Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri du hiru eguneko su etena adostu dutela Ukrainak eta Errusiak. Bihar hasiko da, eta astelehenera arte iraungo du. Gainera, AEBetako presidenteak jakinarazi du bi aldeek mila preso trukatuko dituztela. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak erasoak etengo dituztela baieztatu du.
Kremlinek Garaipenaren Eguna ospatuko du bihar, eta, horren harira, bi eguneko menia bat jarri zuen mahai gainean astearen hasieran. Moskun desfile militarra egingo dute bihar, 81 urte beteko baitira Sobietar Batasuneko armadak naziak garaitu zituenetik. Ospakizun hori arriskurik gabe egin nahi du Kremlinek, eta iragarri zuen bi egunez etengo zituztela Ukrainaren aurkako erasoak. Hori bai, Moskuk ohartarazi zuen desfileak iraun bitartean Ukrainako armada zerbait egiten saiatuz gero Errusiako armadak Kiev erdigunearen aurkako eraso masibo bat eginez erantzungo diola.
Azkenean, ordea, badirudi Kievek ez duela horretarako asmorik. Astelehenean, Ukrainako armadaren drone batek Moskuko eraikin bat jo zuen, eta Zelenskik esan zuen Kremlin beldur dela Ukrainak Garaipenaren Eguneko desfile militarrean droneekin eraso egingo ote duen. Asteartean, ordea, Zelenskik berak proposatu zuen tregoa berehala hasteko. Ordutik, baina, elkarri erasoak egiten aritu dira Ukraina eta Errusia.