Azken bi hilabeteak ohi baino askoz beroagoak izan dira Europa mendebaldean. Argia da datua: ekaina eta uztaila kontuan hartuz gero, kontinentearen mendebaldean inoiz ez du horrenbesteko berorik egin, erregistroak daudenetik behintzat. Inoizko uztailik beroenetan bigarrena izan da aurtengoa, 2024koarekin berdinduta —2023koa are beroagoa izan zen—. Uztailean urteko hirugarren eta laugarren bero boladak izan dira kontinentearen zati horretan —nahiz eta ekainekoak baino apalagoak izan diren—. Bi hilabeteak kontuan hartuta, 21,62 graduko batez besteko tenperatura izan da, 1850etik 1900era arteko batezbestekoa baino 2,79 gradu altuagoa. Datuok Copernicusek eman ditu, klima aldaketa aztertzeko Europako Batzordearen menpeko zentroak.
Kontinente osoari dagokionez, batez besteko tenperatura inoizko beroenetan hamaikagarrena izan da —20,49 gradu batez beste—, eta 1991-2020 garaiko batez besteko tenperatura baino 0,66 gradu beroagoa. Mendebaldean ohikoa den baino askoz bero handiagoa egin du, batez ere Frantzian, Espainian, Ingalaterran eta Irlandan, prezipitazioak eta zoruaren hezetasuna oso txikiak izan baitziren; Europa ekialdean eta Eskandinavian, berriz, ohi baino bero gutxiago egin du. Horrek erakusten du zer-nolakoa aldea dagoen kontinentearen ekialdearen eta mendebaldearen artean.
Munduan ere uztail oso beroa izan da: airearen tenperatura 16,90 gradukoa izan da batez beste; alegia, 1991-2020 aldiko batez besteko tenperatura baino 0,67 gradu beroagoa, eta, 1850etik 1900era arteko erregistroekin alderatuta, 1,47 gradu beroagoa. El Niño fenomenoak asko handitu du tenperatura anomalia. Ozeano Barearen ekialdeko tropikoan modu ziklikoan gertatzen den fenomenoa da El Niño, eta tenperaturak ohi baino beroagoak izatea eragiten du.
2,79Zenbatekoa izan den aireko tenperatura anomalia Europa mendebaldean, ekainean eta uztailean. Inoiz ez du hainbesteko berorik egin Europa mendebaldean ekainean eta uztailean. Aurreko urteetako hilabete horietan izandako tenperaturekin alderatuta, aurtengo bi hilabeteen batezbestekoa 2,79 gradu beroagoa izan da. Batez beste 21,62 graduko tenperatura izan da aurten bi hilabete horietan.
Lehortea eta suteak
Samantha Burgessek, ECMWF Erdiko Eperako Aurreikuspen Meteorologikoetarako Europako Zentroko klima estrategia arduradunak, ohartarazi du tenperaturen etengabeko gorakadak gero eta kezka handiagoa sortzen duela. Azaldu duenez, lurzoruak, lehortu ahala, galdu egiten du berez hozteko ahalmena, eta, hala, beroa «errazago» pilatzen da. «Horrek erakusten du klima aldaketa muturreko bero fenomenoak areagotzen ari dela, eta beroak eta lehorteak elkar indartzen dutela gero eta gehiago».
Izan ere, lehorteak ere nabarmendu ditu Copernicusek. Lehortea eta bero boladak aldi berean gertatu zirenez, baso sute handiak piztu eta zabaldu ziren uztailean, batez ere Europa mendebaldean. Espainian eta Frantzian, esaterako, oso egoera larrian izan dira azken asteetan. Baso suteei buruzko Europako informazio sistemaren datuen arabera, uztail amaierarako, suteek 90.000 hektarea baino gehiago erre zituzten Frantzia osoan, azken hamarkadetako beste edozein garaitan baino gehiago. Espainian, berriz, Avilan piztutako sutean 50.000 hektarea baino gehiago erre ziren; herrialdean inoiz piztu den suterik handiena izan dela adierazi zuen Espainiako Gobernuak.
Copernicuseko Atmosfera Zaintzeko Zerbitzuko zuzendari Laurence Rouilek azaldu du uztailean Europan piztutako baso suteen ezohiko larritasuna bereziki nabarmena izan dela erretako eremuari eta emisioei erreparatuz gero. Adierazi duenez, klima aldaketak «gero eta bero handiagoa eta lehorte luzeagoak» dakartza, eta horrek intentsitate handiko baso suteak piztea eragiten du Europa hegoaldean, baita sute arriskua iparralderantz zabaltzea ere. Horrez gain, sute handien arriskuaren berri ere eman du Rouilek: «Sute handienek ke gehiago sortzen dute, eta ke hori gorago iristen da atmosferan. Horrek esan nahi du urrunago irits daitekeela, eta airearen kalitateari eta baso sute gutxi izaten dituzten herrialdeei era eragiten diela».
Europatik kanpo, Kanadako gune batzuetan, Siberian, Asia hegoaldean, Txina barrualdean edota Argentinako, Uruguaiko eta Boliviako eremu batzuetan ere ohi baino hilabete lehorragoa izan da uztaila.
Eragina itsasoan
Uztailean inoiz baino beroago egon da itsasoa; izan ere, erregistroak daudenetik inoiz ez da aurten bezain bero egon. Copernicusek erakutsi duenez, aurtengo uztailean 20,96 gradutik gorako tenperaturak izan dira ozeanoen lehen geruzetan —poloak kontuan hartu gabe—. Kostalde atlantikoaren zati handi batean eta Mediterraneoaren mendebaldean izan dira punturik beroenak, eta, azaldu dutenez, itsasoko bero boladen gorakada egon daiteke horren atzean.
Aurrez, 2023an ezarri zen marka: duela hiru urte, itsasoko batez besteko tenperatura 20,89 gradukoa izan zen uztailean. Eta, gainera, urteen poderioz joerak okerrera egingo duela iragarri du Copernicusek. Zentroak kaleratu duenez, El Niño fenomenoa dela eta, datozen hilabeteetan areagotu egingo dira tenperaturak.
Ibaiek ere nabarmen antzeman dute lehortea. Emariak batezbestekoa baino askoz urriagoak izan ziren lehortea jasan duten eskualdeetan. Sena, Rhin eta Danubio ibaiak izan ziren denetan kaltetuenak, eta horrek eragin zuzena izan du hainbat herrialdetako ur horniduran, ureztapenetan eta energia ekoizpenean.

Esate baterako, Errumaniak alerta egoera ezarri du abuztu osorako, uztaileko ur eskasiak energia eskasia eragin baitu. Horregatik, azken astean erreaktore nuklear bat itzali behar izan dute. Orain, agintariek gabarra batzuk hondoratu dituzte Danubioren itsasadar batean, ur emaria handitzeko, eta leherketa kontrolatuak ere egin behar izan dituzte Cernavodako zentral nuklearrera ur gehiago desbideratzen saiatzeko. Izan ere, zentral horretan herrialdeko kontsumo elektrikoaren %20 sortzen dute.
El Niño fenomenoarekin lotuta, ozeanoetako tenperatura handiak direla eta, AEB Ameriketako Estatu Batuetako, Txileko, Brasilgo, Afganistango, Indiako, Pakistango eta Txinako eremu batzuetan ohi baino prezipitazio gehiago erregistratu dituzte uztailean, eta uholdeak eta muturreko prezipitazioak ere izan dira. Afganistanen, adibidez, 29 lagun hil dira gutxienez, eta ehun baino gehiago izan dira Indian.
Itsas izotzari dagokionez, Artikoan eta Antartikan daukan hedadura neurtu du Copernicusek. Artikoan, itsas izotzak 2026ko uztailean hartutako hedadura inoizko txikienetan seigarrena da. Eta itsas izotzaren lodiera bereziki txikia izan zen Barents itsasoaren iparraldean.
Antartikan, berriz, inoizko txikienetan bosgarrena izan da itsas izotzak uztailean hartutako hedadura. Eta itsas izotzaren lodiera batezbestekoa baino txikiagoa izan zen Admundsen itsasoan ez beste eremu denetan.