Rubiok iragarri du Danimarkarekin bilduko dela Groenlandiaz eztabaidatzeko

Datorren astean biltzekoak dira Washingtongo eta Kopenhageko ordezkariak. Etxe Zuriak ez du baztertu armada baliatzea Artikoko uharte hori anexionatzeko. Edozein ekintzari nola erantzun prestatzen ari da Europa.

Manifestari batzuk Kopenhagen, martxoan, Trumpek Groenlandia anexionatzeko asmoen aurkako protesta batean. NILS MEILVANG / EFE
Manifestari batzuk Kopenhagen, martxoan, Trumpek Groenlandia anexionatzeko asmoen aurkako protesta batean. NILS MEILVANG / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 7a
14:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak herrialdearen mugetatik kanpo esku hartzeko duen asmoak ez dio soilik Venezuelari eragiten. Aurrez ere esan izan du Groenlandia anexionatu asmo duela, eta azken egunetan berretsi du AEBentzat «beharrezkoa» dela Artikoko uharte hori hartzea. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak iragarri du Danimarkako ordezkariekin bilduko dela datorren astean, uharte horretaz eztabaidatzeko, baina ez du bilera horri buruzko xehetasunik eman. Trump «ez da Groenlandia nola eskuratu aztertu duen lehenbiziko AEBetako presidentea», esan du Rubiok gaur, prentsaurreko batean.

Etxe Zuriak ez du aukerarik baztertzen. Atzo kaleratutako ohar baten arabera, Groenlandia hartzeko hainbat bide aztertzen ari dira, eta armada baliatzea ere proposatu dute. Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak izenpetutako ohar horretan, adierazi dute AEBen segurtasun nazionalerako «lehentasunezkoa» dela Groenlandia anexionatzea, «etsaiek» ez dezaten Artikoan jardun. «Armada erabiltzea aukera bat da», zehaztu zuen Leavittek. Europako hainbat liderrek ohar bateratu bat kaleratu zuten Groenlandiaren subiranotasuna defendatzeko, eta, hain zuzen, Etxe Zuriak handik ordu gutxira egin zituen adierazpen horiek. Gaur, hori berretsi du estatu idazkariak: «Presidenteak AEBen segurtasun nazionalerako mehatxu bat antzematen badu, orduan aukera du militarki jarduteko».

Aurrez, Rubiok jakinarazi zuen Trumpen aholkulariak uhartea erosteko plan bat ontzen ari direla. Leavittek ere jakinarazi du aukera hori «aktiboki eztabaidatu» dutela presidenteak eta segurtasun nazionalerako taldeak. Prentsaurreko bat eman du gaur, eta, adierazi duenez, Trumpen arabera Groenlandia AEBen esku egoteak «eragotzi» egingo lieke Errusiari eta Txinari eraso egitea Artikoan.

57.000 biztanle inguruko uharte hori bereganatzeko argudio gisa, Etxe Zuriko maizterrak esan izan du Errusiako eta Txinako itsasontziak dabiltzala Groenlandiaren inguruan. Kopenhagek gezurtatu egin ditu adierazpen horiek, eta oroitarazi Danimarka NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide dela eta, beraz, Groenlandia ere bai.

Europa, erantzuna prestatzen

Gaur, Jean Noel Barrott Frantziako Atzerri ministroak France Inter irrati katean jakinarazi du Europako beste herrialde batzuekin batera neurriak prestatzen hasi direla, erantzun bat emateko AEBek Groenlandiaren aurka erabilitako edozein intimidazio motari.

Halaber, Alemaniako Gobernuko iturri bat aipatuz, Reuters berri agentziak kaleratu du Berlin Danimarkarekin eta Europako beste estatu batzuekin lanean ari dela Groenlandiaren auzian zer urrats egin zehazteko. Munduko uharterik handienak bere gobernua badu ere, lurraldea Danimarkaren menpe dago.

Barrottek gehitu du Trumpen asmoak geldiarazteko plan bat prestatzen ari direla, eta datozen egunetan aurkeztuko dietela Europako beste estatu batzuei: «Erantzuteko prest egon behar dugu, baina ez dugu bakarrik eman behar erantzuna». Halere, Frantziako Atzerri ministroaren arabera, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak ziurtatu dio Groenlandian ez dela gertatuko «Venezuelan gertatutakoa». 

Groenlandia Amerikaren eta Europaren artean dago. Kokapen estrategiko hori dela eta, AEBak aurrez ere saiatu dira uhartea bereganatzen. 1951n defentsa itun bat sinatu zuten Danimarkarekin, eta AEBetako armadak baimena lortu zuen uhartean aire indarretarako base bat eraikitzeko. Horrez gain, Groenlandiak baliabide natural ugari ditu, hala nola petrolioa, gasa, eta auto elektrikoak eta haize errotak eraikitzeko ezinbestekoak diren mineralak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.