Arrazakeria AEB-etan

Urte bat bete da George Floyd hil zutenetik

2020ko maiatzaren 25ean AEBak astindu zituen polizia zuri batek Floyd afro-amerikarra hiltzeraino itotzeak. Hilketa hark azalera atera zuen afro-amerikarrek urteetan jasandako arrazakeria. Bidenek Etxe Zurian jasoko du gaur Floyden familia.

George Floyd oroitzeko manifestazioa, joan den igandean, Minneapolisen (AEB). CRAIG LASSIG / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 24a
18:24
Entzun

Urtebete igaro da Ameriketako Estatu Batuetako arrazakeria berriz ere mahai gainera atera zenetik. Urtebete Minneapolisko (AEB) polizia baten jokabideak sortutako haserreak AEBetako mugak gainditu zituenetik. Urtebete Derek Chauvin poliziak George Floyden lepoa belaunarekin zapalduta 9 minutu eta 29 segundoz izan zuenetik. Urtebete polizia zuri batek beste afro-amerikar bat hil zuenetik

2020ko maiatzaren 25a zen, eta Minneapolisko Poliziak Floyd atxilo hartu zuen erosketak hogei dolarreko billete faltsu batekin ordaintzeagatik. Lau polizien artean lurrera bota zuten, eskuburdinak jarri zizkioten, eta haietako batek, Chauvinek, belaunarekin lepoa zapaldu zion, geldirik eusteko, nahiz eta berak behin eta berriz errepikatu ezin zuela arnasarik hartu. Epaiketan erakutsi zuten transkripzioak frogatu zuen moduan, Floydek hogei alditan errepikatu zuen itotzen ari zela.

Gauza bera zioten lekukoek: «Mesedez, mesedez, ezin du arnasa hartu. Mesedez». Ondoan beste polizia bat zegoen zutik, jendea hurbil ez zedin, eta hari ere esan zioten: «Gozatzen ari zara». Ez zuten jarrera aldatu, ordea. Zazpi minutu igaro zirenerako, Floyd konorterik gabe zegoen, baina Chauvinek jarraitu egin zuen hari eusten, harik eta larrialdi zerbitzuak heldu ziren arte. Ospitalean hil zen.

Gertatutakoaren bideoa azkar zabaldu zen, berehala hasi ziren protestak, eta kanporatu egin zituzten bideoan ageri ziren lau poliziak. Manifestazioak Minneapolisen hasi ziren, baina herrialde osora zabaldu ziren gero —26 estatutan Guardia Nazionala atera zen kalera manifestariei jazartzeko—, eta mundu osora azkenik: Erresuma Batura, Brasilera, Belgikara... Euskal Herrian ere izan ziren protestak. Besteak beste, ospetsua izan zen Bristolen (Erresuma Batua) egin zuten ekintza: itsasora bota zuten esklabo trafikatzaile baten estatua. Jendetsua izan zen Floyden hileta ere.

AEBetan, Floyden hilketak inoizko manifestaziorik gogorrenak piztu zituen. Adam Green Chicagoko Unibertsitateko irakasleak BERRIAri azaldu zion moduan, «60ko hamarkadan ere ez zen halakorik izan». Haren arabera, «hainbeste hilketaren ostean batere gizatasunik gabeko beste bat izateak frogatzen du polizia horientzat, behintzat, beltz baten bizitzak ez duela baliorik». Azpimarratu zuen «Floyden hilketari buruz irakurri edo bideoak ikusi dituztenek sentitu dutela barruan oinarrizko zerbait apurtu zaiela».

Izan ere, gertatutakoak gogora ekarri zuen 2014an gertatu zen beste kasu bat, Eric Garnerrena. Orduko horretan, atxilotuak, afro-amerikarra hori ere, 11 aldiz errepikatu zion poliziari ezin zuela arnasa hartu. Hura ere hil egin zuten. 

Poliziaren Indarkeria Maparatzeko Proiektuaren arabera, 1.099 herritar hil zituen Poliziak 2019an; horietatik %24 afro-amerikarrak ziren, nahiz eta horiek biztanleen %13 izan. Greenek azaldu zuen moduan, horrek esan nahi du «afro-amerikar batek Poliziak hila izateko hiru aldiz aukera gehiago dituela».

Polizia indarkeriaren aurkako legeak

AEBetako banaketa politikoa ere agerian utzi zuen hilketak. Presidentetzarako kanpaina betean hil zuten Floyd, eta haren hilketak zuzeneko eragina izan zuen Joe Biden demokrataren garaipenean. Gaur, hilketaren urteurrena dela eta, Bidenek Floyden familia jasoko du Etxe Zurian.

Hilketa gertatu eta gutxira, Alderdi Demokratak hainbat neurri proposatu zituen polizia indarkeria arrazistari aurre egiteko. Polizia gehiegikerien auzipetzea erraztea proposatu zuten, abusu horien erregistro nazionala sortzea, eta atxilotuak mendean hartzeko itotze teknikak eta bestelako batzuk debekatzea.

Neurri horiek biltzen ditu demokraten proposamenak, baina ez da indarrean sartu. Legedi hori Ordezkarien Ganberak onartu zuen, baina ez Senatuan. Izan ere, han eserleku kopuru bera dute demokratek eta errepublikanoek, eta ez dirudi azken horiek legea onartzeko asmorik dutenik.

Minneapolisen, berriz, Udal Gobernua osatzen duten hamahiru zinegotzietatik bederatzik Polizia Departamentua desegiteko proposamena babestu zuten iaz—alkatea aurka agertu zen—.

40 urteko zigorra

Floyden hiltzaileei dagokienez, ia urtebete geroago eman zuten Chauvinen aurkako epaia: epaimahaiak erruduntzat jo zuen delitu guztietan. Martxoaren 8an hasi eta apirilaren 20an amaitu zen epaiketa. Chauvini bigarren graduko erailketa, hirugarren gradukoa eta nahi gabeko hilketa delituak leporatu zizkioten. Hortaz, baliteke 40 urte inguruko zigorra ezartzea: kargu larrienarengatik, kopuru hori; hirugarren graduko hilketarengatik, 25 urte artekoa; eta bigarren graduko giza hilketagatik, hamar urtera artekoa. 

Beltzen eskubideen aldeko eta arrazakeriaren aurkako elkarteek ongi etorria eman zioten polizia ohiaren kontrako sententziari, nahiz eta ohartarazi zuten funtsean dagoen arazoa ez dela oraindik konpondu; poza eta zuhurtzia nabari da haien hitzetan, datozen urteei begira. «Espero dugu epai honek erakutsiko duela supremazismo zuriak ez duela irabaziko», ohartarazi zuen BLM Black Lives Matter mugimenduak, ohar baten bidez: «Supremazismo zuriak ez du tokirik demokrazian».

Hainbat irakurketa

Azken urtean, BERRIAk Floyden heriotzarekin lotutako hainbat pieza argitaratu ditu. Besteak beste, Itziar Ugarte Irizar kazetariak iazko ekainaren 14an argitaratu zuen komunitate beltzak «esklabotzaren ilunenetik» baliatu izan duela musika elkarrengana batzeko, eta ia ereserki bihurtu diren kantuak utzi dituela kateak ordutik. Haietako batzuk bildu zituen erreportaje batean.

Azaroan, Ricard Gonzalezek hizpide izan zuen Floyden hilketak mundu arabiarrean izandako eragina. Afrika iparraldean, Tunisia izan zen aitzindaria. Izan ere, han arrazakeria lotuta dago mendeetako esklabotzak utzitako lorratz sakonarekin.

Azkenik, hilketaren urteurrena aitzakiatzat hartuta, joan den igandean BERRIAk sakon landu zuen AEBetako arrazakeriaren gaia. Arantxa Elizegik aztertu zuen nola bazterketa ez den soilik Poliziaren indarkeriara mugatzen, eta gizarteko alor guztiei eragiten dien

Elizegik berak Andre Perry Brookings institutuko ikerlaria elkarrizketatu zuen. Hark, besteak beste, nabarmendu zuen afro-amerikarrek ez dutela «arrazakeria sistematikoaren amaierak konpondu ezin duen ezaugarri kaltegarririk».

Iosu Alberdik azaldu zuen nola beltzek ez ezik, asiar-amerikarrek ere jasaten duten arrazakeria AEBetan. Azken urtean asiar-amerikarren aurkako eraso arrazisten gorakada izan da, baina jasaten duten diskriminazioak ez du ezer berritik. Afro-amerikarrenak ere ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.