leporatu diote Kravtxenkori. Izan ere, ustelkeriaren aurkako bulegoak grabatutako elkarrizketetan, susmagarrietako batzuek «nagusi» gisa izendatzen zuten pertsona bat identifikatu zuten, ustez dei zentro horiei babes politiko eta juridikoa ematen ziona. Ukrainako hedabideek kaleratutakoaren arabera, bulegoak egiaztatu du «nagusi» hori Kravtxenko dela, eta, beraz, legez kanpoko jardunetarako baliatu duela fiskal nagusi izatea.
Aztertutako dei zentro horiek Ukrainako zein atzerriko —besteak beste Errusiako, Israelgo, Erdialdeko Asiako eta Europako Batasuneko— herritarrei iruzur egiten zieten, gezurrezko negozioak edo kriptodirua eskainiz, edota bankuetako zerbitzuen izenean datu pribatuak lapurtuz. Hala ere, iragan larunbatean ustelkeriaren aurkako bulegoak jakinarazi zuen erakunde kriminal hori desegin zutela.
Ukrainarentzat dei zentroetako iruzurrak arazo diplomatiko eta ekonomiko bilakatu dira azkenaldian, eta, hortaz, Zelenskik bi lege proiektu aurkeztu berri ditu Parlamentuan sare horiek amaitzeko.
Sei hildako erasoetan
Ukrainako barne politikan egoera gero eta gorabeheratsuagoa den honetan, Errusiak eta Ukrainak elkarri eraso egiten segitzen dute. Gaur bertan, Errusiak Kieven aurka egindako azken erasoen ondorioz, gutxienez hiru pertsona hil dira Ukrainako hiriburuan.
Bestalde, Ukrainak gaur ere eraso egin die Errusiari eta Krimeako penintsulari. Tokiko agintariek salatu dutenez, gutxienez hiru pertsona hil dira Briansk eskualdean eta Krimean izandako bonbardaketetan. Moskuk jakinarazi du gaur gauean Ukrainak jaurtitako 380 drone baino gehiago eraitsi dituela, bere aire defentsa sistema baliatuta.