Ultra bat, kaleko jendea eta MAGAkoen txanoak: Trumpen semeak Nuukera egindako bisitaren doilorkeriak

Donald Trumpen seme zaharrena Nuuken izan zen duela urtebete, «turismoa egiten». Hona hemen hark egindako ibilbideari segika idatzitako kronika.

Trump Jr. Donald Trumpen semea Nuuken, iazko urtarrilean. EMIL STACH / EFE
Trump Jr. Donald Trumpen semea Nuuken, iazko urtarrilean. EMIL STACH / EFE
Oriol Bäbler Mata (Vilaweb)
Nuuk
2026ko otsailaren 5a
18:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trump Force One Nuukeko aireportuan lurreratu da. Hegazkina hain da handia, ozta-ozta sartzen baita pistan. Urdin ilun-iluna da, eta zakar dabil pistan; terminalaren ondoraino joan da, zeinak paperezko eraikin bat ematen baitu. Donald Trumpek oraindik ez du bigarrengoz hartu AEBetako presidente kargua, eta haren «ordezkari talde bat» dago hegazkinean —ironikoki, Danimarkako hegazkin konpainia merke batena izan zen 90eko hamarkadan—.

Jende multzo txiki bat begira dago, jakin-minez eta harrituta, haizeak izotzetik ihes dabiltzan elur malutak barreiatzen dituen bitartean. Atea ireki, eta Trumpen seme zaharrena agertu da, Donald Trump Jr., eskuin muturreko influencer Charlie Kirk, eta Sergio Gor —gaur egun, enbaxadorea da Indian—. Esan dutenaren arabera, turismoa egiteko eta groenlandiarrak ezagutzeko datoz bisitan, baina trumpismoaren itzuleraren lehen keinu sinbolikoa da, uhartearen jabetza eskatzeko. «Egin berriro Groenlandia handi», diote.

Pistan, Trump Jr. argazkiak ateratzen ari da zenbait langilerekin, hotzetik babesteko epelera sartu aurretik. Terminalean, Jorgen Boassen ultra dauka zain, hura izango baitu gidari lau bat orduko bisitan. Inuiten anorak zuri tradizionala du soinean, ilea gominaz gogortua; «Trumpen mireslerik amorratuena» dela esan ohi du. Gero, autoz joan dira Nuuk erdialdera, eta hiru geldialdi baino ez dituzte egin.

«Egundoko ikuskizuna izan zen; ez zuen ez buru ez hanka», azaldu du bertako kazetari batek. «Seguru asko indar eta botere erakustaldi adeitsu bat egin nahiko zuten, baina zentzugabe samarra izan zen», gehitu du.

Groenlandiako hiriburuaren alde zaharrean egin dute lehen geldialdia, katedral luteranoaren ondoan; zurezko eraikin gorri bat da, 1849koa. Trump, Kirk eta Gor, esploratzaile itxurak eginez, nekez igo dira ondoko muinora, kazetari olde batez inguratuta.

Muino hori izango da, ziurrenik, hirian eztabaida gehien sortzen duen txokoa. Hiri erdigunearen, fiordoaren eta izozmendien ikusmirak postal zinematografiko bat dirudi. Nolanahi ere, goi-goian, Hans Egede misiolariaren —Groenlandiako apostolua esaten diote— brontzezko estatua bat dago, hark sortu baitzuen Nuuk 1728an. Garai hartan ez zuten begi onez ikusi, eta herritarren iritzia ez da askorik aldatu ordutik. Egedek atea ireki zien Danimarkako kolonialismoaren garrei, eta ez da harritzekoa haren eskulturak bandalismo zantzuak izatea.

Hans Egede misiolariaren eskultura, Nuuken. ORIOL BÄBLER MATA
Hans Egede misiolariaren eskultura, Nuuken. ORIOL BÄBLER MATA

Estatuak pintura gorriaren arrastoak ditu. Jagermeister botilatxo bat dago oinen parean, baita jateko zerbaiten zorroa bat ere. Usain arraroa dago. «Jendea hona igotzen da gauean», esan du Trumpen segizioa ikusi zuen bizilagun batek. «Ahalegin handiagoa egin zuten sakelakoarekin beren burua grabatzen, Nuuk ulertzen baino», adierazi du. Haizea txistuka dabil. Egederen aurpegi metalikoak begirada gogorra du, ia gorrotozkoa. Esku batean Biblia dauka, eta bestean, makila bat.

«Groenlandian benetako interesa izan balute, muinotik jaitsi eta egun osoa museo nazionalean igaro besterik ez zuten», azaldu du gizonak, atsekabez. Ordezkariak lehengo bidetik itzuli dira katedraleraino, eta, atarian, ustekabean agertutako trumpzale batzuekin argazkiak atera dituzte. Denek txano gorriak dituzte, lelo eta guzti: Egin berriro Amerika handi.

Trumpenganako babes keinu gisa saldu zuten hori, baina, egiaz, haiek berek antolatu zuten, korrika eta presaka, Trump, Kirk eta Gor Egederekin selfieak egiten ari ziren bitartean. «Oso tristea izan zen: ordezkarietako batek Egin berriro Amerika handi leloa zuten txanoak oparitu zizkion jendeari, eta, gero, groenlandiar trumpzaleak zirelako itxurak egin zituzten», kritikatu du kazetari batek. Dena dela, artean okerrena falta zen.

Ordezkariek beste bi geldialdi egin dituzte: A Hereford Beefstouw katearen jatetxean eta Daddy’s pubean. Estatubatuarren segizioak erabat aztoratu du hiriburuko erdiguneko lasaitasuna, baina jendea jakin-minez hurbildu da, ez interesak bultzatuta. «AEBek Groenlandia anexionatzeko asmoak ez dauka benetako babesik hemen», esan du. Azken hauteskundeetan boto gehien jasotako bigarren indarra, Naleraq —eskuineko alderdi populista eta independentista—, prest dago Washingtondik datozen sirena kanta eztiak entzuteko, baina subiranotasunari uko egin gabe.

Pubean eta jatetxean, berriz ere jarraitzaile trumpzaleek inguratu dute Trump Jr., baina gehienak Boassenek kalean bildutako pertsona zaurgarri eta alderraiak dira. Pubaren eta jatetxearen artean dagoen Brugseni supermerkatuaren inguruan ibili ohi dira. «Jana eta edana eskaini zizkieten, doan. Trukean, txano gorria janzteko eskatu zieten, besterik ez. Noski, baietz esan zuten», azaldu du dendari batek.

Nuukeko Brugseni supermerkatua. ORIOL BÄBLER MATA
Nuukeko Brugseni supermerkatua. ORIOL BÄBLER MATA

Supermerkatuaren aparkalekuan, oihal bat dago lurrean zabalduta, bigarren eskuko eta zaborretatik hartutako objektuak saltzeko jarria. Gizon batek irribarre egin du eta besoak altxatu ditu Trumpen semearen bisitaren inguruan galdetutakoan, baina ez du ezer esan nahi. Jatetxean, ordezkariek presidente hautatuari deitu diote, Groenlandiako bere «jarraitzaileekin» hitz egin dezan.

Bideo batean, Trump ageri da bere grina inperialista justifikatzen, eta esan du ezinbestekoa dela AEBen defentsarako. «Segurtasuna behar dugu; bai gure herrialdeak, bai mundu guztiak», adierazi du, eta jangela osoa txaloka jartzeko eginahaletan ari da Kirk: «Hori atsegin dugu, ezta?». Langileek urrutitik so egiten diote ikuskizunari, kamerei ihesi. «Ondo tratatuko zaituztegu, badakizue. Zaudete lasai», biribildu du Trumpek.

Itsaskiak, moluskuak eta bertako okela zerbitzatu dituzte. «Hiriko jatetxerik onena da», azaldu du dendariak. Pubean, are doilorragoa da irudia. Trump Jr. argazkiak ateratzen ari da AEBetako banderarekin. Taberna ireki berri dute, eta nahiko hutsik dago. «Billarrean aritzeko erronka joko niokeen», esan du bezero batek. «Hilerria dirudi orain, baina asteburuetan diskoteka ederra da», gehitu du.

Pinta bat garagardori aparra dario, eta norbait oihuka ari da: 300 koroa danimarkar ordaintzeko (40 bat euro) eskatu die zer ikusezin batzuei. «Ez zuten ezer edan», ziurtatu du zerbitzari batek; keinu bat egin du, eta ez du beste ezer esan nahi.

Bezero gutxi daude, eta daudenak, goibel samar. Daddy’s puba ez da Mark Rutteri eginiko omenaldia, baina ikuskizunaren dekoratuaren parte da.

Geroxeago, Air Force One-k ziztu bizian azeleratu, Sermitsiaq mendiaren ertzak saihestu, eta zeruan desagertu da, Mar-a-Lagora bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.