AEBen asmoa Venezuelarentzat:  «Egonkortasuna, errekuperazioa eta trantsizioa»

AEBetako presidenteak Caracasi exijitu dio eteteko Txinarekin, Errusiarekin, Iranekin eta Kubarekin duen harremana. AEBetako armadak bi petroliontzi atzeman ditu.

Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentea, atzo, Caracasen, Maduro aske utz dezatela eskatzeko egindako ekitaldi batean. EFE
Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentea, atzo, Caracasen, Maduro aske utz dezatela eskatzeko egindako ekitaldi batean. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Julen Otaegi Leonet
2026ko urtarrilaren 7a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ameriketako Estatu Batuek beren nahietara makurrarazi nahi dute Venezuela. Delcy Rodriguezek Venezuelako jarduneko presidente kargua hartu zuen herenegun, baina ordurako Donald Trump AEBetako presidenteak iragarria zuen Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak, Pete Hegseth Gerra ministroak edo John Ratcliffe CIAko buruak gobernatuko dutela Venezuela. Horiek horrela, Rubiok jada jakinarazi du Washingtonek zer asmo duen Caracasentzat: «Egonkortasuna, errekuperazioa eta trantsizioa».

Estatu idazkariak prentsaurrekoa eman du gaur, eta hiru faseko plana iragarri du, ez baitute «kaosik» nahi. AEBek Venezuelako petrolioa jasotzen dutela ziurtatu nahi dute lehendabizi, eta Latinoamerikako herrialde horrek jasotako dirua «nola banatzen den kontrolatuko» dute, betiere herritarren «onura» kontuan izanda. Bigarren fasean, bermatu nahi dute AEBetako, Mendebaldeko eta bestelako herrialdeetako enpresek sarbidea dutela Venezuelako petrolioaren merkatura, sarbide «justua», Rubioren hitzetan; halaber, herrialdean «adiskidetze prozesuari» ekingo diote, besteak beste «oposizioko indarrak amnistiatu ditzaten» eta «gizarte zibila berreraikitzen has daitezen». Azkenik, «trantsizio fasea» aipatu du Rubiok: «Venezuelarren esku egongo da beren herrialdea eraldatzea».

Bestalde, Donald Trumpek Errusiarekin, Txinarekin, Iranekin eta Kubarekin dituen harremanak eteteko exijitu dio Caracasi. Etxe Zuriko iturriak aipatuz, AEBetako hedabideek kaleratu dute Trumpek Rodriguezi agindu diola, besteak beste, kanporatzeko herrialde horietako «espioiak» eta militarrak. Txinak «intimidazioa» erabiltzea leporatu dio Washingtoni.

AEBetako Estatu idazkariak Kongresuko zenbait ordezkari errepublikanorekin bilkura egin zuen atzo, ateak itxita. AEBetako hedabideek, iturri ofizialak aipatuz, kaleratu dute Rubiok jakinarazi ziela zein ziren Trumpek Venezuelako jarduneko presidenteari egindako eskariak, eta tartean dago Errusiarekin, Txinarekin, Iranekin eta Kubarekin duen harremana etetea. Halere, herrialde horietako hainbat diplomazialarik Venezuelan jarraitu ahal izango dutela ere zabaldu dute. Baina, Trumpen eskariei jaramon eginez gero, Venezuelak soilik AEBekin egin ahal izango ditu petrolio salerosketak.

Hori ikusirik, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek prentsaurrekoa eman du gaur, eta gogorarazi du Venezuela estatu subiranoa dela. Hortaz, haren esanetan, Caracasek erabaki beharko luke nola ustiatu bere baliabide naturalak, baita merkataritza harremanak norekin egin ere. AEBek presio egiteko «indarra lotsarik gabe erabili» dutela azpimarratu du Atzerri Ministerioko bozeramaileak, eta ohartarazi venezuelarren kalterako izango dela.

Delcy Rodriguez Maduroren presidenteordeak hartu zuen herenegun Venezuelako jarduneko presidentearen kargua. Chavismoak jarraitzea onartu du Etxe Zuriak, baina zenbait exijentzia egin dizkio. Horrela, Washingtonek negozioa egin nahi du Venezuelan, eta hango petrolioa ustiatzeko sarbide osoa eskatu du.

Trumpek jakinarazi du Venezuelako petrolioa ustiatzeko plan bat ontzen ari dela AEBetako Energia Departamentua. Euskal Herrian gaur goizaldea zela, Trumpek Truth Social bere sare sozialean zabaldu du Caracasek 30 eta 50 milioi petrolio upel artean emango dizkiela AEBei. Gehitu duenez, bera arduratuko da erregaiaren salmentak sortutako irabaziak kudeatzeaz, «Venezuelaren eta AEBen mesedetan erabiltzen direla ziurtatzeko».

Hain zuzen, BBC hedabideak kaleratu duenez, upel kopuru horren baliokidea da AEBek Venezuelako petroliontziei blokeoa ezarri zienetik ez atzera ez aurrera geratu den petrolio kantitatea. Azken asteetan, Washingtonek areagotu egin du Venezuela jatorri edo helburu duten petroliontzien ehiza. Gaur AEBetako armadak jakinarazi du blokeo hori hausten saiatzeagatik Bella 1 ontzia abordatu dutela. Hiru aste zeramatzaten ontzi horri segika. Ihesaldian zehar, izena aldatu zuen —Marinera da orain—, eta Panamako bandera kendu eta Errusiakoa jarri zuen.

Goizean, The Wall Street Journal egunkariak jakinarazi du Errusiak urpeko bat bidali duela itsasontzia eskoltatzera. Baina arratsaldean AEBetako soldaduek petroliontzia atzeman dute, Atlantikoaren iparraldean, Islandiatik hurbil. Errusiako Garraio Ministerioak Telegram bidez zabaldutako ohar batean esan du petroliontziaren esku hartzea «legez kanpokoa» izan dela. Ministerioak argudiatu zuenez, petroliontziak «Errusiaren banderapean nabigatzeko baimena» jaso zuen, Errusiako «legedian eta nazioarteko zuzenbidearen arauetan» oinarrituta. «Estatuek ez daukate eskubiderik beste estatu batzuen jurisdikzioetan behar bezala erregistratutako ontzien aurka indarra erabiltzeko», salatu dute oharrean.

Halaber, Sophia deituriko petroliontzia ere atzeman dute Karibe itsasoan, eta, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak prentsaurreko batean jakinarazi duenez, AEBetara eramango dute.

Trumpek Venezuelaren agintea berak duela adierazi izan badu ere, atzo Venezuelako jarduneko presidenteak ziurtatu zuen Venezuelako Gobernua ez dutela «atzerriko agenteek» kontrolatzen. Gainera, zazpi eguneko dolu nazionala ezarri zuen, AEBen erasoetan hildakoen omenez. Oraingoz, Venezuelako hedabideek 57 hildako izan zirela baieztatu dute: Kubako 32 militar, Venezuelako 23, eta bi zibil. Etxe Zuriko maizterrak Rodriguezi ohartarazi zion Maduroren moduan «edo okerrago» amaituko duela «ongi» jokatzen ez badu.

Corina Machado Venezuelako oposizioko buruak ohartarazi du Rodriguez ez dela politikari moderatu bat, eta «inork ez» duela konfiantzarik harengan. Baina AEBek haren agintea onartu dute, nahiz eta Etxe Zuriak oposizioko alderdia daukan Venezuelan 2024an egindako bozen garailetzat. Hauteskunde horiek izan ditu hizpide Machadok CBS News AEBetako hedabidean egindako elkarrizketan; esan du venezuelarrek jada erabaki dutela, eta bere alderdiak gidatu beharko lukeela herrialdea: «Prest gaude gure herrialdearen alde lan egiteko». Machado atzerrian dago, baita Edmundo Gonzalez oposizioko beste liderra ere. Datu ofizialen arabera, Madurok irabazi zituen 2024ko presidentetzarako bozak, botoen %51,2 eskuratuta. Oposizioak iruzurra salatu zuen, eta Gonzalez eta Machadoren alderdia jotzen dute garailetzat AEBek eta Europako zenbait herrialdek.

Diosdado Cabello, jomugan

Trumpek ez du Machadoren esku utzi Venezuelako Gobernua. AEBetako hedabideek kaleratutakoaren arabera, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak Etxe Zuriari gomendatu zion uzteko Rodriguezi boterea hartzen. Informazio horien arabera, chavismoak kontrolatzen ditu Venezuelako armada eta polizia indarrak, eta oposizioko alderdiak ez luke horretarako ahalmenik izango. 

Maduroren aurkako erasoak matxinadak eragin ditzakeela-eta kezkatuta dago Trumpen administrazioa. Horregatik, Caracasen jarrera hurbiletik zaintzen ari da. Gaur, Reuters berri agentziak, iturri ofizialak aipatuz, kaleratu du Washingtonek Diosdado Cabello Venezuelako Barne eta Justizia ministroari ohartarazi diola Maduroren patu bera izango duela AEBen asmoak oztopatzen baditu.

Diosdado Cabello Venezuelako Barne eta Justizia ministroa, atzo manifestarien artean, Caracasen. RONALD PEÑA / EFE
Diosdado Cabello Venezuelako Barne eta Justizia ministroa, atzo, manifestarien artean, Caracasen. RONALD PEÑA / EFE

Milaka herritar atera ziren atzo Caracasko kaleetara Maduro aska dezatela eskatzeko eta AEBen erasoa gaitzesteko. Haien artean zegoen Cabello, «zalantza egitea traizioa da» idatzia zuen kapela bat buruan. Chavismoaren ildo gogorrenekoa da, eta Maduroren eta Hugo Chavez presidente ohiaren (1999-2013) aliatu nagusietako bat izan da. AEBek uste dute Rodriguez baino oztopo handiagoa izango dela herrialdea beren nahietara gidatzeko. Horregatik, Reutersen arabera, AEBek gobernutik kendu nahiko lukete Cabello, baina horrek oposizio handia eragingo luke kalean. Gaur-gaurkoz, Cabellok karguan jarraitzen du, baina haren eta Vladimir Padrino Defentsa ministroaren jokabidea gertutik zaintzen ari da Etxe Zuria.

Soles kartela existitzen ote den

Maduro harrapatu eta haren aurkako epaiketa hasi ostean, AEBetako Justizia Departamentuak iritzia aldatu du: orain ez du uste Venezuelako presidentea Soles kartela izeneko erakunde «terroristaren» burua denik. Are gehiago, erakundea bere hartan existitzen denik ere ez du ziurtatu. Maduroren aurkako beste inputazio bat kaleratu zuen atzo departamentu horrek; hartan, ezabatu egin dituzte aurreko inputazioetan Soles kartelaren inguruan esaten zirenak. Fiskaltzak narkotrafikoa bultzatzea leporatzen dio Venezuelako presidenteari, baina jada ez du kartel hori erakunde terrorista gisa aipatzen, ezta Maduro horren burua denik ziurtatzen ere. «Klientelismo sare» gisa identifikatu dute orain Soles kartela.

Venezuelako Gobernuak AEBen «asmakizuntzat» jo izan du kartel hori, baina Etxe Zuriak Maduro inguratzeko eta haren aurkako operazio militarra justifikatzeko erabili du. Azaroan, Estatu Departamentuak atzerriko erakunde «terrorista» izendatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.